Eguzki babesleak

Aintzane_Alberdi_FarmaziaIbone Etxezarreta • Aintzane Alberdi farmazia (Zaldibia)

Eguzki-irradiazioa gure osasunerako beharrezkoa den baliabidea da, baina arriskutsua izan daiteke ez bagara era egokian eguzkipean egoten. UVA, UVB, argi ikusgai eta infragorri izpiak gaitz batzuk eragiteko gaitasuna dute, epe motzean erredurak, fotosentikortasuna eta fotodermatosia, eta epe luzera azalaren fotozahartzeaz gainera, minbizia eta sistema immunearen aldaketak.

Hau dela eta, nahitaezko agindu hauek kontuan hartuko ditugu. Batetik, eguerdiko orduak saihestu (12:00-16:00) eguzkia hartzeko. Bestetik, kanpoan egiten ditugun jardueratan arropa erosoak erabiliko ditugu, eta eguzki-irradiazioetatik babesteko azalean fotobabeslea bat emango dugu; burua ondo estalita eramango dugu.

Begiak ere eguzkitik zainduko ditugu betaurreko apropos batzuekin. Ur asko edatea eta eguzkitan egon eta gero, larruazala ondo hidratatzea ere nahitaezkoak dira.

Gaur egun, aukera zabala dago eguzkitarako krematan. Egia esanda, berez,  krema ezezik, gorputzerako esnea, krema-gela, spray transparentea, barra… daude aukeran. Babes lanak egiteko filtro desberdinak erabiltzen dira: filtro fisikoak, kimikoak, organomineralak eta biologikoak. Baita ere desberdindu daitezke SPFaren arabera, hau da, eguzkitik babesteko faktorea: 20tik 50+arte aurkitu ditzakegu. Batzuetan 100koa aurkituko dugu, baina 50ren bikoitza izan arren ia ez dute alderik: 50+ gehienekotzat jotzen da.

Hainbesteren artean aukeratu ahal izateko pertsona bakoitzaren ezaugarri batzuk kontutan hartuko ditugu:

  • Gure azalaren eta begien kolorearen arabera, fototipo desberdinak daude. Azal zuri eta begi argiak badituzu fototipo I koa izango zara eta SPF 50+ erabili beharko duzu. Aldiz, azal eta begi ilunak edukiz gero, SPF 20-kin nahikoa litzateke.
  • Arreta bereziaren premia duten taldeak dira haurdunaldian daudenak, haurrak eta adinekoak. Bereziki adineko pertsonei aholkatzen zaie goizero fotobabesa emateko ohitura hartzea, baita eguraldi txarra egiten duenean ere. Haurrei dagokionez, hiru urtetik beherakoak eguzkitan ez jartzea gomendatzen da. Badaude beste talde batzuek bereziak direnak ere: azaleko gaixotasuneren bat dutenak, gaixo onkologikoak eta eguzkiari alergia diotenak.
  • Badaude botika batzuk fototxia edo/eta fotoalejia eragiten dutenak. Beraz, kontutan hartu beharko da ea hartzen ari zaren botikarekin arreta gehiago jarri behar diozun babesteari.
  • Era askotako azalak daude lehorrak, atopikoak… Gainera, batzuei gustatzen zaigu oliogabekoak, oliotsuak, arinak, banatzen errazak direnak…
  • Larruazalean banatzeko diren fotobabesletik gain, badaude pilula eran ahotik hartzen diren babesleak ere. Azken hauek lagungarriak dira azala babesteko, baina ez dituzte kremak ordezkatzen.

Bukatzeko esan, larruazala gorputzeko organo zabalena dela, eta betirako gogoan gordetzen duela noizbait nahikoa babestu ez izana. Beraz, bilatu zuretzako aproposa den krema hori ederki babestuta joan zaitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>