Zautokritzat

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Antoniari eta Andresi ama birjina bezala agertu da Aditza. Nork Nor sailekoa omen da, Nork beti lehen pertsona eta Nor beti bigarrena. Hona adizki batzuk: zautokritzat, zautokritzategu, bazintokritzat, zintokritzagukete…. Pare bat DIN A3tan garai bateko aditz-taula oso bat eraiki daiteke, baina erabilienak, zalantzarik gabe, Zautokritzat edo Zautokritzatet izango dira, Nik Zu edo Nik Zuek.

Esanahiaren usaina adituko da agian. Ez dakit inongo hizkuntzak baduen adiera hori duen aditzik, baina ideia erabili erabiltzen da, gure inguruko hizkuntzetan bai behintzat; izan ere, aditza sortu gabe ere, erabat da adierazgarria ideia bera, baina, hizkuntza-ekonomiari begira, Aditzaren agerkundeak esaldi oso bat ordezkatzen du, eta mugarria izango da izendatzen aurrenetakoa euskara izatea.

Euskal gatazkak egokiera asko emango dizkio, gainera, aditzari, baina, kale-euskaran ere erabili ahal izango da. Demagun: Zumarragan jaio zen eta Urretxu eta urretxuarrak  ez zituen maite, eta hala adierazi zuen behin baino gehiagotan eta komeni baino gehiagoren aurrean. Bizitzak, baina, Urretxun eraitsi zuen, ez aurretik, inguruko urretxuarren «zautokritzat!» entzun gabe.

Egoerak zaila dirudi baina, estutasunean, alde nasaia ere badu. Objektuari ez dio ekimenik eskatzen. Subjektua da ekintzaren egilea, Nik edo Guk.

Beraz, Goiberriratu da Aditza eta inori erabilgarria iruditzen bazaio, darabilela, eta ez bazaio, darrefusala, baina aringarria dirudi, Politikondok «autokritika sakona egin behar duzu» esateko mina duen bakoitzean «zautokritzat» esango balu, zenbat hitz eta denbora aurreztuko lukeen, eta genukeen, pentsatzea. Nik dixit eta guk dixigu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>