«Korrikarako afizioa berezkoa dut, umetatik ibili bainaiz ondo»

David_CidDavid Cidek (Lazkao, 1987) bere burua pertsona «normaltzat» du. Ofizioz margolaria da, eta afizioz korrikalaria. «Egunero irteten naiz korrika egitera, ordubete gutxienez». Halere, lehiak ez du itsutzen. «Azken finean ez gara honetatik bizi. Denborak gutxienekoa dira».

Zer du berezia korrika egiteak?
Korrika egin ondoren beste pertsona bat naiz, egunerokoak eragiten didan estres hori askatzen dut. Sentsazio hori ez dago aldatzerik.

Beste kirolik egiten duzu?
Bizikletan ere ibiltzen naiz, baina gutxiago. Nahiago dut korrika egin.

Korrika nolatan hasi zinen?
Berezkoa dudala esango nuke, umetatik ibili bainaiz ondo. Nire klasekideek gorrotatu egiten zuten, baina nik gozatu egiten nuen korrika. Gerora, apur bat alboratu egin nuen, harik eta hemezortzi edo hemeretzi urterekin, lankide batek ea Behobia egitera animatzen nintzen galdetu zidan arte.

Korrika egiten asfalto gainean hasi zinen, hortaz.
Lehen bi urteak egin nituen asfalto gainean, baina egun mendia eta errepidea biak egiten ditut. Entrenatu ere bietan egiten dut. Tira, niri ez zait entrenamendu deitzea gustatzen. Ez dut ez entrenatzailerik ez eta plangintza berezirik. Korrika nahi dudalako egiten dut.

Zein maiztasunekin egiten duzu?
Aste barruan, ahal dela, egunero gutxienez ordubete egiten saiatzen naiz. Ez badut egiten ez da ezer pasatzen, baina gustatzen zait egunero ordubetetxo bat ibiltzea. Asteburuetan gehiago egiten dut baina, beti ere, denboraren arabera. Neska lagunarekin egotea ere gustatzen zait, lagunekin… Azken finean ez gara honetatik bizi.

Ardurak eta korrika erraz uztartzen dituzu?
Egunean ordubete ateratzea ez da horrenbeste. Neska lagunarekin egoteko berarekin paseoan atera behar badut, oinez irteten naiz arazorik gabe.

Lehiakorra zara?
Batere ez. Korrika egitera irteten naiz nire zaletasuna delako. Baina irabazteak ez nau itsutzen. Nire burua estutzea gustatzen zait, baina denborak gutxienekoa dira.

Orduan, geldialdi honetan, ez duzu lasterketen falta sumatu.
Gustura egingo nituzke baina, egia esan, ez dut lasterketen hutsunea nabaritu. Nire kabuz berdin-berdin irteten naiz korrika egitera, inolako presiorik gabe. Bestela, lasterketaren bat hurbil badago, nahiz eta fresko eta gogotsu egon, ezin zara atera. Beno, atera atera daiteke, baina lasterketan esfortzu guztiak ordaindu egiten dira. Lehiaketarik gabe, korrikaldi gogorragoa nahi dudanean egin dezaket. Libreago nabil.

«Korrika egin ondoren beste bat naiz, eguneroko estresa askatzen dut. Sentsazio hori ez dago aldatzerik»
«Lasterketa luzeak gerra psikologikoak dira, eta kanpoko arazoak kudeatzeko indarra ematen dizute»

Itxialdian ez zinen gelditu. Etxean bertan osatu zenuen Ehunmilak ultra- trailaren ibilbidea.
Korridorean korrika ibiltzea ez da oso gomendagarria, baina zerbait egiteko aurrera eta atzera hasi nintzen, hamar metrotan. Probatzeagatik, egun osoa sofan ez egoteko. Konturatzeko ordubete nindoan. Jarraitzeko motibazio bat izateko neska lagunari Ehunmilak etapaka egingo nuela esan nion: 20-30 kilometroko etapak egin nituen, bi orduko saioak, gutxi gorabehera. Gorputza ez da nekatzen, erritmoa baxua delako, baina psikologikoki gogorra egin zitzaidan.

Ehunmilak proba jokatu behar zen asteburuan irten egin zinen. Barruko arra asetzeko?
Bertan behera gelditu zela jakin nuen unetik erabaki nuen proba egitea. Inori ez nion ezer esan, nire kabuz egiteko. Kalera irteten utzi zigutenean gorputza apur bat ohitu nuen desnibel handietara eta esfortzu luzeetara, etxeko entrenamenduak ezertarako ez duelako balio. Halere, ez nintzen behar bezala prestatuta heldu, bi hilabete baino gehiago behar direlako halako proba gogorra ongi prestatzeko. Baina hori gutxienekoa zen. Nire helburu bakarra amaitzea zen, eta lortu nuen denbora barruan sartzea.

Itxialditik bueltan nola topatu dituzu mendiak?
Bide asko ia itxita daude, sasi askorekin. Jendea ez da horrenbeste ibili eta baserritarrek nahikoa lan izan dute.

Zuretzako lasterketarik kutunena zein da, Ehunmilak?
Ehunmilak berezia da etxe albokoa delako. Gainera, egin nuen distantzia luzeko lehen karrera izan zen. Goierriko Bi Handiekin hasi nintzen, eta gero Ehunmiletara egin nuen salto. Nire ibilbidean beti progresio bat mantendu dut. Baina proba denak dira bereziak, bakoitzak bere berezitasunak ditu.

Urtean zenbat lasterketa egiten dituzu?
Ez dakit, pila bat. Neguan, bereziki, asfalto gainean ibiltzen naiz. Otsailetik irailera bitartean, berriz, mendikoan. Tartean errepideko probaren bat egokitzen bada, arazorik gabe egiten dut.

Atzerrira joaten zara?
Lasterketen aitzakian asko bidaiatu dut. Mont Blanceko lasterketa egin dut, Chamonixekoa… Kanpoan, normalean, proba luzeagoak egiten ditut. Ez du merezi oso urrutira joatea soilik hamar kilometro egiteko. Halere, proba luzeak atsedenik gabe kateatzea ez da ona: esfortzu fisikoa oso handia da eta gorputzak atsedena eskatzen dizu. Psikologikoki ere ahituta amaitzen duzu 30 ordu mendian lehian ibili ostean.

Non ibiltzen zara gusturago? Hemen bertan ala atzerrian?
Denboraren arabera. Aste barruan ezin zara oso urrutira joan eta hurbileko mendietan ibiltzen naiz. Errepidean ere ibiltzen naiz, bateragarriak dira. Asteburuan edo opor garaian errazagoa da kotxea hartu eta urrutirago joatea. Eskertzen da tarteka paraje berriak ezagutzea eta ingurua aldatzea.

Gozatu beharrean noizbait tokatu zaizu sufritzea?
Lasterketetan egin beharreko esfortzua handia da eta apur bat beti sufritzen duzu. Pasa egiten bazara gehiago sufritzen da. Baina gaizki sekula ez dut pasa. Behin bakarrik erretiratu naiz, duela urte asko. Bestelakoan inoiz ez dut lesiorik izan.

Hori ere garrantzitsua izango da korrikaz gozatzeko.
Profesionala ez naizenez ez dut horrenbeste behartzen nire gorputza, eta arriskatu ere gutxiago egiten dut.  Lesioengan horrek eragin zuzena duela uste dut.

Lasterketek ezer irakatsi dizute bizitzan baliagarria zaizuna?
Lasterketa luzeek gehienbat. Gerra psikologikoa da, eta horrek kanpoko arazoak kudeatzeko indar gehiago ematen dizu. Umiltasuna ere ematen didate lasterketek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>