Mitoak erori dira

Naroa-ElortzaNaroa Elortza • Eraldatzaile soziala

Urte luzez ikusi izan nuen Goenkale telebistan. Gogoan dut Goenkaleko Maria Luisa familiako bihurtu zela etxe askotan, kalean gelditu eta aspalditik ezagutuko balute bezala hitz egiten ziotela –jenio biziegia zuela, senarrak adarrak jartzen zizkiola…–.

Neuri antzekoa gertatzen zait Arantza, Josu eta Iñigorekin. Goiz, eguerdi, arratsalde eta gauez; ekonomia, osasuna, pandemia, ingurugiroa… berdin dio zertaz, aurpegi berberak ikusten ditut pantailan. #Diotenez, laster albistegietako kazetarien lekua hartuko dute. Izan ere, krisi garaiotan langile publikoek elkartasuna erakutsi behar dute, Iñigok argi adierazi zigun moduan.

Kontxu Odriozolak transmititzen zidan sinpatiatik urrun izan arren, akaso nik ere kalean topo eginez gero, azken aldiko zalantza batzuk argitzeko eskatuko diet.

Adibidez, galdetuko nieke ea zer pasa zaien azken aldian. Zaldibar, Miguel kasua, koronabirusa, Osakidetzako EPEetako ustelkeria, Zubietako erraustegiko isuriak… krisien kudeaketa asko izan dituzte azken aldian, komunikatiboki ere erronka potoloak bihurtu direnak. Eta, ideologikoki beste puntan nagoen arren, kudeaketa hobea espero nuen beraien aldetik. Arin espero nituen, taktiko, erreakzionatzeko gaitasunarekin. Lanketa komunikatibo sendoa espero nuen, krisien kudeaketarako mahai eraginkorrarekin.

Baina ez, hauteskundeak iragartzeko prentsaurreko tamalgarri hartatik hasita, trakets aritu dira. Hedabide publikoak nahi bezala erabiltzen ohituta egon arren, gertatutakoak estaltzen eta ahots kritikoak isilaraztera mugatu dira, shock egoeratik irten gabe.

Hauteskundeetan igarriko den, hori beste kontu bat da. Baina kudeatzaile ona-ren mitoa erori da, eta horri buelta ematea ez da lan makala!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>