Deskargan

Axier-IriondoAxier Iriondo – Hizkuntza aholkularia

Urte batzuk badira agenda digitala erabiltzen hasi nintzela. Hasieran, jakineko hitzorduak apuntatzen nituen, gero zereginak ere bai eta, gaur egun, ia dena jasotzen dut. Burmuina agendan deskargatzen dut eta burua arin-arin ibiltzen naiz. Ezinbestekoa baino ez duen pendrive bat da nire garuna. Nonbait leitu nuen, gizakiaren bilakaeran hurrengo aldaera Homo sapiens non recordabor izango zela. Agian, mutatzen hasiak gara.

Agendan jasotzen ditudan zeregin gehienak oso-oso arinak dira. Itxialdiaren azkena izango omen den egunerako, ja badauzkat ohar batzuk: Autoa papeleran aparkatuta, autoko giltzak hautsontziaren ondoko kajoian, Deskargatik hamar minutu lehenago. Bezperarako ere hasi naiz oharrak jasotzen: Ziurtatu autoa badabilela, giltzak hautsontziaren ondoko kajoian, giltzak berriz hautsontziaren ondoko kajoian utzi.
Boteredunek erabili egiten dute gure oroitzeko gaitasun gero eta txikiagoa. Eskandaluak heldu orduko, bestelako gairen bat deskargatzen digute agintari troiatarrek. Horren adibide ezagunenetakoa da ETAren komodina deitu izan dena, eta COVID19k berak ere pertsonak adina eskandalu mantsotu eta hil ditu.

Garai honetan atera diren guztiak ahaztuko ditugu edo gogoratu ez, baina, garuna zimeldu digun horixe bera izan daiteke sendagaia. Nik, esaterako, azaroaren lehenengo asteko agendan idatzi ditut zenbait oroigarri.

Azaroaren 2an, gogoratu Itsasok eta Kepak izandako oztopoak, azaroaren 3an, gogoratu Confebasken jarrera azaroaren 4an,  Gogoratu Zaldibar, azaroaren 5ean ez ahaztu Espainiako Monarkia ustela dela, azaroaren 6an gutuna idatzi Josebari eta Mikeli, azaroaren 7an, Xabierri deitu, ea Errigorakoak iritsi diren eta azaroaren 8an gogoratu euskal estatu bat eraiki nahi dugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>