Zeama, Zegain eta Zeura

Joseba-TelleriaJoseba Telleria Albizu • Irakaslea eta ikaslea

Zegama, Zerain eta Segura, Aizkorpeko hiru herri hauen izenek bestelako jatorria badute ere (Zerainen aurreko izena Basarte zen edo Segurarena Erraztiolatza ), bada bitxikeria interesgarri bat toponimo hauen esanahiaren inguruan; eta ez edozeini entzundakoa. Joxe Miguel Barandiaran antropologo, etnologo eta arkeologo ataundarrari alegia.

Mutikoa nintzela, Patxi Albizu gure osabak, Segurako Uskatza inguruan, gizakiak egindako zulo batzuk aztertzera ekarri zuen Joxe Miguel. Handik jaitsita, San Andres baserri zaharreko sukaldean zeuden. Han tokatu nintzen ni. Jan baino, hitz egiten zuen gehiago. Isildu ere ez zen egiten sotanadun apaiz txiki hura. Hainbat konturen artean, Segurako eraikinik zaharrena San Andres ermitta zela eta Oria bailararen hasierako hiru herrien izenen jatorri posibleari buruzko azalpena ditut gogoan.

Sukaldetik, Segurako madurara (Oria ibaiaren Segurako harana) ematen zuen terrazara pasa ginen. Bertatik begira, galderak eginez hasi zitzaigun. Galdera horien ondorenak ziren Joxe Miguel isiltzen zen une bakarrak.

– Zer zegoen hemen eraikin hauen aurretik? Zer gizakia etorri aurretik?
– Besteak beste, noski, errekea, erantzun genion, Oria.
Ataundarrak bere galderekin jarraitu zuen:
– Zein herritan jaiotzen da ibai hau?
– Zegaman, noski. -guk-
– Ibaiaren jaioekua. Jaiolekua, ama da; ‘Ze ama’.
– Eta zer herri ikusten da ibaiaren goialdean, gure parez pare?
– Zerain. –guk-
– Ibaiaren gaina da hori; ‘Ze gain dagoen’.
– Eta pare honetan, Seguran, nola ikusten duzue ibaia?
– Handituta -berriro guk-
– Ur emaria handituta doa; ‘Ze ura dakarren’.

Oria ibaia erreferentziatzat hartuta, Zegama, Zerain eta Segura izenen jatorria maxiatzen ibilia zen Joxe Miguel… Jarrai dezala Oria ibaiak ama, gaina eta ura izaten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>