Zaintza berriz ere erdigunean

Idoia-LuzuriagaIdoia Luzuriaga – Berdintasun aholkularia

Zaila da egunotan idatzi bat denboraren testuinguru egokian txertatzea. Esan nahi dut, egunero ditugula datu eta albiste berriak eta hortaz, gaur idazten dena, bihar, edo gero zaharkitua gelditzen da. Eta albiste zaparrada honen aurrean emozio jausia egunerokoa da ere bai, hortaz, egunean poza, atsekabea, amorrua, tristura, lasaitasuna… gizakiok egun berean denetik pasatzen dugula uste dut; niri behintzat hala gertatzen zait.

Egunak azkar, oso azkar joaten zaizkit; pentsamenduak eta sentimenduak ere bai. Baina bueno, izan dut gure eguneroko jarduerarekin, berdintasunarekin, eta egunotan gertatzen denarekin erreflexio puntu batzuk lotzeko aukera.

Gure egunerokoan, eta egoera honen aurretik, zaintza zen gure hitzaldi, saio, lanketa eta jardueraren gai nagusienetako bat. Zaintza lanak, zaintza jarduerak, nola banatzen ditugun, nola jorratzen ditugun, erantzukidetasunean duen garrantziaz, gure bizitzaren erdigunean jartzearen beharraz, eta egoera horrek are gehiago azpimarratu du hori guztia.

Ondare ukiezinak jarri ditu lehen mailan birusaren tsunamiak eta horien artean zaintza, berriro, erdigunean. Nork zaintzen du, nork zaintzan gaitu, eta nola baloratzen ditu gizarteak zaintza lan horiek? Nolakoak dira etxean ematen diren zaintza lanak? Noraino profesionalizatu daiteke zaintza? Ez al du zaintzak, arlo profesionalean ematen denean ere, gizadi arlo ukaezin bat? Zer egin dute hirugarren adinekoak zaintzen dituzten profesionalak egunotan, noraino eraman dute bere lana, bere ordutegiak eskatzen duenera arte edo askoz ere harago?

Zer azpimarratu dute alta emanda ospitaletik irten diren gaixoak sanitarioengandik, emandako sendagaiak edo jasotako berotasuna? Zer eskaini diote bizilagunek kalera irten ezin duen ate ondoko adinekoari? Ez al da argi geratu zer dagoen bizitzaren erdigunean?

Zaintza, zainduak izatearen beharra, zaintzaren garrantzia. Batzuk diote honen guztiaren ondoren birsortutako gizartea ezberdina izango dela; beste balio batzuekin … Ez dakit. Baina agian, hainbat gai errebisatzeko aukera dugu; nola jorratzen ditugun gizakiarentzat oinarrizko garrantzia duten gaiak, arlo pribatutik nola bizi ditugun, atal publikora nola daramatzagun; familiarteko antolakuntza, erantzukidetasuna, bizitzaren oinarrizko ekosistema, zainduak izateko dugun beharra, zaintzeko gaitasuna…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>