Autokarabanak, aurtengo udako izarak

Autokarabana__udako_oporre

Hotel handietako oporrei alternatiba bila dabil jende asko aurten, koronabirusari ihes egiteko. Autokarabanak aukera segurua dirudi, opor estilo horrek eskaintzen duen askatasunari, segurtasuna erantsi zaiolako aurten.

Koronabirusak hankaz gora jarri du gizartea eta kutsatzeko beldurrak aldaketa nabarmenak ekarri ditu eguneroko bizitzan. Txerto edo tratamendu eraginkor bat aurkitu arte, ditxosozko segurtasun tarteak gidatuko ditu herritarren jarduerak, baita askorentzat laster iritsiko diren opor garaian ere.

Aurtengo udari begira, autokarabanen aldeko hautuak gora egin du, etxea gainean eramateak eta talde txikian bidaiatzeak ematen dituen independentziari, osasunari begira segurtasunak hartu duen balioa gehitu zaiolako.

Abantailak besterik ez

Birusaz kutsatzeko arriskuaren aurrean, autokarabanak beste opor mota batzuk baino segurtasun handiagoa eskaintzen duela dio Zegaman egoitza duen Goikaravan alokairu enpresako Xabi Arakamak: «Beldurra dago hoteletan opor normal batzuk pasatzeko, gune komunak daudela eta. Pasilloetan, jangelan edo tabernan ez da bermatzen distantzia soziala». Autokarabanan, aldiz, bai, «oso isolatua da, zure bikotearekin edo familiarekin joaten zara, eta ez zara beste inorekin nahasten». Gainera, gune batera joan eta han jende pilaketak aurkituz gero, beste leku batera alde egiteko aukera ere ematen du, Arakamak dioenez, «eta hotel batek ez, aste beterako joaten bazara, hantxe duzu egon beharra». Gaurko autokarabanak, gainera, oso erosoak dira, «gureak berri-berriak dira, eta sukaldea hozkailu handi batekin, komuna  konketa eta dutxarekin, logela… denetik dute».  Segurtasunari dagokionez, «berme osoa» eskaintzen dute, bai enpresako langileentzat baita erabiltzaileentzat ere, ondo garbituta eta desinfektatuta entregatzen dituztelako.

Xabi Arakama, Goikaravan alokairu enpresa: «Autokarabana oso isolatua da, zure  familiarekin joaten zara, eta ez zara beste inorekin nahasten; segurua da»

Aitor Okariz, autokarabana zalea eta jabea: «Beti gustatu izan zaigu leku berriak ezagutzea eta hoteletik kanpoko opor giroan ibiltzea, herri txikiak, kostaldea…»

Jende asko da autokarabanek eskaintzen dituzten abantaila horien jakitun, eta horregatik aurtengo udari begira aztertzen ari diren aukeretako bat da. «Guk azken asteotan dei ugari jaso ditugu informazio eske, eta erreserba asko eginda daude uztailari eta batez ere abuztuari begira».

Goikaravan__AutokarabanakKanpainak itxura ona du, beraz, eta hori bultzagarria izango da urte hasieran familiarekin ireki zuen enpresa honentzako. «Arrebak, koinatuak eta hirurok jarri genuen martxan Goikaravan urtarrilean, eta handik gutxira hau guztia etorri zen». Martxorako, Aste Santurako, Sevillako finalerako, San Joanetarako eta udarako zituzten erreserbak bertan behera geratu ziren. Orain erreserba berriak sartu dira eta hasi dira alokairuak berreskuratzen. Goikaravan enpresak lau autokarabana eta «abentura kutsua» duen minikarabana berezi bat ditu flotan.

Arakama txikitan ibili da gurasoekin kanpinaren munduan murgilduta. Gaztetan furgoneta erosi zuen, gero furgoneta handiagoa eta azkenik autokarabana. «Afizioa beti izan dut», eta afizio hori Boikot musika taldeko kideei ere kutsatu die, orain kontzertuera joaten direnean, hoteletara joan beharrean, autokarabana erabiltzen dutelako.

Autokarabanak, jarraitzaile ugari

Ormaiztegiko Aitor Okarizek ere badu autokarabana bat, duela lau urte erosita, eta bikotearekin eta bi umeekin erabiltzen du irteerak egiteko. «Beti gustatu izan zaigu leku berriak ezagutzea eta hoteletik kanpoko opor giroan ibiltzea, herri txikiak, kostaldea… eta guk nahi dugun lekura joatea». Txikitatik datorkion zaletasuna da, gurasoek karabana zuten eta kanpinera joaten ziren; «hango giroa asko gustatzen zitzaidan, kanpoan lo egitea, lagun berriak egitea,  leku diferenteak ezagutzea…».

Autokarabana etxetik irtetea gustatzen zaion jendearentzako dela uste du Okarizek: «Ez da asteburuak etxean geratzea nahiago duenarentzako, edo oporretan beti leku berdinera joaten denarentzako». Berak urte osoan zehar «zukua» ateratzen diola dio. Astebukaeretan «200 kilometroko bueltan» ibiltzen dira. Neguan, adibidez, Pirinioetara asko joaten dira, eskiatzera. Kantabriara, Erriberara eta Errioxara ere maiz joaten dira, eta eguraldi txarra egiten duenean, adibidez, hiriburuetara: «Gasteizko edo Bilboko autokarabana gunean aparkatu, eta asteburua han igarotzen dugu». Udako oporraldietan urrutirago joaten dira, «Espainia gehiena igaro dugu», baita Frantzia ere, «Normandian eta Bretañan egonak gara».

Irteten dutenean, autokarabanentzako guneetan egiten dituzte gauak, nahiz eta udan kanpinetara ere sartzen diren bertako zerbitzuak baliatzeko. Alde horretatik, Frantzia eta Espainia artean «kristoren aldea» dagoela dio. «Hemendik Parisera abiatzen bazara, ez duzu ezer planfikatu beharrik; bideko edozein herri txikitan duzu gune bat, argiarekin eta urarekin prestatuta».  Espainian, aurretik dena ondo begiratu behar dela dio, leku askotan ezin delako aparkatu ere egin, eta «han turista bat gehiago zaren bezala, hemen gaizki ikusia ere bazara». Ez da pertzepzio kontua bakarrik, datu objektiboek baieztatzen dute: Espainian 1.000 gune daude, eta Frantzian 6.000. Goierrin ere badira autokarabanetzako hiru gune, Zegaman, Beasainen eta Legazpin.

Koronabirusak aurtengo irteera batzuk zapuztu dizkio Okarizi. Aste Santuan Andaluziara eta eskiatzera joatekoak ziren. Oraindik ez dira hasi irteten, baina erkidegoen artean mugitzeko aukera dutenean joango dira norabaitera, eguraldiaren arabera erabakiko dute. Udarako planak ere aldatu dituzte eta oraindik zer egingo duten ez jakin arren, «hiru bat astean Espainiako barruan ibiliko» dira seguru asko.

Goierriko guneak

Goierrira etortzen diren autokarabana zaleek ere badituzte hiru gune eskualdean.

  • Zegamako gunea. San Bartolome auzoan dago, Anduetza parketxearen ondoan, eta 8 plaza ditu. Herriko edigunera joateko igogailu panoramiko bat dago gertu. Doakoa da. Argindarra 3 euro ordaintzen da 2 orduko, eta fitxak parketxean eskatu behar dira. Ura doakoa da.
  • Beasaingo gunea. Igartza-Oleta auzoko aparkalekuan dago, eta 13 plaza ditu. Doakoa da, eta ur beltzak eta grisak botatzeko gune berezia du. Ur edangarria eta argindar toma ere badu, baina 3 euro ordaindu behar da biak erabiltzeko. Fitxak kiroldegian edo auzoko tabernetan eros daitezke. Bidegorria eta autobus geltokia gertu ditu.
  • Legazpiko gunea. Mirandaola parkean dago, turismo bulegoaren ondoan, eta 8 plaza ditu. Doakoa da, eta ur beltzak eta grisak botatzeko gunea du. Ur edangarria ere badu. Burdinaren museoa eta Mirandaolako burdinola ondoan daude, eta Legazpiko herrigunea kilometro batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>