kiskaltze labeak berritu eta minerala atera

Zeraingo_kiskaltze_labeak_Kultura Ondasun izendatu zuten Zeraingo Aizpeako meategia 2008an. Labeak lehengoratzen udazkenean hastea espero du udalak.

Zeraingo Udalaren aurreikuspenen arabera, urte bukaeran hasiko dituzte Aizpitako labeen berritze lanak. Zeraingo alkate  Amaia Junquerak jakinarazi du gehienez ere urtebete inguruko obra izango dela: «Eguraldiaren arabera ere izango da, baina datorren urteko Gabonak aldera inauguratzea dugu pentsatuta». 789.000 euro izango da aurrekontua guztira; 725.000 euro obrak egiteko eta 64.000 euro arkitektura proiekturako. Aurreko udan esleitu zen eta Zetabi Bergarako arkitektura kabineteak irabazi zuen lehiaketa.

Espainiako Sustapen Ministeriotik 530.137 euroko diru laguntza jasoko du Zeraingo Udalak lanetarako. Hau da, obren finantziazioaren %73 inguru. Eusko Jaurlaritzak ere beste diru laguntza garrantzitsu bat onartu dio udalari: 189.740 euro obra zein proiekturako. Zeraingo Udala «pozik» agertu da proiektuaren finantzaketa bermatuta dagoelako eta bertako zein estatuko erakundeen finantzaketa izango dituelako proiektuak. Finantziazioaren %10 sustatzaileak jarri behar du Espainiako Sustapen ministerioko diru laguntza hori jaso ahal izateko. Udalak jarriko du geratzen den %10a. 72.530 euro izango dira: «Gutxi dirudi, baina guretzako herri txikia garenez, asko da», esan du Amaia Junquerak.

Diru laguntza pribatuak partikularrek edo enpresek eman ditzakete. Horregatik Zeraingo Udalak Goierriko enpresen inplikazioa bilatu du Aizpeako meategia biziberritzen lagundu dezaten. Enpresek eta kooperatibek bere ekarpena egin dezakete. Enpresen kasuan, gainera, hobari fiskala lortu dezakete horregatik. Dagoeneko enpresaren batekin kontaktuan jarri dira, baina lanak hasten direnean berriro helduko diote gaiari, orain koronabirusaren eraginez ez delako oso momentu ona: «Denbora pasatzen utzi eta berriz egingo dugu eskaera datorren urtean, orain ez baita momentu ona enpresetara diru eske joateko».

2008an Zeraingo Aizpea meategia Monumentu-multzo izendapenaz sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zuten. Horrek ahalbidetu du, besteak beste, laguntzak lortzeko aukera.

Hiru urteko prozesua

Maquetación 12017an eskatu zuen lehendabiziko aldiz Espainiako Sustapen Ministerioaren diru laguntza Zeraingo Udalak labeak konpontzeko: «Ez genuen lortu, eta 2018an, akatsak konponduta, onartu ziguten», azaldu du Junquera alkateak.

Proiektua 2019an Zetabi enpresari esleitu zitzaion eta eginda dago jada: «Artzain Onaren katedraleko obrak egiten ari den kabinete bera da labeen proiektua egin duena». Espainiako Sustapen Ministerioaren behin betiko onarpena jasotzea falta zaie oraindik, baina tramite guztiak egin dituzte dagoeneko eta dirua uda aurretik iristea espero dute. Bestalde, obraren esleipena dirua eskuratzean egingo dutela esan du Junquerak: «Dirua aurreratzeko moduan ez gaude». Obra esleituta, urte amaieran hasiko dituzte lanak, eta urtebetean gehienez bukatuta izatea espero dute: «Oso pozik gaude, baldintza oso txarrean zeuden labeak proiektu honekin denbora luzean iraunaraziko ditugulako, gure ondareari eutsiz eta balioa emanez».

XII. mendeko datuak

Zeraingo meategiak talde desberdinek ustiatu dituzte garai ezberdinetan. Meategietako lehenengo datuak XII. mendekoak dira, eta 1951. urtean ustiatu zuten burdina azkeneko aldiz bertan. 1512an Aretxabaletan bizi ziren Otaloratarrei eman zien meategia ustiatzeko eskubidea errege katolikoak, eta 1671n Felipe II.ak oinordekoen esku utzi zuen. Otaloratarren garaian burdina Deba Garaiko eta Urola Garaiko burdinoletara eraman zuten.

XIX. mende erditik aurrera indarra hartu zuen burdin ustiaketak, eta enpresa ingeles eta alemanek ustiatu zuten meategia batik bat. 1892an The Cerain Iron Ore Company Ltd Ingalaterrako enpresaren esku gelditu zen Burdinaren Mendia bezala ezaguna den eremua. Haiek sortu zituzten orain lehengoratu behar dituzten labeak. 1930eko hamarkada hasieran jabe alemaneko Compañia Montanesa S.A enpresak hartu zuen Aizpeako ustiaketa, eta zortzi urteren ondoren Compañia de explotaciones mineras Aralar S.A sortu zuten enpresaburu espainolek, 1942. urtera arte. 36ko gerraren ondoren, 1950eko hamarkadan, Patrizio Etxeberria industrialak ustiatu zituen meategiak, minerala Legazpin zuen fabrikan erabiltzeko. XX. mende hasieran ingelesek sorturiko labeak ere berregokitu zituen. 50eko hamarkadatik aurrera, ordea, industrializazioak ondorio zehatz bat izan zuen: kanpotik erositako burdina bertan ateratakoa baino merkeagoa bihurtu zen, eta meategiak itxi zituzten.

Mineral desberdinak

Burdin karbonatoa, egur ikatza eta burdin kiskalia ateratzen zuten meategietatik bertan aritu izan ziren enpresek. Burdin karbonatoa galerietatik eta harrobietatik lortzen zuten, eta egur ikatza labeetan erretzeko erabiltzen zuten. Labeetatik ateratzen zen minerala, berriz, burdin kiskalia zen. Azken hori eramaten zuten burdinoletara. Horiez gain, beruna ere ateratzen zuten: Lehen gerra karlistak iraun zuen bitartean, balak egiteko atera zuten berun sulfuroa.

Mineralak, Patriziok utzi zituen bezala

Amaia Junquera Zeraingo alkateak adierazi du eremuari «bultzada handia» emango zaiola proiektuaren bidez. Patrizio Etxeberriak ustiaketa utzi zuenean, egun batetik bestera egin zuen, eta, beraz, labeetako minerala barruan geratu zen. Junquerak azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia departamentuko adituen interesa piztu duela horrek: «Ikerketa bat egin nahi dute kaltzinazio prozesua ikusteko aukera ematen duen kasu bakarra delako». Labeak hustu aurretik egingo dute ikerketa, eta hoberen dagoena beteta utziko dute: «Lanak eta kontserbaziorako arazorik ez badu ematen behintzat». Kontserbazio eta zaintze lanak oztopatuko ez baditu, labeak bisitatzeko aukera ere eskainiko dutela azaldu du Zeraingo alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>