Afektua ezin da bakartu

Harreman_afektiboak

Gizakia izaki soziala denez behar beharrezkoak ditu harremak afektiboak. Koronabirusaren hedapena galarazteko ezarritako urruntze neurriek, ordea, oztopatu egiten dituzte besarkadak, laztanak, musuak… «Oreka bilatu behar da», dio Berastegik.

Gizakiak uko egin behar izan die harreman afektiboei koronabirusaren hedapena geldiarazteko. Hau da, birusaren transmisio katea apurtzeko gizakiari bakartzea beste erremediorik ez zaio gelditu. Baina, izaki sozialak direnez, euren izaeraren aurkako neurria da: «Gizakiontzat ezinbestekoa da elkarren arteko kontaktua», nabarmendu du Olatz Berastegi Loiolak, Harremanak elkarteko sexologoak eta psikoterapeutak. «Osasunak elementu asko ditu eta alde bat bermatzeko ezin ditugu besteak ahaztu. Oreka bat egon behar da. Egia da koronabirusa hor dagoela eta bere arriskuak ekiditeko neurri batzuk hartu behar direla –eskuak garbitu, distantziak mantendu…– baina ez ditugu alboratu behar osasun mentala eta afektiboa», osatu du Berastegik.

Itxialdia asko luzatzen bada kaltegarria izan daiteke. Horregatik, apurka- apurka bada ere osasun arduradunak eta agintariak hasi dira neurriak arintzen, baina aspaldian ikusi gabeko lagunekin topo egitean ezin dira besarkatu. Gizarte–urruntzearen neurriek luze joko dutela dirudi. «Gorputz sozialak gara eta elkarren arteko harremanak oinarrizkoak dira. Harreman afektiboak esaten dugunean ez gara sexu harremanetara eta genitaletara mugatu behar. Bikote harremanetatik kanpo beste harreman asko ditugu eta horiek behar-beharrezkoak ditugu».

«Uler dezaket jendea ezkorra izatea, baina gure gorputzak begiradak, laztanak, musuak…
behar ditu»
«Sare sozialekin izango zuten kontaktua. Eta norberak bakarrik ere goza dezake bere gorputzarekin»
Olatz Berastegi Loiola, sexologoa eta psikoterapeuta

Iraganeko kontuak bilakatuko ote dira? «Ez litzaidake gustatuko beldurrak irabazi gaituela pentsatzea. Uler dezaket jendea ezkorra izatea, baina gure gorputzak begiradak, besarkadak, laztanak… behar ditu. Neurriak hartu behar ditugu arriskuan jarri gabe behar horiek asetzeko». Horretarako, «ongi informatuak egon behar gara. Baina, ez datuen inguruan, baizik eta zer den osasuna. Bakoitzak erabaki behar du bere bizitza eta bere osasuna nola nahi duen kudeatu». Halere, sexologoak argi utzi nahi du bera ez dela gaixotasun birikoetan aditua eta ezin duela esan zer egin behar den eta zer ez.  Gainera, zaila da aurreikustea etorkizunean herramanak aldatu egingo ote diren. «Etorkizunean bakartiagoak izango garenik baieztatzera ez naiz ausartzen», babestu da Berastegi. Oraindik azkarregi da gaixotasunak eragin ditzakeen ondorioak aztertzeko, baina argi du beldurraren kudeaketa egokia egin behar dela. «Bide berriak topatu beharko dira harreman berriak egiteko». Smartme Analytics etxearen ikerketa baten arabera, azken bi hilabeteetan hemezortzi eta 35 urte bitarteko gazteen artean ia bikoiztu egin da ligatzeko Tinder aplikazioaren erabilera, %52 hazi da Badoo eta %24 Grindr. Gainera, hiru aplikazioetan luzatu  da elkarrizketen iraupena; aldiz, 35 urtetik gorako erabiltzaileen interakzioak nabarmen jaitsi dira. «Ez dut argi gero aurrez aurre nola elkartuko diren, baina mugikorrak era eraginkorrak izan daitezke jende berria ezagutzeko».

Nerabeak, gogo biziz

Koronabirusak zenbat amodio istorio bilakatu ote ditu ezinezko: bikotearen bi erdiak etxe banatan bakarturik maitalea ikusi gabe. «Nerabeek beraien momentu intimoak izatea zailagoa dute. Gainera, beraien harremanak eta hormonak pil–pilean daude eta desira handia dute. Baina teknologia berriekin oso ohituak daude eta horrek ihesbide bat ematen die: sare sozialekin izango zuten elkarren arteko kontaktua, eta norberak bakarrik ere goza dezake bere gorputzarekin». Amazonen Satisfayerra itxialdiko produkturik salduenetako bat izan da, eta sexting-a –sare sozialez bidez bakoitzaren irudi erotikoak elkarbanatzea– ohiko jarduera bilakatu da. Adituek jarduera sexual hori kontu handiarekin egiteko azpimarratzen dute, irudien kontrola galtzea oso erraza delako. Kontuak kontu momentu intimoak behar dira, baina etxean asko egonda zailak dira halako tarteak topatzea. Baita helduentzat ere: «Egoera ekonomikoak, etxebizitzaren egiturak, egoera emozionalak… eragin zuzena du gure harremanetan. Batzuk ongi jasango zuten horrenbeste ordu elkarren alboan, eta beste batzuri estresa sortuko zitzaien. Bakoitzak bere egoera du eta ez da orokortu behar». «Gaizki pasa badugu ez diogu gure buruari bota behar errua. Batzuen bizi baldintzak ez dira errazak, eta halako egoeran, are zailagoa da».

Kalea arnasa hartzeko aprobetxatu dezakete etxean itota sentitzen diren guztiek. «Gizarteak kalea zapaltzeko beharra zuen. Aukera eman diguten lehen segundoan irten gara. Haizea behar dugu, mugitu, interaktuatu. Horrek estresa arinduko du ziur, baina ikusi egin beharko da koronabirusari dagokionez zer ondorio ekarriko dituen». Kalearen beste funtzioetako bat sozializatzea da. Ohikoak bilakatu dira bidearen alde banatatik oihuka egiten diren agur nahi baino laburragoak eta 20:00etako txaloen ostean bizi lagunen arteko hitz-aspertuak. Berandu baina lehen, itzuliko dira hurbileko harremanak.

Adinekoek ere behar dute berotasuna

AdinekoakBizi erritmo itogarri honetan zaintza lanetarako asti askorik ez du izaten jendeak. Hala, senitartekoren bat zahartzean eta bere kabuz zaintzeko gai ez denean, sarri, hirugarren pertsona ezezagun bat kontratatzen da lan horiek egiteko, edo zahar etxeren bateren esku uzten da. Ondorioz, adineko jende askoren artean bakardade sentsazioa nagusitzen da, are gehiago koronabirusaren ondorioz bisitak jaso ezin dituztenean. «Hori ez da aitzakia bat gure adinekoengandik hurbil ez egoteko. Telefonoa eskura dugu eta geroz eta gehiagok dakite sare sozialak erabiltzen. Eta pentsatzen dut hurbil dauden senitartekoak joango zirela aitona–amonak bisitatzera. Begirada bat nahikoa da bakardade sentsazioa murrizteko», azpimarratu du Harremanak taldeko lankideak. «Adinekoak arrisku taldekoak dira, baina neurriak zainduta ez dago arriskurik».

Berastegik nahiko luke guzti honetatik gizarteak elkarren arteko harremanak zaintzen ikasiko balu. «Ea normaltasun berria deitu dioten horretan zaintza lanak erdian jartzen ditugun. Zaintza eremu zabalean esan nahi dut. Lana eta gizartearen antolamendua goitik behera aldatu behar da bizitzak erdigunean jarri eta elkar zaintzeko. Gure harremanak hobetzea eskatuko digu horrek. Nora joko dugun? Ez dakit. Hau nire hausnarketa pertsonala da, gainerakoek zer nahi duten ez dakit. Baina ederra litzateke», borobildu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>