Gorputz eta arima harkaitzean gora aske sentitzeko

Eskalada-1Goierrin 19 eskalada gune daude. Eskualdean, eta batez ere Ordizian, eskalatzaile ugari sortu da 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte. Eskalatzeko moduek zein materialek hainbat aldaketa izan dituzte bilakaera horretan.

Gipuzkoako Mendizale federazioak Gipuzkoako eskalada gune jasangarrien errolda argitaratu berri du. Goierrin 19 eskalada gune daude, Zaldibiako, Itsasondoko, Ataungo, Zegamako eta Patzuergoko lurretan banatuta. Ausa Gazteluko eta Txindokiko guneak, aldiz, Tolosaldean kokatzen ditu federazioak. Goierrin, eta batez ere Ordizian, jarraitzaile asko izan ditu eskaladak, 60ko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte. Eskalatzeko moduek eta baliabideek aldaketa esanguratsuak izan dituzte, baina mendiarekiko eta harriarekiko grina berbera da eskalatzaileengan.

Javier Miralles (Ordizia, 1947) 17 urte inguru zituela hasi zen eskalatzen, Tolosako Alpino Uzturre elkartearekin eskalatzen aritzen zen lagun batek bultzatuta. Garai hartan zeharkaldiak eta eskalada uztartzen zituzten, eta mendiko kirolak sasoika egiten zituzten: «Udaberrian eskalatu, udan Pirinoetara joaten ginen eta neguan iraupen eskia egiten genuen». Mirallesek azaldutakoaren arabera, hiru oinarrizko eremutan eskalatzen zuten: Amezketako Zazpi Iturrin, Hernaniko Santa Barbaran eta Txindokin. Horiez gain, Eginon (Araba), Atxarten (Bizkaia) eta Etxaurin (Nafarroa) ere aritzen ziren.

Ekipatu gabeko hormak

Miralles eskalatzen hasi zenean, materiala eta ekipazioa murritzagoa zen, eta eskalatzeko era ere desberdina. Eskalada klasikoa egin ohi zuten: «Paretak ez zeuden ekipatuta, eta beraz, bakoitzak iltzatu eta iltzea kendu behar genuen; abenturatsuagoa zen eskalada, naturalagoa». Material aldetik aurrerapausoak izan dira azken urteotan. Hormetan sartzeko iltzeak eskalatzaileek beraiek egiten zituzten: «Eskaladarako materiala erosteko Frantziara joan behar genuen hemen ez zegoelako ezer».

Mirallesek 80ko hamarkadan utzi zion eskalatzeari, eta aldi berean, Ordiziako gazte talde bat hasi zen eskalada eraldatzen: «Daltondarrek eskalada goitik behera aldatu zuten, abentura eskaladatik kirol eskaladara egin zuten salto». Daltondarren taldeko kide izan zen Luis Mari de Juan Irastorza Pintxo (Ordizia, 1957). 1970eko hamarkada bukaeran hasi zen eskalatzen, eta gaur egun ere jarraitzen du. Hasieran eskalada klasikoa egiten zutela azaldu du. Eginon, Etxaurin, Biaizpen, Atxarten, Nañarrin… Hori asteburuan: «Baina gehiago behar genuen, eta orduan ez zegoen rokodromorik». Horrela, bideak irekitzen hasi ziren lagunartean: «Jentilbaratzan hasi ginen; bide asko ireki ditugu hor, %80 inguru guk irekitakoak izango dira». Pintxok gehitu du daltondarrak izena bertan uzten zutela beti.

Eskalatzeko oinetakoak

Daltondarren garai hartan material arloan aurrerapen azpimarragarri bat egon zen: «Botinak erabiltzen genituen eta aldaketa etorri zen katu oinak delakoekin». Ordura arte erabiltzen zituztenak mendiko boten antzekoak ziren, baina txikiagoak eta estuagoak.

Daltondarren ostean 80ko hamarkadako gazteak hasi ziren eskalatzen: «Gazteak ziren, beste mentalitate bat zuten eta gu baino maila altuagoarekin zetozen», adierazi du Pintxok. Mikel Saez de Urabain (Ordizia, 1968) da horietako bat. Euskal Herriko alpinistarik esanguratsuenetarikoa da. Lehenengo eskaladak 84-85 urtean egin zituen, eta hamarnaka bide irekitakoa da: «Oso gustuko dut, sormena esaten diogu bideak irekitzeari, eta nik uste eskaladan buru belarri dabilen guztiak duela gogoko». Gainontzeko eskalatzaileei, gainera, gustatzen bazaie, ezinhobeto: «Jendeak zoriontzen zaitu eta gure kolektibo honetan gauza garrantzitsua da hori».Goi mendia eta izotza ere egiten dituen arren, haitz eskalada da gustukoen duena Saez de Urabainek.

Goierrin ez ezik, Himalaian, Patagonian edo Alaskan ireki ditu bideak. Eskarmentu handia izan du mendian: «Bakarka eskalatzeak esperientzia ematen dizu, baita lagunekin eskalatzeak ere, baina beste era batera».

Javier Miralles: «Bakoitzak iltzatu eta iltzea kendu behar genuen; abenturatsuagoa zen eskalada, naturalagoa»
Luis Mari de Juan ‘Pintxo’ «Jentilbaratzan hasi ginen; bide asko ireki ditugu hor, %80 inguru guk irekitakoak izango dira»

Bizitzeko era bat

«Azkenean mendia da, mendiak ematen dizuna eta mendiarekin sortzen duzun harreman hori», esan du Saez de Urabainek. Ordiziarrak adierazi du «bizitzeko era bat» dela eskalada: «Gauza batzuk utzi ditut, baina izaera bat eta pentsaera bat eman dizkit». 80ko hamarkadan eskalatzen hasi zenetik hainbat aldaketa izan ditu kirolak, baina eskalatzaileek zailtasuna areagotu dutela nabarmendu du Saez de Urabainek: «Jendea orain indartsuago dago, zailtasun gehiagoko eremuak eskalatzen dira, eta zailtasun hori hormara eraman dute». Ordiziarrak azaldu du bera hasi zenean goi mendian ez zutela gorputza estutzen: «Gaur egun mendian era askean saiatzen gara eskalatzen, era garbian, hori da gaur egungo filosofia». Hau da, besoak eta hankak baliatuz bakarrik eskalatzea dute helburu, aurrera egiteko gorputza soilik erabilita.

Kirol eskaladatik mendira

Frantziatik iritsi zen Euskal Herrira kirol eskalada: «Jarrera bat izan zen eta eragin handia izan zuen hemen». Zaletu asko izan zituen Goierrin ere, baina asko ez ziren asetu eta goi mendira itzuli ziren kirol eskaladaren ideiarekin: «Ni horietako bat izan nintzen».

Dinamikotasunak eta aldakortasunak egiten du erakargarri eskalada Mikel Saez de Urabainentzat: «Denak balio du, ez dago arau idatzirik, ez dago ezer itxita eta jendeak egiten du kirol hau, horregatik da gustagarria ni bezalako jendearentzat». Mikel Saez de Urabainekin batera ibiltzen da eskalatzen Aritz Azkue (Galdakao, 1980). Anaiak eramanda hasi zen 2001ean, Atxarten, eta Goierrira etortzean, Ormaiztegiko Sorgintxulo rokodromoan ezagutu zituen bertako eskalatzaileak. Hainbat bide irekitakoa da: «Azken urteotan bide batzuk ireki ditut, batez ere hemen inguruan, ni ez naiz asko ateratzen kanpora», adierazi du Azkuek.

Eskalada-4Mikel Saez de Urabain: «Gaur egun mendian era askean saiatzen gara eskalatzen, era garbian, hori da gaur egungo filosofia»

Aritz Azkue: «Azken urteotan bide batzuk ireki ditut, batez ere hemen inguruan, ni ez naiz asko ateratzen kanpora»

Kareharrizko haitzak

Goierrin eskalatzaile ugari daudenez, Goierriko Eskalatzaileen Elkartea sortu berri dute. Jon Zabala (Ordizia, 1990) elkarteko kide eta presidentea da. Daltondarretako Pintxo osabarekin joan zen eskalatzera lehenengo aldiz, baina 22 urte arte ez zuen estu hartu. Inguruko haitzetan eskalatzen elkartu den lagun talde batek osatu du elkartea. Zabalak azaldutakoaren arabera, haitz motak eskalatzeko erarekin zerikusi handia du. Euskal Herrian kareharria da nagusi, eta Goierrin ere eskalatzen direnak kareharrizkoak dira. Beste harri mota nagusia granitoa da. Euskal Herrian, Aiako Harrian badago, baina ez da ohikoa : «Guretzat zailagoa da granitoa, kareharriak euskarri gehiago dituelako eta ohituta gaudelako euskarri horietara». Orientazioa ere izaten dute kontuan eskalatzerako orduan: «Negurako hego paretak bilatzen ditugu, eta udan ipar paretak».

Jon Zabala: «Guretzat zailagoa da granitoa, kareharriak euskarri gehiago dituelako eta ohituta gaudelako euskarri horietara»

Ordizia mapan kokatu zutenak

Goierrin, baina zehazki Ordizian, jarraitzaile ugari izan ditu eskaladak. Mikel Saez de Urabainen arabera, eskalatzaileen aldetik oso ezaguna izan da herria: «Ordizia mapan kokatua izan da bertan sortutako eskalatzaileengatik». Estutzeko gogoa zuen ordiziar talde batek eragin zuen hori. Dalton, Marraskilo, Beriain… «Ezaguna izateko gauza politak egin behar dira, eta egin ziren».

Beraz, Ordizia ezagutarazteko modua ere izan da nolabait, eskalada munduan behintzat. Zaletasun horrek jarraitzaileak izan ditu 60ko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte. Orain gazte jendea ere hasi da mendira joaten: «Dauzkagun baliabideekin, zero direla, jendea harrira hasi da joaten», adierazi du Jon Zabalak.

Era batera ala bestera, eskalada librea izan ala artifiziala, tradizionala ala deportiboa, haitzetan ala izotzetan, mendiak eta harriak batzen ditu zaletuak. Edo rokodromoak eguraldiak laguntzen ez duenean. Dena den, eskalada librea da gaur egun eskalatzaileek bilatzen dutena, gorputza eta harria bera izan dadin bidea egiten duena.

Eskalada gune batzuetan ezin da eskalatu hegazti espeziak babesteko

Eskalada guneakGoierrin 23 eskalada gune daude guztira, Ausa Gaztelu eta Txindokiko eremuak Tolosaldean kokatzen baditu ere Gipuzkoako Mendizale Federazioak. Eremu batzuetan, dena den, ezin da eskalatu nahieran. Izan ere,  horietako lauretan debekatuta dago eskalatzea urte osoan, hegazti komunitate osoak urte guztian zehar bertan bizi direlako. Ezin da ez eskalatu ezta bide berririk ireki Aizkoaten, Intzartzun, Hartzateko Haitzean eta San Adrianen. Aratzeko orratzetan, Garagartza Bikunaitzen eta Garagartza Naparraitzen, aldiz, debekatuta dago eskalatzea urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean. Otzaurtera, berriz, ezingo dira joan eskalatzaileak urtarrilaren 1etik irailaren 30era. Debeku partzial hori umatzen duten espezieak babesteko da. Eskalada baimendutako garaian bakarrik egin daiteke, eta bide berriak irekitzeko baimena eskatu beharko zaio Diputazioko Basanimalien eta Landareen Zerbitzuari.

2010. urtean jarri zituen lehendabiziko debekuak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sai zuria babesteko asmoz debekatu zuten eskalada hasieran, eta ondoren hainbat eskalatzaileren artean adostu zuten hegaztiak migratzen duten epealdian eskalatu ahal izango zutela.

Ataunen, Aizkoate-Arteaundi da debekatu duten guneetako bat. Saez de Urabainen arabera, faunari dagokionez oso aberatsa da ingurua. «Izugarrizko potentziala izanagatik, ez dugu asko eskalatu bertan, piztia ugari dagoelako. Ingurua asko errespetatu dugu alde horretatik». Ataunen bertan, Hartzateko Haitzean ere debekatu egin dute eskalatzea, baina ordiziarrak uste du horretarako beharrik ez zegoela: «Han ia ez dago piztiarik. Uste dut erabakia modu orokorrean hartu dutela, eta pena sentitzen dut, eskalatzaileok ekarpenak egin genitzakeelako honetan guztian».

Beraz, hainbat gune dituzte eskuragarri Goierriko eskalatzaileek, baina urte hasieratik uztailaren 31era arte eremu gutxiago izaten dira. Hegaztiak udan Afrikara joaten dira eta bertan pasatzen dute urtaroa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>