Gauzak asko aldatu dira azken ehun urteetan. Tira, baita azken bi hilabeteetan ere… Hala ere, gaurko honetan, teknologiaz ari naiz, lasai. Badirudi, atzo bertan jaitsi nintzela kalera, kabina batean sartu, buruz nekizkien zenbakiak markatuz kuadrilla osoari deitu eta atera behar ote ziren galdetzeko. Asko aldatu da mundua, bai, eta azken ehun urteetan arreta jarriz, mundua aldatu da, baina baita hau ulertzeko moduak ere. Uste dut gure etxean urteetan zehar bildutako anekdota bilduma batekin azaldu ahal dizuedala hobekien.
Gure amonak kontatzen zuen, etxean irratia jarri zuten egunean, gizon bat entzun zutela kantuan bertan. Izugarri ondo abesten zuen, eta amaitzean, bere aitak txalo egin zuen. Etxean zen izeba batek, ordea, sukaldeko lanak utzi, buelta erdia eman eta hauxe esan zuen: «Atera iozue horri txoixo mutur bat eta baxoerdi bat earki abestu dota!».
Urte batzuk beranduago, telebista etxean sartzean, gure ama eta bere anaiak gerora kutxa tontoa deituko genionari begira zeuden ia arnasarik ere hartu gabe. Sofan eserita zuten amona, aldiz, beraiei begira zegoen zur eta lur: «Ulertzen al duzue hor gertatzen ari den ezer?».
Handik beste urte mordoxka batera, anaia eta ni ginen bideo-joko batean jokatzen ari zirenak. Ama agertu zen gelan orduan, eta urte batzuk lehenago, gure birramonak bera begiratzen zuen aurpegi berberarekin begiratu gintuen: «Ez dakit nola asmatzen duzuen nondik joan behar den joko horietan».
Duela pare bat urte, lagun baten alabak, argazki bat zuen eskuan, amak eman zion bere aita txikitan nolakoa zen ikusteko. Umeak (3 urte), paperean zegoen argazkia ikusi eta hatza pasa zuen argazkiaren gainetik, hurrengoa noiz azalduko. Azken kasu honetan, bera izan zen ezer ulertu ez zuena.
Ez dakit garapen honen hurrengo fasea zein izango den, baina ziur, orduan, gu izango garela ezer ulertuko ez dutenak.