Urkulluren karteleko aurikularrak

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Maddalen Iriarteren, Iñigo Urkulluren edo Carlos Iturgaizen kanpainako ekitaldi baten bideoa Twiterren bertxiotu berritan iritsi baldin bazara, kasualitatez, artikulu honetara, ondorengo lerroon irakurketa etetea aholkatuko nizuke. Tira, ez, ez ezazu eten, eta jarraitu irakurtzen. Zergatik bertxiotu duzu? Hain apoteosikoa izan al da esan duena? EH Bilduren, EAJren edo PPren militantea bazara, eta Iriarteri, Urkulluri edo Iturgaizi bostekoa ematera, edo, gutxienez, horretarako imintzioa egitera iritsi baldin bazara, edo indar politiko horien bileraren batean, nik zer dakit, asanblea batean edo estiloko foro batean batean eskua altxatu, hitza hartu eta ondoren txalo jo baldin badizute, ulertuko nizuke. Bestela, zer nahi duzu esatea, azalpenak eskatzeko tesituran jartzen nauzu. Eta ez dit balio esateak besterik gabe  bertxiotu duzula, inertziaz, ea zer duen horrek txarretik.

Barkatu deseroso sentiarazi baldin bazaitut, baina gertatzen zaidana da politikagintza, alderdikoikeriak, kanpainak, aspergarri mortalak egiten zaizkidala. Ez dakizu ondo nola… Eta gaitzerdi soilik aspermena balitz eragiten didatena, tristura ere sentitzen baitut, adibidez, Twiterren batzuk zein besteak ikusten ditudanean mezuak ordu laurdenero zabaltzen, proiektu bat proposatzen beharrean iruzkizun ustez argiak eta burutsuak idazten kontrarioa higatzeko ahaleginean. Proiektu esan dut? Ez dakit ondo azaldu dudan esan nahi dudana, ene uste apalean inork ez baitu proiektu sozialik planteatu. Ez ote dago guztiz agortuta, edo ez ote du zentzua galdu demokrazia ordezkatzailearen ereduak…

Gero esango dugu Espainiako politikagintzaren panorama penagarria dela, kutre batzuk direla, baina hori/horiek kritikatzeko erabiltzen ditugun elementuak kontuan hartuta, gu ez gara atzera geratzen. Ez, ez dago euskal oasirik, eta, bestetik, hau ez da gure estiloa esaten dugunean, gure estiloa zein den jakin nahiko nuke. Jakin nahiko nukeen bezala EAJren kanpainarako kartelean Urkulluren atzetik doan neskak zergatik daramatzan aurikularrak lepotik zintzilik eta ez jarrita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>