«Euskaraz kantatuko dela ez daukat inongo zalantzarik»

OLYMPUS DIGITAL CAMERA‘Zergatik kantatu euskaraz?’ lanaren egilea da Lander Muñagorri kazetari ordiziarra. Euskaraz kantatzeko hautuaren atzean dauden arrazoiak aztertu ditu lan horretan, eta azken urteetan euskal musikagintzan hizkuntzari dagozkion aldaketak ere izan ditu aztergai.

‘Zergatik kantatu euskaraz?’ lana egin duzu. Zer dela eta hasi zinen?
Aurreko ikasturtean Hizkuntza Plangintza Graduondokoa egin dut, eta proiektu bat egin behar genuen amaierako proiektu bezala. Nire gustuko eremura eramaten saiatu nintzen. Musikazalea banaiz eta azken urteetan bazegoen kezka, edo behintzat aipatzen zen bazegoela egoera bat euskaraz kantatzearen diskurtsoaren inguruan. Euskaraz kantatzen da, baina arrazoietan aldaketa bat zegoela esaten zen. Kontzientziaren kontua asko aipatzen zen, eta soziolinguistika graduondoan ere aipatzen zenez eremu horretara bideratzea erabaki nuen.

Euskaraz abesteko hautuaren atzean diskurtso aldaketa dagoela esaten duzunean, zer esan nahi duzu?
Teoria soziolinguistikoak aztertu ditut lehenik eta behin, eta hizkuntza hautua zerk eraginda bideratzen den. Aurreko hamarkadetan euskaraz abesterakoan hizkuntza biziberritzeko-edo egin da, euskaraz abestu nahi eta behar horretaz oso kontziente ziren. Azkeneko urteetan, berriz, musikari batzuen artean entzun da haiek ez dutela zein hizkuntzatan abestu aukeratzen, naturaltasunez erabakitzen dutela edo berdin diela.
Hori esan nahi nuen, akaso aldatzen ari dela, eta hori aztertu nahi nuen. Horretarako hiru musikarirekin hitz egin dut. Erreferente izan daitezkeen hiru aukeratu ditut, haien diskurtsoa gehiago iritsi daitekeelako jendearengana.

Hiru hizkuntza ezberdinetan abesten duten abeslariak elkarrizketatu dituzu. Haiek zehazki aukeratu zenituen?
Huntza taldeko Josune Arakistain, En Tol Sarmientoko Iñigo Etxezarreta eta Izaro Andres. Galbahe bat jarri nuen, 2010eko hamarkadan 30 urte baino gutxiago izan behar zuten, 2010eko hamarkadan ere lehenengo diskoa argitaratu izana eta disko horretan abesti bat gutxienez euskaraz izan behar zen.
Nahiko ezagunak izan zitezen nahi nuen. Galbahe hori pasata, eremu soziolinguistiko desberdinetakoak izatea ere nahi nuen.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

«Eremu soziolinguistikoak eragin dezake, baina azkeneko hautua musikariak edo abeslariak egiten du»

«Diskurtso aldaketa bat dago, eta hori gertatu da 90eko hamarkadako hondarretatik etorri diren musikariengan. Diskurtso horrek hurrengo belaunaldian zer eragin dezaken ikusi beharko da»

Zer eragin dauka eremu soziolinguistikoak talde edo abeslari baten hizkuntza hautuan?
Hizkuntza hautua egiterakoan zure inguruak eragiten du. Gainera, hiru kasu hauetan kontzientzia aldetik du eragina. Josune Arakistainek aipatzen zuen ingurune euskalduna zuela eta inguruari kantatu nahi ziola, berak ez zuela hizkuntza aukeratu, baina pentsatu gabe hasi zela euskaraz kantatzen.
Izaroren kasuan ere, ingurunea euskalduna da, baina berak esaten du hauturik ez duela egiten, hizkuntzak bera aukeratzen duela berak aukeratu baino.
Kontzientzia nabarmendu dut, Iñigo Etxezarreta euskaldun bakarra delako En Tol Sarmientoko taldekideen artean, eta berak erabaki zuen euskaraz kantatu nahi zuela abestiren bat.  Etxezarretaren kasuan ikusten da haren normalitatearen aurka doala. Etxezarretak berak aipatzen zidan lehenengo disko horretan abestiren bat euskaraz nahi zuela, eta taldekideek esaten ziotela euskara ez zegoela presente haien errealitatean, harritu egiten zirela.
Eremu soziolinguistikoak eragin dezake, baina azkeneko hautua musikariak edo abeslariak egiten du.

50 urtetako hautuaren bilakaera aztertu duzu. Zertan desberdintzen dira 70eko eta 2010eko hamarkadak?
90eko hamarkada hartuko nuke egungo egoerarekin alderatzeko. 70eko hamarkadan bazegoen beste testuinguru bat, politikoagoa zena, euskal kultura jazarria zegoen eta berpizkunde bat egon zen. Giro horretan, euskaraz abestu zen gehienbat, eta oso kontzienteki egiten zen, helburu batekin, berreskurapenerako giltza izan zitekeelako.
80ko hamarkadan euskaraz abesteko erabaki horrek beherakada izan zuen, punk mugimenduan batez ere gazteleraz abestu zutelako. Hamarkada bukaeran Kortatuk hizkuntza aldaketa egin zuen, azkeneko diskoa euskaraz abestu zuelako. Askok giltzarri jotzen dute Kortaturen azken disko hori. Musika estilo horretako taldeetan ere eragina izan zuen. Ordura arte, euskara kantautoreen hizkuntza gisa zegoen ikusita. Bazeuden Zarama, Hertzainak…baina Kortaturena izan zen giltza.

Gaur egungo egoera 90eko hamarkadarekin alderatzeko aipatu duzu. Zer gertatu zen 90eko hamarkadan?
90eko hamarkada hasieran Kortatu desegin eta Negu Gorriak taldea sortu zuten Muguruza anaiek. Euskararen erabilera oso markatua izan zen. Euskaraz kantatzea erabaki zuten hasiera batetik. Jon Andoni Del Amok dioen bezala, hizkuntza bat musika estilo batekin lotu zuten, rock gogorrari eta ideologia eta jarrera politiko bati ere lotuta.
80ko hamarkadan ez zen hainbestekoa izan, 90eko hamarkadan eztanda bat izan zen. Horregatik konparatzeko hobea da. 2000ko hamarkada hasieran ere bazegoen eragin bat.
Orain, ordea, aztertu ditudan kasuen artean, jarrera horrek esango nuke En Tol Sarmienton izan duela eragina soilik. Beste bietan jarrera hori lausotuago dago. Izan daiteke egoera politikoa aldatu dela, baina hori beste ikerketa ildo bat izango litzateke.

Nola ikusten duzu hizkuntza hautuaren garapena edo euskaraz egindako musikagintza etorkizunari begira?
Euskaraz kantatuko dela ez daukat inongo zalantzarik. Gaur egun, batez ere Euskal Herrian dauden taldeek eta argitaratzaileek euskaraz egiten dute, behintzat erdia euskaraz da.
Dena den, ikerketan aipatzen dut, zalantza sortzen didan kontu bat, akaso, hurrengo belaunaldia izango litzateke. Diskurtso aldaketa bat dago, eta hori gertatu da 90eko hamarkadako hondarretatik etorri diren musikariengan. Gaur egungo diskurtso horrek hurrengo belaunaldian zer eragin izan dezake? Hori ikusi beharko da, zer diskurtso sortzen diren aurrerago.
Bitxia da. Hiru musikari elkarrizketatu ditut, eta bik esaten dute ez dutela hizkuntza hauturik egin edo naturaltasunez kantatzen dutela. Izarok eta Josune Arakistainek. Bakoitzaren diskurtsoa desberdina da, baina biek oso presente dute aurreko belaunaldietako musikariek esfortzu bat egin zutela. Eta jakitun dira eragina izan dezaketela, eta halere ez dute hizkuntza hauturik egiten. Ez dago kontzienteki egindako hautu hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>