Internet eta pentsatze estiloa

Inaki-DorronsoroIñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa

Funtsean, gure prozesu intelektualaren zeregina errealitatea nolakoa den deskribatu eta nolakoa den ulertzea izango litzateke. Alde batetik datu, aztarna edo inpresio bilketa, prozesatze eta analisia, bestaldetik teoriaren eta kontzeptuen eraketa.

Pertsona batzuk iritzi bat edo erabaki bat hartu baino lehen informazioa lortu eta ondoren arretaz pentsatzea nahi izaten dute. Eta beste batzuk, berriz, azkar eta pentsatzeke aritzea nahiago izaten dute. Bigarrenari Galtungek estilo pattala deitzen dio, denetan ahula, ia «estilo intelektual formal bat izatera iristen ez dena».

Digital negoziogileen propagandak hain sutsu agintzen dituzten onura guztiek zalantzan jartzea ez da teknologiaren aurka egotea. Iraultza digitalaren kritikoetaz, direnak eta ez direnak esanez aritzen dira. Horrela teknologiaren berezko onurak eta bere erabileraren arriskuak zehaztasunarekin ikusteko gaitasunari uko egiten zaio. Edozein aurrerapen teknologikok beti galderak sortzen ditu, eta sortu behar ditu.

Iraultza digitalaren ondorioak izugarriak dira, batik bat umeen jolasteko-ikasteko moduan. Nire ustez pentsatzeko era pattala txertatzen ari da. Mutikoak ginenean gure errealitatea mundu fisikoan gertatzen zen, eta orain justu alderantziz gertatzen da: errealitateak izateko pantaila batean azaldu behar du.

Presak gune pribatuak ere kutsatzen ditu. Distantzia fisikoak ere jada ez gaitu babesten. Kontzentratzeko eta sakontasunez irakurtzeko gaitasuna lermatzen ari da.

Orain dela urte batzuk Goleman konturatu zen arreta mantentzeko gaitasuna, ulertze estilo guztientzat, gakoetako elementu bat zela. Egiten dugun edozeinetan emaitza hoberenak lortzeko ez dago ezer arreta mantentzea baino. Egun gure arreta mantentzeko gaitasuna etengabeko komunikazio elektroniko elurta batek jazartuta egoten da. Eta arretaz behatzea begirada bat ematea baino gehiago da. Behatzeak informazioa zaratatik bereizteko gogo esplizitua dakar.

Datuei zentzu bat emateko, edo teoria bat garatzeko, besteek ulertu eta norbera ulertzeko ere aurrez aurre hitz egin beharra dago. Are gehiago, lan horretarako bakardadea ezinbestekoa da, eta garrantzitsuenak norberarekin izaten ditugun solasaldiak dira.

Pentsatzeko estiloa deitzen diogun horrek bakoitzak munduan izateko eta bizitzeko daukagun moduarekin sekulako zerikusia dauka. Ez da teknologia gure gaitz guztien erruduna, berarekiko guk izaten dugun portaera baizik.

Garuna plastikoa denez, datorzkigun urteetan, pertsonak, eta batik bat haur eta gazteak, kritikoki pentsatzeko hezitzen jarraitu behar dugu. Horrela, iristen zaien informazio ugaria iragazi eta ulertzeko gai izango dira. Estilo pattala eta pistoladun estiloa beti eragozpen larri bat izango dira askatasunean hazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>