Errepide bazterrean

Uxue-FernandezUxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria

Uztailean jokatu ohi zen aurten arte Frantziako Tourra, zenbait txirrindularitza zalerentzat udako oporren atarikoa, goierritar bat baino gehiagorentzat Pirinioetara irteeraren bat egiteko aitzakia polita eta beste askorentzat telebistan eskainitako etapa amaigabe aspergarri luzeak siestarako tarte bihurtzekoa. Hil honetako hirugarren edo laugarren asteburuan sailkapen nagusia erabakitzeko garaia izan ohi zen, azken garaile lez podiumeko kaxoirik altuenera zein txirrindulari igoko porrak egiten aritzekoa edo azken emaitza ezagututa lagunartean sorpresak, etorkizuneko txirrindulariak, egungo izarrak edo itzaltzen doazenak aipagai izatekoa. Hari horri tiraka, iragan astean, uztailaren 23an, bereziki, baina baita aurreko eta ondorengo egunetan ere, 25 urte lehenagoko albiste bat ekarri zuten berriro ere hedabideek herritarron gogo, belarri eta begietara: Miguel Indurainek bere bosgarren Frantziako Tourra irabazi zuen. Lorpen garrantzitsu bezain entzutetsua izan zen gure inguruan, elkarren jarraian bost lortzen lehena izan baitzen atarrabiarra. Erreportaia, albiste, elkarrizketa, hemerotekako argazki eta antzerako asko ikusi eta irakurtzeko parada izan zen egunkari, irrati, telebista eta sareetan zehar.

25 urte atzera egin beharrik gabe, ordea, egun berean, 2020ko uztailaren 23an, eta biharamunean ere bai, Euskal Herrian bertan mundu mailako txirrindularirik onenak gertu-gertutik ikusi eta animatzeko aukera izan genuen, Nafarrako errepideetan bi klasiko jokatu baitziren, tropeleko izar gehienak bertan zirela, mundu mailako egutegiko itzulerako lehen probak izaki. Txirrindulari astea borobiltzeko, igandean, Durango-Durango Klasikoan, protagonista berak aritu ziren, ziztu bizian, bertako bide malkartsu eta bihurrietan. A zer gozatua hartu genuen Zuarrarrateko azken maldetan eta Iurretatik Goiuria gainera bidean San Juango paretatzarrean Annemiek van Vleuten, Anna van der Breggen, Elisa Longo Borghini, Ane Santesteban, Eider Merino eta gainerako txirrindulariak animatuz, euren sasoiak eta kirol maila apartak liluratuta. Ikuskizun ederra! Hedabideren batean edo bestean, agian, bakarren batzuk jasoko zenuten honen berri.

Ziurrenik, inon irakurri(ko) ez duguna da 2000. urtea ere oso oparoa izan zela euskal txirrindularitzarentzat, aurten bete baitira 20 urte Joane Somarriba handiak, urte berean, Italiako Giroa eta Frantziako Tourra eskuratu zituenetik. Baina, hori ez da garrantzitsua, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>