Sugegorriak, ‘vipera ezinikusis’

Monika-ArratibelMonika Arratibel • Irakaslea

Sugea, odol hotzeko animalia da. Euskal Herrian sugegorriak (izen zientifikoa: viperinae) oso ohikoak dira. Mota askotakoak hauek ere, Vipera aspis, Vipera latastei, Vipera berus… Bat gehiago ere aipatu nahi nuke nik: Vipera ezinikusis. Azken hauek oso ohikoak, ez dago basora, erreka bazterrera edo harri tarte batera joan beharrik aurkitzeko. Kalean daude, aske, zirriztu guztietan da baten bat. Beraien begirada zeharkakoa da, portaera berriz, marmarrean, atzetik ibiltzen dena, ustekabean harrapakina erasotzeko.

Vipera ezinikusis hauek, ezin dute besteen onik ikusi, miztoa dantzan darabilte, uneoro. Ez da hitz politik beraien miztotik. Sugegorri mota honek, suge pozoitsuak bezalaxe, beraien pozoia ez dute autodefentsarako erabiltzen, harrapakina mintzeko, hiltzeko baizik. Horrela, indartsuago sentitzen dira, boteretsuago, besteak baino gehiago direlakoan. Batzuk diote hozka egiteko ere gai direla muturreko egoera batean. Nire bizitzan zehar mota ugaritakoak izan ditut inguruan, vipera ezinikusis, vipera haundikeris… ezer onik ez hauen ondoan. Nahiz eta zuzeneko erasorik ez jasan, ondoeza sortzen dute inguruan baldin badira.

Arraza hau ordea, ez da ohartzen animaliak ez bezala, beraien pozoiak, norbera pozoitzen duela, odola txartzen joaten zaie eta beraien hitzetan itoz, usteltzen joaten dira. Sugegorri pozoitsu hauek, geroz eta urrutiago izan eta hobe. Baina beti ez dago gure esku, ingurua ezin baitugu kontrolatu.

Zorionez, ez dira asko nire inguruan. Baina gelditzen diren apurrei duten garrantzia ematen saiatzen naiz, batere ez, alegia. Hauxe da desagertzea nahiko nukeen arraza bakarra, besteen onik ikusi nahi ez duen sugegorri mizto zikina, vipera ezinikusis.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>