Aitzondo: haritz kandugabearen gordailua

Haritz-basoa

Basoa beti da zaindu beharreko altxorra, are gehiago berezi egiten duen zerbait gordetzen badu. Legazpin, Brinkola auzoan, bada horietako bat, Aitzondo. Haritz kandugabea nagusi duen basorik handiena da erkidego mailan.

Aizkorri-Aratz parke naturalak altxor handi bezain ezkutua du bere magaletan, Aitzondo basoa. Legazpiko Brinkola auzotik gora joanda, 800 bat metroko altueran kokatuta eta 400 hektareako zabalerarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko haritz kandugabe basorik handiena da.

Haritz kandugabea (Quercus petraea) edo mendiko haritza da zuhaizti honetako espezie nagusia, eta horrek egiten du Aitzondo eremu hori berezi. Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko zuzendari Valentin Mugarzak azaldu duenez, «inguru honetan beste haritz mota bat da arruntago, haritz kanduduna edo Quercus robur. Hemengo haritza ere esaten zaio honi. Gernikako Arbola, adibidez, azken espezie honetakoa da».

Itxuraz ez dira oso desberdinak bi zuhaitz motak, kanduan dago gakoa: haritz arruntaren fruituaren txanoa bi-hiru zentimetroko luzera duen txorten edo kanduarekin dago lotuta adarrera, «gereziak bezala», azaldu du Mugarzak, baina haritz kandugabearen ezkurrak ez du horrelako txorten edo kandurik, eta ia zuzenean ateratzen da adarretik edo hosto multzoetatik.

Brinkolako Aitzondo hariztia Urola ibaia jaiotzen den eremuko Urkimendi (783 m), Altzola (869 m) eta Pagola (834 m) mendi inguruetan dago kokatuta. Brinkolakoarekin batera, haritz kandugabeko bi zuhaizti handi gehiago ere badaude autonomia erkidegoan, bata Gorbeian eta bestea Arlabanen, Araban biak.

Aldundiaren Life proiektua

Maquetación 1Aitzondo hariztia baso gaztea da, haritzek 50-60 urte dituzte, eta badu beste berezitasun bat, pagoz josita dagoela, eta hori «mehatxua» da bere iraupenerako. Horregatik,  Europatik datorren Life+ Natura programaren barruan, Biodibertsitatea eta Zuhaitz-Motzak proiektua garatzen ari da bertan aldundia, basoaren kontserbazioa helburu.
Mugarzak azaldu duenez, programa horri esker baso pribatuak erosi ditu aldundiak, Legazpin 200 bat hektarea, «gehienak haritz kandugabearekin»,  eta baso publiko bihurtu eta kontserbazio lanak egin ditu bertan. Lur pribatuei dagokienez, jarduera handiegirik ez dagoela dio Mugarzak. «Tarteka eskari batzuk egoten dira su egurra ateratzeko, bakanketa eginez, eta hori da basoa kudeatzeko modurik logikoena, hamar urtetik behin edo eginda, birsorkuntza naturala bultzatzen delako. Ezin dena da baso osoa bota».

Basoaren kontserbaziorako bidean lur publikoetan egin dituzten lanek pagoan izan dute eragin nagusia. «Harizti honek duen arrisku nagusia pagoa da, pixkanaka-pixkanaka hedatzen ari delako. Pagoak ahalmena dauka haritzen azpian etortzeko, eta ukitu gabe utziz gero, hariztiak pagadi bihurtuko lirateke». Horrela, pago batzuk lepatu edo moztu egin dituzte, eta beste batzuk eraztunekin markatu dituzte, bere hazkundea gelditzeko eta ondoan dituzten haritzak ez oztopatzeko. Argi gehiago sartzen da horrela basoan, eta haritzen birsorkuntza naturala ahalbidetzen da. Gainera, zuhaitzak bota ezean eta zutik hiltzen utzita, «baso natural batean lortu nahi diren helburuetako bat ere lortzen dugu, hau da, hildako egurra ere izatea, baina lurrean botata dagoen zuhaitz bat azkar desegiten den bezala, tente dagoenak urte asko irauten du». Gainera, hilda dagoen zuhaitz hori hainbat espezieren habitat bihurtzen da, «hegaztiena, onddoena, likenena,  intsektuena…».

Okil ertainak eta saguzarrak

Aitzondon bestelako espezieak ere aurki daitezke: basaurdeak, orkatzak, basakatuak… eta hegaztien artean, okil ertainak (Leiopicus medius). «Hegazti honek hariztietan egin ohi ditu habiak, eta badirudi Aitzondon aurki daitekeela, orain arte Gipuzkoan ezagutzen ez bazen ere».

Babestutako espezie baten bizileku ere bada harizti hori: Bechstein saguzarrarena (Myotis bechsteinii), «okil beltzak [Dryocopus martius] egindako zuloak baliatzen ditu saguzar horrek». Saguzar espezie hori desagertzeko arriskuan dagoen bitartean, okil beltza geroz eta gehiago zabaltzen ari da.

Kanduan dago bi haritzen arteko desberdintasuna

Haritza-1Kandugabea (Quercus Petraea) eta kanduduna (Quercus Robur). Izenek beraiek adierazten duten bezala, kandua edo ezkurra adarrarekin lotzen duen txortena edukitzea edo ez edukitzea da bi haritz mota horien arteko ezberdintasun nagusia. Kandugabeak ez du kandurik, eta kandudunak bai. Bestelakoan, nahiko antzekoak dira bi zuhaitzak, itxuraz behintzat. Hostoari bakarrik begiratuta, adibidez, oso zaila da bi espezieak desberdintzea, baina ezkurrarekin ez bezala, kandudunarenak adarrera lotzeko txorten luzeagoa du kandudunak baino.

Haritz kandugabea altuera handiagoetan kokatzen da, 600 eta 800 metro artean, eta horregatik deitzen zaio mendiko haritza; haritz kanduduna edo haritz arrunta gehienez 600 metrora aurki daiteke, eta gehiago hedatuta dago. Bestetik, kandugabea lur siliziagoetan eta lehorragoetan bizi da.

Egurraren aldetik, bestalde, kalitate hobeagokoa da kandugabea. Oso preziatua zen garai batean itsasontziak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>