Jaietako tradizioa

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Xabier Iraola eta kuadrillakoak mozorrotuta, 2011. urteko Azintzio jaietan, Eva Nasarreren aerobic klaseak irudikatzen.

Xabier Iraola Agirrezabala (Legorreta)

Aurten ez da Azintzio jairik ez Korpusaren Egunik ospatuko Legorretan. Festak, ohartu gabe bada ere, tradizioaren oinarri dira, nahiz eta garai, bizimodu eta gizarte ohituren arabera aldaketak ere bizi behar izaten dituzten.

Gure etxean ez zegoen sukaldeko egutegia begiratu beharrik Azintzioak, Herriko jaiak iristear zeudela antzemateko. Gure ama zenak, etxe osoa hankaz gora jartzen zuen, altzariak argizaritu eta etxeko balkoiak, loreontziak, jardineko hesia… margotuz; hori bai, aurreko urteko margo geruzaren gainean, eta azkenean, ateak zabaltzeko komeriatan. Ez zen, gure etxeko ohitura bakarrik, auzoko ohitura baizik. Bata bestearen atzetik gauzatzen zuten erritua. Tamalez, edo zorionez, galdutako ohitura.

Orduko jaietan, egun handia Azintzio eguna izan ohi zen. Osteguna izan arren, egutegian gorriz azaltzen zen jaietako bat, eta orduan, familia osoa elkartzen ginen urtean zehar itxita egoten zen komedorean, osaba-izebekin bazkaltzera. Oraindik gogoan dut nola etortzen zen Donostiako izeba, Kattalin, opari gisara kafea eta melokotoi potea nola ekartzen zituela.

Herriko jaiak, bai Legorretan bai edozein herritan, usadioz eta tradizioz betetako egitarauan biltzen dira, urtea joan eta urtea etorri, berdintsu. Sarritan, errepikapenagatik jarduten gara gaizki esaka, berrikuntza ezak, jaien garrantzia falta ondorioztatuko lukeenaren ustean, ohartu gabe, tradizioaren oinarria hori dela, urteetako errepikapena. Urtero egitaraua goitik behera aldatuko balitz, ez bailitzateke tradiziorik izango.

Gaur egun ordea, Azintzio egutegiko egun beltz bat gehiago besterik ez da eta honenbestez, herrikoentzat bakarrik da festa. Herritar gehienok, herritik kanpo lan egiten dugunez, egun nagusia larunbata bilakatu da; batetik, jendea parrandarako prestuago agertzen delako eta bestetik, egitaraua anitzagoa izaten delako.

Mozorroaren tradizioa kuadrillan

Gurean, eta orain gure kuadrillaz ari naiz, mozorroak dira herriko jaietako muina, eta normalean, azken unerako uzten badugu ere, urtero, parranda eta musika uztartzen dituen mozorroa hautatzen dugu, erridikulua egiteko beldurrik gabe. Egun borobila izaten da, eta lehen esan dudan bezala, urtero berdintsu egiten dugunez, gure larunbatak ere badu bere tradizio propioa (hamaiketakoa, garajeko azken ikutuak, azken uneko matxurak…), baina nire ustean, larunbata bera baino askoz politagoak izan ohi dira azken asteetako bilerak eta entsaioak, kuadrillako bakoitzak bete beharreko papera aukeratuz, automobila prestatu, musika hautatu eta nola ez, entsaio inguruko meriendatxoak.

Gure amak, bere erritua zuen bezala, gure kuadrillak ere bere erritu propioa du. Tamalez, aurtengoan, ditxosozko birusaren ondorioz, ez ditugu Azintzioak ospatuko, ez eta Korpusaren jaia. Hala ere, intimitatean bada ere, topatuko dugu bai Azintzioa bai Korpusa ospatzeko parada.

Ea datorren urtean, sikiera birusaz mozorrotzeko umorearekin gauden!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>