Jatorritik ekinda, balioei eutsi eta herria egin

Gaztaintxota_elkartea

Gure Zirkua Araman izan zen iaz. Egun haietan harreman polita sortu zen zirkuko eta herriko jendearen artean.

Duela sei urte sortu zuten Araman Gaztaintxota Elkartea. Euskara, kultura eta herrigintza oinarri hartuta egin du bidea.

Komunitateari loturiko balioak sakonagoak izan ohi dira herri txiki edo landa eremuetan. Balio horiei eustea ezinbestekoa da, garapen politikekin batera, metropolizazioaren fenomenoari aurre egiteko. Ez da erronka makala. Baina tokian tokiko errealitatetik, eta jatorritik ekinda, herria egiteko pausoak eman daitezkeela erakutsi dute Araman.

Gaztaintxota Kultur Elkartea Araman sortu eta aurkeztu zuen herritar talde batek2014. urteko udaberrian, «euskara, kultura eta herrigintza oinarri hartuta», Unai Galparsoro taldeko kideak gogoratu duenez. «Adin-tarte ezberdinetako jendeak» osatzen du kultur elkartea, «batzuk aurrez jada zinegotzi izandakoak, eta beste batzuk, berriz, udaletxetik pasa gabekoak». Baina gogorarazi du, atea irekita duela elkarteak: «Herritar orori zabalduta dago, eta kide gazte berriak erakartzea ere bada gure erronka, jada zahartzen hasita baikaude bertako kideak».

Hilabetean behin biltzen dira gutxienez Aramako udaletxeko liburutegian, baina esku artean duten agendaren arabera «maizago» ere biltzen dira. Bileretan, «5 edo 10 lagun inguru bildu» ohi dira, eta «okasioaren arabera eta bakoitzaren ahalmenaren arabera, ekimenak aurrera ateratzeko herritar gehiagoren laguntza ere izan ohi dugu, kasu bakoitzean dagoen beharraren arabera». Eta pertsona bakoitzak «bere ideia edo ekarpenak ekartzen ditu bilerara, eta bertan, denen artean forma ematen zaie ekimenei».

Betikoari eutsiz

g010_goiberriDuela sei urte elkarte berria sortu zutenean, «herrian urtez-urte errepikatzen ziren kultur ekitaldiak, herriko jaiak, aste kulturala, gabonetako ekintzak… antolatu eta dinamizatzea» izan zen helburua, eta bide batez, «jende gehiagora iristea ahalbidetuko zuten ekimen berriak antolatzea eta gauzatzea baita ere». Beti ere, «herritarren parte-hartzea bultzatuz eta herriari bizitza emateko helburuarekin». Beste funtzio garrantzitsu bat ere badu elkarteak, eta hala nabarmendu du Galparsorok: «Udal-taldeari laguntza eman eta lan-karga arintzea».

Urteak aurrera, helburuak «betikoa izaten jarraitzen du, herrian kultur ekimen berriak sortzen jarraitzea, herria bizirik mantentzea eta ahalik eta herritar gehienera iristea». Kontutan izanda Arama Goierriko herri txikienetako bat dela, jendea herrian geratzeko irtenbide bat ematen saiatzen dira: «Lan hori ez da erraza 200 biztanleko herri batean, jendeak aldameneko herri handiagoetara jotzeko ohitura duenean».

Atzera begira jarri eta sei urteko ibilaldi hontan antolatutako denetariko ekitaldiak ekarri ditu gogora Galparsorok: «Bertso-afariak, mendi-irteerak, azoka ekologikoa, kantu-bazkariak, artisau garagardo dastaketak, kontzertuak, magoak, pailazoen emanaldiak, pala-txapeleta, zine-kluba…».

Azken urtean antolatutakoen artean, pertsonak eta haien ongizatea erdigunean jartzen dituzten bi ekimeni azpimarra egin die Gaztaintxotako kideak. «Elkartasun Zaporeak egitasmoaren baitan, Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuentzat arropa eta janari bilketa antolatu genuen, Zaporeak erakundearen laguntzarekin». Gabonetan izan zen hori. Egun horietan baita ere, kantu-eskean lortutako dirua, 1.000 euro, Aspanogi elkarteari bideratu zioten.

Urtetik urtera, berritasunak ere sartu dituzte, azkenetakoa, zine-kluba izan da. «Jatorrizko bertsioko pelikulak proiektatzen ditugu euskarazko azpitituluekin hilean behin, Filmazpit programari esker».

Zirkuaren bisita

Baina ekitaldi guztien «ikusgarriena eta jendetsuena», iazko Gure Zirkua-arena izan zen. «2018. urte hasieran jarri ginen Iker Galartzarekin harremanetan Aramara zirkua ekartzeko gonbitea egiteko, baina jada birako herri guztiak itxita zituzten eta gure aukera baztertuta geratu zen». Gaia alboratuta zutela, ustekabeko polita hartu zuten. «Gure sorpresa izan zen iazko urrian Ikerren dei bat jaso genuenean, Gure Zirkua-ren birari  amaiera emateko Arama proposatuz».

Karparen eta karabanen kokapenazehazteko «nahikoa lan» izan zuten, eta «kostata» izan bazen ere, azkenean  parkearen aldamenean jartzea erabaki zuten. Zirkuak zenbat jende ekarriko zuen aurrikusi eta erronka horri aurre egiteko, frontoian taberna bat jartzea erabaki zuten, etorri behar zen jendetzari eta zirkuko langileei jan eta edateko zerbitzua emateko. Eta era berean, aparkaleku arazoei aurre egiteko, trafikoa zuzentzeko jendea mobilizatzea ere erabaki zuten. Deialdia egin eta erantzuna bikaina izan zen: «40 lagunetik gora apuntatu ziren tabernan eta trafikoan lan egiteko».

Urriaren 25ean hasi eta azaroaren 3ra arte, «14 emanaldi, eta ia 4.000 pertsona» gerturatu ziren Aramara. Oroitzapen politak datozkio burura Galparsorori: «Giro ezin hobea sortu zen zirkuko langile eta herritarren artean. Horren adibide da, azken egunean antolatu genuen bazkaria».

Orain, munduaren martxa eten bada ere, etorriko dira herritik eta herriarentzat lan egiten jarraitzeko garai hobeak. Bere txikitasunean handi, Gaztaintxota Elkarteak herri nortasun propioa eraikitzearen aldeko bidean lanean segiko du aurrerantzean ere, nekaezin.

Gaztaintxota, mendian gora gaztaina bat

Gaztaintxota Elkartearen ikurrak badu istorio bat. 2014 urteko irailean, Kultur Astearen barruan, kultur elkartearen irudia izango zenaren logotipo lehiaketa antolatu zuten. Herritarrek hartu zuten erabakia: Unanue-Aranburu familikoen logoa izan zen bozka gehien jaso zuena.

Logotipoak Arama eta Gaintza udalerriak banatzen dituen menditxoaren izena irudikatzen du, Gaztaintxota; eta horrez gain,  Araman gaztainak izan duen garrantziari ere erreferentzia egiten dio. Izan ere, gaztaina-leku oparoa izan da Arama. Bitxikeria moduan, datu bat: 1784an, 4.467 gaztainondo zeuden; 1928ko fruta arbolen udal zentsuaren arabera, 11.028.

Biak uztartu eta hortik sortu zen irudia: Gaztaina , pertsonaia alai bihurtuta, Gaztaintxota mendian gora doa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>