hezkuntza bera ondare bihurtzen denean

Legazpi-eskola-2

Ondarearen zabalkunderako bitarteko ezezik, ondare ere bada hezkuntza bera, eta hori herritarrei erakusteko, hainbat ekintza antolatu dituzte Goierrin.

Ondarearen Europako Jardunaldiek oihartzuna izango dute berriz ere Goierrin. Europako Kontseiluaren ekimenez antolatuta, ondarearen garrantzia balioestea eta herritarrei gerturatzea da jardunaldi horien xedea, eta Gipuzkoan  bosgarren aldiz egiten ari dira aurten, beriz ere, Foru Aldundiak bultzatuta.

Jardunaldien edizio honetan hezkuntzak hartu du toki nagusia. Irailean hasi eta azarora bitartean, lurralde osoko 70 erakundek aldundiarekin batera antolatutako 100 bat jarduera eta 150 ekitaldi bildu dituzte Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza izeneko programaren barruan.

Eta aurtengo jardunaldien ardatza hezkuntza izanik, hezkuntzaren alorrari merezi duen balioa aitortzea eta herritarrei utzi dien ondare materiala zein inmateriala edo ukiezina ezagutaraztea da antolatu dituzten ekintza horien guztien helburua.

Jarduera horietako batzuk Goierrin izango dira. Hezkuntzaren gaiarekin estuki lotuta, Beasainen, Idiazabalen, Legazpin eta Ordizian, erakusketak, tailerrak eta bisita gidatuak antolatu dituzte. Ondarearekin zerikusia duten beste alor batzuk jorratuz, berriz, Urretxun, Ezkion, Ormaiztegin, Seguran, Zegaman, Zerainen eta Zumarragan ere izango dituzte ekintza gehiago.

Hezkuntzak utzi duen ondarea

Hezkuntza eta ondarearen arteko lotura ez da berria. Azkenaldian joera handia dago ondarea hezkuntza baliabide gisa erabiltzeko, baina hezkuntza bera ere ondare bihurtzen da, eta hori gordetzea eta balioan jartzea ezinbesteko ariketa da herri baten historia osatzeko garaian. Ez bakarrik ondare materiala, hau da, eraikinak, argazkiak, eskolako altzariak edo koadernoak eta idazlumak bezalako tresnak, baita ondare inmateriala edo ukiezina ere.

Ondare materiala ezaguna eta gertukoa egiten da, baina zer da hezkuntzaren ondare ukiezina? Eskola tradizionalaren kultura osatzen duten elementuak dira,  eta berezkoak dira hezkuntza praktikarekin lotuta dauden prozesu guztietan. Normalean ahoz eta modu kolektiboan trasmititzen diren ohiturak, keinuak, kantak, otoitzak… sartzen dira multzo horretan, eta nola ez, baita oroitzapenak ere. Eta, batez ere, jakintza.

Horixe da hain zuzen, jakintza, Josetxo Zufiaurre beasaindar etnografoak eta Beasaingo irakaskuntzaren historiaren ikerlariak azpimarratu duen hezkuntza ondarea, lagunartearekin batera: «Lagunarteak eskolatik jaiotzen dira gehienetan, eta betirako izaten dira orokorrean». Irakasleak ere aipatzen ditu, arrazoi batengatik edo bestearengatik gogoan geratzen direnak, «ikasleei musika bezalako zaletasunen bat transmititu dielako, adibidez». Zufiaurrek oraindik ondo gogoan du La Salle eskolan ikasi zuenean tiple gisa elizako abesbatzan abesten zuen garaia.

Euskararen alorrean ikastolak sortzen guraso askok egindako lana ere ondaretzat du Zufiaurrek, gaur egunera arte iritsi direlako haren emaitzak, eta etorkizunean ere izango dutelako oihartzuna. Berak ere parte hartu zuen Beasaingo ikastolaren sorreran.

Helburuak eta ondorioak

Goierri garaiko hezkuntza munduarekin lotura estua izan duen irakase ohi batek ere balio handia ematen dio hezkuntzari ondare den aldetik. «Edozein garaitan begiratu eta, dagokion unean, irakaskuntza edo ikasketa eta heziketarik gabe ez da sortuko aurrerapenik eta hobekuntzarik bizitzarako», dio; hau da, aurrerapenak eta hobekuntzak ere hezkuntzak utzitako ondareak dira, baina, hori bai, horiek egokiak eta zuzenak izan daitezen, «behar-beharrezkoa da ondo definituta edukitzea zer erakutsi, zertarako hezi, eta hori dena zertarako edo zer idealetarako edo lorpenetarako», eta horren guztiaren arabera, «emaitza mota desberdinak sortu eta lortuko dira gizadiarentzako».

Adibide bat jartzearren, Legazpi aukeratu du, eta aurreko mendearen bigarren erdialdean bertan sortu ziren guraso elkarteak aipatu ditu, «langileen seme-alabek batxilergoa ikasi ahal izateko eta, ondorioz, lan aukera hobeak eta gehiago izateko» helburuarekin lan egin zutelako.  Zufiaurrek bezala, ikastola ere aipatu nahi izan du, haren sorreran jardun zuten guraso, andereino eta laguntzaileek egindako lanak «euskara eta euskal kultura bizirik mantentzea eta pedagogia berriak uztartzea» zuelako helburutzat; baita «neskak eta mutilak bereiztu gabeko irakaskuntza eta heziketa» ere. Goierri garaian lanbide heziketa eraberritzeko eta garatzeko ahaleginak eta proiektuak eta ingurugiroarekiko kontzientziazio ekintzak ere aipatu ditu adibidetzat.

Ikusten denez, hezkuntzak utzitako ondare ukiezinak ñabardura askotarako zirrikituak uzten ditu. Argi dagoena da eskola garaian ikasitakoak eta ikusitakoak eskolatik igaro diren guztien barru-barruan geratu direla, izan maila pertsonaleko jakintza, lagunartea edo zaletasun bat, edo izan gizarte mailako aurrerapena eta hobekuntza. Ondare immaterial horren parte dira denak.

Beasaingo hezkuntzaren bilakaera eta jolasaren garrantzia, iruditan

  • Eskola-BeasainHezkuntzaren hastapenak eta bilakaera. Erakusketa. Igartzako burdinola. Urriaren 2tik 18ra.
  • Goazen elkarrekin jolastera. Erakusketa. Igartzako errota. Urriaren 2tik 18ra.

Igartzako burdinolak Beasaingo hezkuntzaren hastapenak eta bilakaera erakutsiko dituen argazki bilduma hartuko du bere baitan, urrian zehar. Josetxo Zufiaurrek, Beasaingo Paperak bildumaren barruan, irakaskuntzaren inguruan 2015ean osatutako lan monografikoa hartu dute oinarritzat erakusketaren antoaltzaileek. Argazkiak herriaren historiaren zati hori ezagutzeko euskarri bihurtuko dira, ikasle taldeenak batez ere, baita orain ia ez dauden eraikinenak ere.

Beasainen lehen zeuden ikastetxeak eta oraingoak, eta auzoetakoak, denak jaso dituzte erakusketan. Esan behar da Beasaingo hezkuntzaren historia oso zabala dela. Urteetan atzera joanda 1715ekoa da hezkuntzari buruzko lehen berri dokumentala, Astigarreta eta Gudugarretako eskoletarako maisuaren kontratazioari buruzkoa. Handik aurrera, eskolei buruzko erreferentziak etengabeak dira, eta zerrenda, oso luzea: Loinazko San Martin edo La Salle, Arte eta Lanbide Eskola, Pensionnat Notre Dame, Karmengo Ama, San Jose, San Juan, CAF-eko eskola industriala, Goierri Lanbide eskola,lehen ikastola (1917koa), Alkartasuna lizeoa, Andramendi ikastola eta Loinazpe eta Txindoki insitutuak.

Jolasa, berriz, hezkuntzarekin oso lotuta dagoen jarduera da. Inguruan jolastu izan direnak eta betiko abestiak, batez ere euskarazkoak, gogora ekartzea du helburu Igartzako beste txoko batean, errotan, ikusgai egongo den erakusketak. Aurreko belaunaldikoek panpinak nola egiten zituzten, tortolosetan nola jolasten zuten, zangoetan nola ibiltzen ziren edo familia giroan zer abesten zuten… hori guztia ezagutzeko aukera izango da bertan, aiton-amonek emandako testigantzei esker. Jolaserako erabiltzen zuten materiala ere ikusgai egongo da, baita jokoak ere.

Eskolako argazki zaharrekin lehengo Idiazabal ezagutzeko aukera

  • Eskola-IdiazabalHezkuntza erakusleihoetan. Erakusketa. Idiazabalgo hezkuntzaren historia eta ondarea jasotzen duten argazkien eta elementuen erakusketa. Herriko erakusleihoak. Udazkenean.

Idiazabalgo hezkuntzaren historia jasotzea eta erakustea du helburutzat Ondarearen Europako Jardunaldien barruan herrian prestatzen hasiak diren erakusketak. Lan taldea osatzeko prozesuan daude oraindik, baina laster material bilketarekin hasiko dira, eta jasotakoak udazkenean zehar izango da ikusgai, herriko erakusleihoetan. Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Museoaren lankidetza izango dute horretarako.

Argazkiak eta liburuak, koadernoak edo ikasmahaiak bezalako eskola materiala izango dira ekimen horren ardatz nagusiak, garai bateko ikasleen testigantzekin batera. Azken horiekin, besteak beste, lehengo eta oraingo ikasgaiak, ohiturak, edo eskolak emateko moduak alderatzeko aukera izango da. Izan ere, hezkuntzak bilakaera bat izan du, eta horrek ere islada izango du erakusketan.

Idiazabalgo hezkuntzaren historian 1885. urteko eskolak jarri zuen lehenengoetako mugarria, garai hartan euskarazkoa zelako eta herrian alfabetatze maila altua izatea lortu zuelako. Musikaren derrigorrezko heziketa izan zen beste mugarrietako bat, herrian musikari asko sortzea ekarri zuelako. Ondoren, beste hainbat data esanguratsu azpimarratu behar dira Idiazabalgo hezkuntzaren bailakaeran. Hala, 1928an, eskola nazionala inauguratu zen, gaurko udaletxean; eraikin hartako hainbat elementu umeentzako egokituta zeuden, eskaileretako harmailak ohi baino txikiagoak ziren, esaterako. 1960ko hamarkadan, bestalde, ikastola bat sortu zen, eta gero Aita Iparragirre herri eskolaren sorrera etorri zen, eskola nazionalak eta ikastola elkartuta. Urtsuaran auzoan ere izan zen eskola, eta badira han ikasi eta garai hartako oroitzapenak partekatzeko prest dauden herritarrak.

Aitona-amonen garaiko eskola Legazpin, 1950eko hamarkadara bidaia

  • Eskola-LegazpiGure aitona-amonen garaiko eskola. Tailerra. Bisita gidatua izango da. Lenburren museoa, Haztegin. Urriaren 11, goizez.

Legazpiko Lenbur Fundazioak aiton-amonen eskola ezagutzeko aukera eskaintzen du, Haztegi ikastolako txoko batean egokitutako museoarekin. Bertan, 1950eko hamarkadako ikasgela bat irudikatu dute, garai hartako elementu ugari erabilita. Ikasmahaiak, arbelak eta klariona, irakaslearen mahaia, liburuak, idazlumak, estufa, jolasak, mapak, esekitokiak eta berokiak, oinetakoak gordetzeko kutxak, Francoren erretratua, gurutzea… ezer ez da falta, ezta ikaslea ere.

Hain txukun eta fidelki antolatutako eskolan sartzea, garai haietara bidaiatzea bezala da. Zorroztasuna, diziplina eta erlijioa ziren orduan hezkuntzaren balio nagusiak, euskarak ez zuen tokirik, eta neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten, bakoitzak gizartean zuen funtzioaren araberako heziketa jasotz: adibidez, joste lanak ikasten zituzten neskek, eta marrazketa lineala mutilek. Puntualtasuna, portaera, ikasketetarako gaitasuna, etekinak… oso kontuan hartzen ziren, eta zigor fisikoak baimenduta zeuden. Gizalegea, erlijioa, dotrina, historia santua, matematika edo gramatika ziren garai hartako ikasgaietako batzuk.

Gaurko eskolak bestelakoak dira, zorionez, eta Legazpiko hezkuntza mapa osatzen duten Domingo Agirre eskola publikoa, Olazabal institutua eta Haztegi ikastola mistoak, euskaldunak eta anitzak dira.

Aurretik, ordea, izan dira ikastetxe gehiago herrian, eskola nazionalak, Brinkola eta Telleriarteko eskolak, Patrizio Etxeberria enpresaburuak bultzatuta 1942an mutilentzat ireki zen salletarren Artzain Ona, neskentzako Santa Cruz akademia eta Santa Teresa ikastetxea eta Kimu Berri ikastola. Eskola nazionalak Domingo Agirre bihurtu ziren gerora, akademia itxi egin zuten, eta Artzain Ona, Santa Teresa eta Kimu Berri fusionatu eta gero, Haztegi ikastola sortu zen.

Garai bateko eskoletako irudiekin Ordiziako irakaskuntzari begirada

  • Eskola-OrdiziaOrdiziako irakaskuntzari begirada bat. Erakusket. Argazki erakusketa,g arai bateko eskola materialaz lagunduta, D’elikatuz. Urriaren 1etik 18ra. Urriaren 17an, bisita gidatua.

Ordiziak ere badu zer kontatu hezkuntzari dagokionean, eta herri baten bilakaeran hain garrantzitsua den alor horrek XIX. mendearen bukaeratik gaur egunera arte egin duen bidea erakutsiko dute D’elikatuz zentroan, argazkien eta beste hainbat eskola objektu eta materialaren bidez.

Urdaneta eskola publikoa, Oianguren institutua, Jakintza ikastola eta Goierri lanbide eskola eta unibertsitatea dira gaur egun Ordiziako ikastetxeak, baina horien aurretik beste izen batzuek osatzen zuten herriko hezkuntza mapa, batez ere erlijo ordenen menpeko eskola pribatuenak. Hala, herri guztietan zeuden eskola nazionaletan ez ezik, ordiziarrek beste ikastetxe hauetan ikasteko aukera ere izan zuten urteetan zehar: haurren eta nesken San Jose, Karmeldar ahizpek kudeatutakoa; Karitateko ahizpen haur eskola; Kristau Eskolako Anaiek kudeatutako Santa Ana, mutilena; eta Karitateko ahizpen Milagrosa, neskena. Horiez gain, Arte eta Lanbide eskola bat ere izan zen herrian, Urdaneta akademiak ere eskolak eman zituen tarte batean, eta hezkuntzari oso lotuta egon zen Victor Mendizabal fundazioa. Haurtzaindegi bat ere sortu zuten 1976an, gerora Alotza izenez ezagutuko zena.

Hezkuntza ibilbide zabalekoa da, beraz, Ordizia, eta argazkien bidez osatutako erakusketak horren lekukotasuna emango du. Ikasle taldeetako argazkiak izango dira nagusi, baina gaur egun ez dauden ikastetxeen egoitzak eta desagertutako eraikinak ere ikusi ahal izango dira, baita Santa Ana jaietako programetan agertzen ziren ikastetxeen ikasturte amaierako festen aipamenak ere. Irudiari laguntzeko, garai bateko eskola gogoratzeko, ikasmahaiak, arbelak, tinta poteak, liburuak eta abar izango dira erakusketa aretoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>