Krisiak utzitako irakaspenak baliatzeko unea

Uggasa__Sortzen_topagunea

Uggasak garrantzi handia ematen dio tokiko ekonomiari; irudian, bailarako ekintzaileekin iaz egindako 8. Sortzen Topaketa.

Alarma egoerak eragindako kalte ekonomikoak neurtzen eta arintzen jarri du arreta berezia Uggasak. Tokiko industria eta kontsumoaren garrantzia nabarmendu ditu.

Koronabirusak hankaz gora jarri du mundua eta zartateko ederra eman dio ekonomiari. Baina herritarrak etxean konfinatuta eta hainbat eta hainbat jarduera ekonomiko etenda utzi dituen krisialditik ateratzeko lehen pausoak ematen hasia da gizartea, eta etorkizun hurbilari eta urrunari begira jarrita daude norbanakoak, erakundeak eta eragileak orokorrean. Urola Garaiko Garapenerako Agentzia dago horien artean, eta azken aste luzeetan egindako lanari esker, oinarri sendoak jarrita ekingo dio aurre datorrenari.

Legazpiko bulegoak publikoarentzat itxita izan baditu ere, Uggasak ez dio lan egiteari utzi alarma egoera ezarrita izan arren, eta gertu-gertutik jarraitu ditu bere esparruko herrietan koronabirusak eragindako ondorio ekonomikoak.

Autonomoak eta enpresa txikiak

Maquetación 1Uggasako zuzendari Itziar Salaberriak dioenez, krisialdi honek autonomoak eta enpresa txikiak jo ditu bereziki, sektore guztietakoak, eta garapen agentziak berrantolatu egin behar izan du bere jarduna horiei laguntzeko. «Autonomoei eta enpresari txikiei zuzendutako neurri eta laguntzen inguruko arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua indartu» egin dute alarma egoeran. Lehen hilabetea «eromena» izan zela dio, jarduera uzteagatiko aparteko prestazioari, Elkargiko maileguei, Lanbideko laguntzei eta ABEE Aldi Baterako Enplegu Espedienteen tramitazioei buruzko kontsulta ugari jaso eta kudeatu dituzte egunero, beti ere «eskualdeko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan».

Kaltetu asko noraezean ibili direla nabarmendu du Salaberriak, neurri ezberdinak eta laguntzak jasotzeko baldintzak… denak egunetik egunera aldatzen zirelako eta komunikabideetan jakinarazitako neurriak ez zirelako berehalakoan indarrean sartzen. Iristen zen informazio hori kudeatzea eta eguneratzea izan zen Uggasako teknikarien lanaren zati garrantzitsu bat.

Lau herrietako argazkia

Uggasak, beraz, harreman estua mantendu du eskualdeko enpresa eta autonomoekin alarma egoera honetan zehar, eta horregatik jakin ahal izan du likidezia eta salmenten etena edo murrizketa izan direla haien ardurarik handienak, batez ere hasieran.

Apirilean zehar Legazpiko, Urretxuko, Zumarragako eta Ezkioko industria, merkataritza eta zerbitzu alorretako 184 enpresa eta autonomoen artean galdeketa bat egin zuen Uggasak lau herri horietako argazkia osatzeko helburuz, eta  egindako galdeketaren emaitzak hala berretsi duela dio Salaberriak. Suspertze faseari begira, berriz, segurtasun protokoloen ezarpena, egiturazko gastuen finantzaketa, eta bezero eta merkatu berriak bilatzea izan dira ardura gehien eragindako gaiak.

Kaltetutakoen ardurak ardura, Uggasaren esparruko lau herri horien egoera «beste herri eta eskualde askoren antzekoa» dela baieztatu du Salaberriak, nahiz eta bertan automozioak duen pisuak eta horrek une honetan bizi duen egoera kezkagarriak datu orokorrak zerbait iluntzen dituen. «Irailean egoera nolakoa den ikusi behar!».

Likidezia eta salmenten etena edo murrizketa izan dira eskualdeko enpresa eta autonomoen ardurarik handienak krisi hasieran

Uggasaren lau herrien egoera beste eskualdeen antzekoa da, baina automozioaren menpe egoteak kezka eragiten du

Langabeziak ere Gipuzkoa osoaren joera berbera izan duela azaldu du, «alarma egoera hasi aurretik gure lau herrietan tasa Gipuzkokoa baina bi hamarren altuagoa zen, eta orain ere bai». Datu zehatzei erreparatuz, «1.305 pertsona ditugu langabezian Urola Garaian eta langabezia tasa %10,8koa da»; Gipuzkoakoa %10,6koa da. Langabetu horiez gain, enplegu erregulazioko espedientepean dauden 1.394 langileen egoera ere kontuan izan behar da –maiatzean 1.597 ziren– .  «Kaltetuak sektore guztietako langileak dira, txikizkako merkataritzakoak, tokiko ekoizle txikiak, hurbileko zerbitzuak, turismokoak, aisialdikoak, entretenimendukoak, kulturakoak, garraiokoak, baita automoziokoak ere».

Dena ez da, ordea, negatiboa. «Albiste onak ere izan dira, enpresa batzuetan proiektu berritzaileak eta barne-ekintzailetasunak abiadura hartu baitute». Baikortasunerako arrazoiak ere badaudela nabarmendu du. Gainera, «merkataritza eta ostalaritzaren egoera arintzeko udalen ahaleginak eta abian jartzen ari diren laguntzak ere funtsezkoak izango dira herrien suspertzerako».

Tokian tokiko ekonomiaren alde

Bestetik, krisi honek tokian tokiko ekonomiaren eta bitartekoen garrantzia agerian jarri duela uste du Uggasako zuzendariak, «krisiak utzitako irakaspen bat da hori, eta ondo barneratu beharko genuke, arriskua dagoelako hemendik  hilabete batzuetara bertakoaren alde egitearen garrantzia ahaztea; ea ez den hori gertatzen».

Alarma egoeran tokiko ekoizpena eta tokiko kontsumo arduratsua balioan jarri dira, eta industriari dagokionez, digitalizazioaren eta hornidura kate lokalagoen komenigarritasuna azaleratu da. Alde horretatik, herritar bezala arduratsu jokatu beharko genukeela uste du Salaberriak, hemengoaren alde egiten jarraituz. «Ikuspuntu hori ez genuke galdu behar tokiko ekonomia indartsu mantendu nahi badugu».

Normaltasunaren bidean

Uggasaren jarduna ohikotasunera itzultzen hasi da, eta Legazpiko Patrizio Etxeberria kaleko egoitzan dituen zerbitzuak publikoari irekitzen hasia da. Horietako bat da enplegu arloa, Lanbiderena. Ekainaren 1etik, langabetuei bideratutako orientazio zerbitzuen aurrez aurreko arreta berreskuratu du Legazpiko egoitzan eta Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, baina hitzordua eskatuta (943 25 00 98/943 72 66 04).

Bestetik, Antioko informazio bulegoa ere irekita dago asteartetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>