«Guztiok ez dauzkagu baliabide berdinak»

Alaitz-Miren-Arratibel

Alaitz eta Miren Arratibel  (Ezkio, 2000) Zientzia Politikoetako eta Soziologiako graduako ikasleak dira Bilbon. Bi urtez aritu dira fakultateko asanbladan eta iaztik UIB-n (Unibertsitateko Indar Batasuna) daramate haien jarduna.

Zein egoeratan zaudete unibertsitateko ikasleak?
Covid-19ak hezkuntza arloan hainbat aldaketa egitera behartu gaitu; aurrez aurreko irakaskuntza eten egin da eta, ondorioz, ebaluazio irizpideak ere egokitu egin behar izan dira. Hala ere, EHUk ustezko erremedioak jarri dituela pentsatzen badu ere (bideo konferentzia bidezko klaseak emateko gela plataforma prestatzea), ez dituzte errealki ikasleon beharrak asetzen. Kontrara, zama handiagoa ezarri zaigula uste dugu, gure gain utziz ikasturtea gainditzeko bete behar ditugun eskakizunen ardura, zeinak ez doazen bat ez-ohikoa den egoera honekin. Nabaria da irakasteko modu berri honek internetari dion dependentzia, eta maiz ahaztu egiten zaigu guztiek baliabide berdinak ez dauzkagula, hau da, internetik edota ordenagailurik eduki ezean salduta gaudela. Esaterako, askotan, klaseak jarraitzeko zailtasun teknikoak izaten ditugu ikasleek zein irakasleek. Arazo horiek topatzen ditugu online bidezko klaseak ematen badizkigute, baina beste hainbat ukatu egin dira, eta ez dugu ikasgaiari buruzko azalpenik jasotzen. Orduan, presentazio eta bestelako materialen bidez gure kabuz lantzea eskatzen zaigu.

Nolako beharrak dituzue ikasketa akademikoei dagokionez?
Eurek jarritako helburuetara iristea nahi badute, prozesu horretan sortzen zaizkigun beharrak asetzen dizkiguten baliabideak jasotzea beharrezkoa da. Eskatzen digutena eta jasotzen duguna orekatua izan behar dela irizten dugu. Beraz, gure beharra, ikasleriak ahalik eta kalte gutxien jasan ditzan, ondo irakasteko ahalik eta baliabide gehien jartzea da eta ebaluazio irizpide zein baldintza orokorrak ezohiko egoerara moldatzea.

Zertan datza UIBko dinamika berriak?
UIBk, Ikasleen Babes Sarearen bidez, unibertsitateko langile sektoreen interesak babestu eta hauen bizi baldintzak hobetzera bidean, ikasketekin arazoak dituzten ikasleei laguntzeko paper garrantzitsua jokatu duela uste dugu beste behin. Unibertsitateko langile sektoreen bateragune izateko sortu zen UIB, denon batasunaz gure interesak defendatzeko asmoz. Izan ere, behin eta berriro ikusi dugu unibertsitateko ikasle, ikerlari, garbitzaile eta abarrak nola izan garen zapalduak. Hala, ikasturtean zehar hainbat borroka eraman ditugu aurrera (garbitzaileek euren baldintzak hobetzeko asmoz egindako greban parte hartzea, Arte Ederretako ikasleek beharrezkoa duten materialaren kostua murriztea, Odontologiako ikasleak gehienbat euskarazko klaseetan dituzten baldintza negargarriak salatzea…).
Orain, Covid-19ak sortu duen larrialdi egoera honetan, aipatu bezala, UIBk Ikasle Babes Sarea sortu du. Beraz, baliabideen kolektibizazioaren bidez, honako bi dinamika desberdin jarri ditugu martxan: apunteen sarea eta ikasketa-laguntza. Lehena, bigarren hezkuntza zein unibertsitateko apunteen bilketan oinarritzen da.
Apunte horiek eskuragarri ditu edonork MEGA.nz sarean Unibertsitateko Indar Batasuna helbidean (banku honetara ekarpenen bat egin nahi izanez gero, uibnazionala@gmail.com korreora bidali daiteke). Bigarrena, batez ere, bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago (DBH eta Batxilergoa), baina unibertsitateko ikasleek ere erabili dezakegu (lehen bi mailatakoek batez ere). Ikasketa-laguntza nahi izanez gero, sarearen parte garen kideetako bat zuen arazoak konpontzen saiatuko da nahi duzuen kanalaren bidez: Skype, Hangouts, korreoz edo telefonoz (688646697).  Interneteko konexio edo gailurik ez bada, babes sareko kideren bat gertu bizi den egiaztatzen dugu.

Nola ikusten duzue etorkizun hurbila?
Iluna, zalantzarik gabe. Krisi gogor baten atarian gaudela bistan da, eta halakoetan gertatu ohi denez, langileriaren gain eroriko da zamarik handiena. Gizartearen esparru guztietan nabarituko da hau. Hezkuntzan jada ikus dezakegu: unibertsitateak bere ospea mantendu dezan ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen du, aurrera eginez itsu-itsuan. Jarrera horren ondorioak ikasleok ari gara sufritzen, behar bezalako prestakuntzarik gabe egin beharko diegulako aurre azterketei, eta horrek eragin handia izan dezake ikasle langileongan: berriz ordaindu beharreko matrikulak, ikasketak luzatzea eta gastuak biderkatzea… Familia askotan horrek izan dezakeen eragina kontuan izatekoa da. UIBk martxan jarritako dinamikak horri erantzuten dio azken batean, datozen hilabeteetan ikasleon zama arintzeari. Egun bezalaxe, aurrerantzean ere gizarteko esparru guztietan antolakuntza eta borroka izango dira aurrera egiteko bidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>