«Ez dakit mugitua den hitza, gauza berriak ikastea gustatzen zait»

Iban_Toledo(1)

Iban Toledok (Ordizia, 1978) bi hamarkada baino gehiago  egin ditu ikus-entzunezkoen  munduan lanean. Telebistako albistegietako errealizadore gisa hasi zen. Kameralari eta dokumentaletako zuzendari ondoren. Momentu honetan, ‘Bolante baten historia’ dokumentala prestatzen ari da eta crowdfunding kanpaina bat du martxan.

Nondik datorkizu afizio eta ofizio duzun hau?
Komunikazio mintegi bat egin nuen 16-17 urterekin. Kuriosidadea nuelako egin nuen eta asko gustatu zitzaidan. Hortik abiatu zen afizioa eta ondoren ofizioa izan dudana.

Lan ibilbidea non hasi zenuen?
Ikasketak bukatu eta Arrasate Telebistan egin nituen praktikak. Garai hartan, nahiago nuen telebista handiago batera joan, baina egia esan, oso ondo etorri zitzaidan herri telebista batetik pasatzea. Bigarren egunean, garai hartako Betacam SP batekin ibili nintzen. Telebista handiagoetan praktikak egitera joan ziren lagun askok ez zuten horrelako bat ukitu. Herri telebista txiki bat izanda, lan asko eta diru gutxi, beraz beharrak ikastera behartzen zaitu.
Praktikak bukatu eta lanpostu bat zegoen han bertan. Proba gainditu eta eta hantxe geratu nintzen.
Urte batzuk beranduago, Arrasate Telebista, Debagoiena eskualdeko komunikabideekin batu eta Goiena proiektua jarri zuten martxan. Goiena Telebistan kameralari lanetan jarraitu nuen eta zenbait programa errealizatzen ere aritu nintzen.
Digitalizazio garaia iritsi zenean,  sistema ezagutzen nuenez, eguerdiko  informatiboak errealizatzen jarri ninduten, besteak beste. Edizio lanak egiten nituen. Informatiboetako estres horrek nekatuta, juxtu momentu hartan, dokumental saio berri batzuk hasi ziren egiten Goienan. Erreportajeak egiten zituzten. Nik ere lan hura gustura hartuko nuela eta nire burua proposatu nuen. Kameralari lanak, edizioa eta errealizazioa egiten nituen,  oso gustura egon nintzen.

Telebistaz aparte ere egin zenituen hainbat lan.
Lan jardunetik kanpo, RIP taldearen kontzertuak grabatzen aritu nintzen, eskenatokietara bueltatu ziren garaiaz ari naiz. Gustuko izan dut talde hori. Iker Barandiaranekin batera ibili nintzen, arrasatearra, musikazale amorratua, gaztetxeen mugimenduan asko ibilitakoa eta gaur egun, oraindik, Arrasaten kultur ostegunak antolatzen ibiltzen da. Barandiaranekin hitz egiten, dokumental bat egiteko material nahikoa bageneukala pentsatu, Rip-ekoengana jo, proposamena bota  eta haien onespenarekin, aurrera egin genuen. DVD bat atera genuen eta harekin batera, ordura arte argirik ikusi ez zuten zenbait abestirekin osatutako disko bat. Telebistaz aparte egin nuen lehen lana izan zen hura.
Ondoren Arteman komunikazio enpresa sortu zuten eta hantxe hasi nintzen, bideo korporatiboak, dokumentalak eta horrelakoak egiten. 2.006. urtean izango zen hori.

Duela urte batzuk ibilbide berri bati ekin zenion.
Bai, 2015ean, asko kostata hartutako erabakia izan bazen ere, Arrasate inguru hartan lagun asko uzten nituelako, nire kabuz hasi nintzen lanean. Hasieran zerbitzuak eskaintzen nituen, kameralari gisa, beste ekoiztetxe batzuekin elkarlanean, ETBrentzat zenbait lan egin nituen: Aitaren etxea serierako making off-ak; unitate mugikorrak…

Iban_Toledo«Dokumentalarekin, familiaren borroka, eta borroka horrek, familia horrengan izandako eragina kontatu nahi dugu»

«Euskal Herritik harago, koprodukzio internazionala bilatzeko helburua jarri genuen eta lortu dugu»

Azken urteak zertan eman dituzu?
Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren haritik, eta batez ere merkatuak horrela bideratuta, hasi naiz dokumentalak nire kabuz ekoizten. Ikuspegi berdina duen jendearekin topo egiteko aukera izan dut.

Kontatu duzunaz gain, zure proiektua den On Produkzioak-en webgunean orain arte egindako lanak kontsulta daitezke. Bideoklipak, dokumentalak eta dronarekin egindako hainbat lan, besteak beste. Geldi egoten ez dakiten horietakoa zara. Ados zaude horrekin?
Ez dakit mugitua den hitza, gauza berriak ikastea gustatzen zait. Dronarekin adibidez, Artemanen hasi nintzen, gaur egun dagoen moda hau baino askoz ere lehenago. Garai hartan, horrelako aparatuekin lan egiten zuten hiru pertsona egongo ziren. Sevillatik etortzen zen enpresa bat, aire bidezko irudiak hartzen zituena.
Nire kabuz jarri nintzenean, zenbait lan egiteko, azpikontratatu beharrean, nik neuk egin nezakeelakoan, hortan sartu eta beste askatasun bat lortu dut.
Gauzak horrela, Dantza pelikula egiteko deitu zidaten adibidez. Baita, La pequeña Suiza filmerako ere.

Egindako lanen artean, batekin gelditu beharko bazenu…
Guztiek dute zerbait berezia, egindako lan bakoitzarekin ikasi dut zerbait. Alde teknikoari begira, dokumentalak, erreportajeak, bideoak nola egin,  baina gainera, horietako bakoitzean jorratutako gaien inguruan ere ikasteko balio izan dit. Bide horretan, pertsona askorekin egon naiz, eta denek erakutsi didate zerbait. Oso aberasgarria izan da.

Oraintxe zertan ari zara?
Bolante baten historia dokumentala prestatzen ari naiz, Iñaki Alforjarekin eta Luzia Ezkerrekin  batera. 1980. urtean Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen Jose Migel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenaren historia da. Batallon Vasco Español talde parapolizialak bahitu, eta ustez, exekutatu egin zuen, komunikatu batean hala esan baitzuten. Zenbait pista eman zituzten, baina ezer argirik ez.
Ekainaren 11an, desagerpena gertatu zela, 40 urte beteko dira.  Harrezkero, familia haien seme eta anaiaren gorpua bilatzen ibili da. 40 urteotan, gauza asko gertatu dira, baina gorpua ez da agertu. Joxe Migelen aita hil zen lehenik eta ama, Zeles (Alvarez), duela urte gutxi.

Zergatik istorio hori?
2016an, CSICen lan egin zuen Guardia Zibil batek datu batzuk eman zituen. Naparraren gorpua non egon zitekeen esan zuen. Brocas basoan (Okzitania, Frantzia) zegoela esan zuen. Horren harira, Iñigo Iruin familiaren abokatuak Auzitegi Nazionalera jo zuen. Auzitegi Nazionalak  Frantziako Gobernuari eskatu zion indusketak egiteko. Pako Etxeberriak esan zuen, bi toki posible zeudela eta batez ere, horietako batean ikusten zuela gorpua aurkitzeko aukera gehien. Gendarmeek, aldiz, aukera gutxien zituen tokian industu zuten.Hortaz, berriro Auzitegi Nazionalera jo, eta Frantziako Gobernuari eskatu zioten industu gabeko tokian indusketak egin zitzala.
Dena atzeratzen eta atzeratzen joan da, eta 2018an, Joxe Migelen ama , Zeles hil zen. Bigarren indusketa horretan gorpua ateratzea posible izan zitekeen,  eta berrogei urteko borrokaren ondoren, ez zuen lortu semearen gorpua berreskuratzea.
Dokumental honekin, familia horren borroka, eta borroka horrek familia horrengan izandako eragina kontatu nahi dugu. Erabateko sufrimendua izan da eta badirudi honek amaierarik ez duela.

Nola finantzatuko duzue?
Helburua Euskal Herritik harago, atzerrirako proiektu bat ekoiztea da. Koprodukzio internazionala bilatzeko helburua jarri genuen eta lortu dugu.
Bestalde, crowdfunding kanpaina bat abiarazi genuen Verkami plataformaren bidez. 15.000 euroko helburua jarri genuen eta jendeak oso ondo erantzun du. Horrekin ez ditugu urrutitik ere gastu guztiak betetzen, baina epe laburrera sor daitezken gastuei aurre egiteko balioko du.
Lehen helburura iritsita, crowdfunding kanpainarekin jarraituko dugu. 20.000 euroko helburua jarri dugu. Dokumentalaren musikarekin Peio Ramirez ari da, eta horrek sortuko dituen gastuak ordaintzeko izango da. Oraintxe, horretan ari gara , besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>