zumarragako azoka, nortasun bereziko gunea

Zumarragako_azoka__baserri

Aurreko legealdian hasita, Zumarragako Udala larunbateko azoka biziberritzeko proiektua ari da garatzen. Marka sortzearekin batera, baserritarren gunea berriztatu dute.

Beste herrietakoek bezala, Zumarragako larunbateko azokak ez ditu bere une gozoenak bizi COVID-19aren ondorioz, baina azken hilabete hauetako egoera bereziak ez du udala kikildu lehen sektorearekin astero izaten den hitzordu horri merezi duen balioa emateko jardunean. Azoka biziberritzeko eta indartzeko duela ia lau urte martxan jarritako proiektuak aurrera darrai.

Aurreko legealditik datorren udal apustua da Zumarragako azoka biziberritzea. 2016an proiektu estrategiko gisa izendatu zuten gobernu plangintzan, eta harrezkero, Goimenen babesarekin eta foru aldundiaren eta teknikari adituen laguntzarekin, hainbat pauso eman dituzte helburu hori lortzeko bidean. Baserritarren eta bertako produktuen salmentan jarri dute indarra, baina azoka anitza dela kontuan hartuta, eta frutarena edo arroparena bezalako beste atalak ez dituzte ahaztu.

Lau ardatz ditu proiektuak: gune fisikoa eguneratzea eta modernizatzea, marka baten sorrera bultzatzea, komunikazioaren alorra lantzea eta dinamizazio ekintzak egitea.

Baserritarren gunea berritzen

Euskadi plazan, udaletxearen pareko arkupeetan dago baserritarren gunea –gaztelaniaz nave de las caseras bezala ere ezagutzen da–, eta larunbatero 20 postu inguru kokatzen dira bertan. Saltzaileak Zumarraga bertakoak eta inguruko herrietakoak dira: Urretxu, Beasain,Ezkio, Gabiria, Legazpi, Azkoitia, Arama… Denetik saltzen dute: barazkiak, lekaleak, ogia, gazta, arrautzak, hestebeteak, loreak eta landareak, baratzerako landareak, gozoak…

Gune horren hobekuntza fisikoarekin hasi dira gauzatzen azoka biziberritzeko plana eta, besteak beste, kristalezko itxiturak jarri dizkiote arkupeari, sapaiak intsonorizatu egin dituzte eta urria eta azaroa bitartean paretak margotuko dituzte, argiteria berritzearekin batera. Guneari gozotasuna edo erosotasuna ematea da lan horien helburua, eta aurrerago gauzatuko den beste hirigintza proiektu handiago batekin lotuko dira, Soraluze eta Legazpi kaleak eta Euskadi plaza oinezkoentzako bihurtzeko proiektu integralarekin, alegia. Proiektu horren barruan plazako estatuaren inguruko hesiak kentzea eta zoru guztia berritzea ere aurreikusten dute. Baserritarren gunean, bestalde, saltzaileen lana errazteko helburuz, karga jasogailu bat ere jarriko dute datorren urtean, Zelai Ariztiko parkera ematen duten eskaileren aldetik.

Berrikuntza horiek guztiak, baserritarren guneko saltzaileekin batera adostutakoak dira. Izan ere, parte hartzailea da azoka biziberritzeko proiektu osoa, eta herriko beste eragile ekonomiko eta soziokulturalen partaidetza ere jaso dute plangintza diseinatzeko orduan, azokak herri osoan duelako eragina, eta azoka jasotzen duen gunea herri osoak erabiltzen duelako.

Marka eta komunikazioa

Prozesu parte hartzaile batetik abiatu da, baita ere, Zumarragako azokaren markaren sorrera. Azoka handia izanik –Gipuzkoako bosgarrena da, Donostia, Ordizia, Tolosa eta Azpeitikoaren atzetik–, nortasun edo marka propioa behar zuela ikusi zuten, eta logotipo bat sortu zuten, herriaren iragana, oraina eta etorkizuna lotuz. Logotipoan, Zumarragak bere historiaren aro desberdinak nola uztartu dituen irudikatzen dute elkarrekin lotutako borobil gorrixkek, eta besteak beste, Antioko baselizako habeak elkartzeko sistemari eta otarrak egiteko zumea gururatzeko moduari egiten diete aipamena.

Markaren sorrera azokarekin lotutako komunikazio estrategia berrian kokatzen da, eta besteak beste, baserritarren gunea ixten duten kristalezko ateetan jarri dute. Komunikazio estrategia horren baitan, logotipoa eramango duten azokako poltsak edo postuetan jartzeko mahai zapiak egiteko asmoa ere badute, besteak beste.

Bestelako ekintzak ere aurreikusten dituzte, tradizioan edo produktuen kalitatean oinarritutako erosketa esperientziak dinamizatzeko helburuz.

COVID-19aren eragina

Proiektuak, asmoak, plangintzak… Zumarragako azokaren biziberritzea martxa onean zihoan, baina pandemiak  prozesua moteltzea ekarri du, udalak beste gai batzuri eman behar izan diolako lehentasuna. Azokak berak ez du ia etenaldirik izan, baina aldaketa garrantzitsuak ezarri dituzte eta osasun neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte. Baserritarren gunea betiko saltzaileentzat gorde da, postuen berrantolaketa eginda. Fruta eta bestelako elikagaien saltzaileak Zelai Ariztiko pilotalekuan kokatu dira, eta arropa, oinetako eta osagarriak La Salle ikastetxeko patioan.

Hilabete batzuk igaro dira egitura horrekin, eta momentuz ez da aurreikusten saltzaile guztiak Euskadi plazan elkartzea, segurtasun distantziak mantenduta, guztientzako tokirik ez dagoelako. Hiru gunetan banatuta jarraituko du, beraz, guztira 5.380 metro koadro hartuz eta 61 saltzaileri tokia eginez: plazako arkupeetako baserritarren gunean 19 postu daude eta beste lau jartzeko eskaerak jaso ditu udalak, Zelai Ariztin 12 postu, eta La Sallen 30 postu.

Pandemiaren beste ondorio bati ere erantzun behar izan dio udalak, kalte ekonomikoari, eta gainerako merkatariei bezala, beren jarduera etenda izan duten azokako saltzaileei zuzendutako laguntza programa du martxan.

Ordenantzaren osaketa

Pandemiaren garaiko lehentasunezko premiei erantzun eta gero, udalak berriz heldu dio azoka biziberritzeko proiektuari, eta ordenantza baten lanketan jarriko du indarra datozen asteetan. Izan ere, Zumarragako udalerriak ez du azokaren kudeaketa edo antolaketa gidatzen duen ordenantzarik.

Horrekin batera, komunikazio plana ere indartu egin nahi dute, eta pandemiaren aurretik markaren inguruan definitu ziren ekintza zehatzei helduko diete berriz, horien artean geltoki inguruan informazio panel digitala jartzea edo herri osoan zehar azokara daramaten ibilbideak diseinatzea. Sortu berria duten Facebook kontua ere bultzatu nahi dute. Bestelako egitasmoak ere badituzte esku artean, erosketak aldez aurretik enkargatzea eta jasotzeko puntuak jartzea, besteak beste.

Hori guztia gauzatzeko, Zumarragako Udalak Ikerpartners enpresaren laguntza izango du.

Azoka biziberritzea

Lau ardatz ditu Zumarragako azokaren biziberritze proiektu estrategikoak.

  • Gune fisikoa modernizatzea. Kristalezko itxiturak jarri dituzte baserritarren gunean, sapaia intsonorizatu dute eta datozen asteetan margotu egingo dute eta argiteria berritu.
  • Zumarragako azoka marka. Azokaren nortasuna edo marka propioa islatzen duen logotipoa sortu dute.
  • Komunikazio plana. Poltsak eta baserritarren postuetarako mahai zapiak aterako dituzte, Facebook kontua indartu, informazio panelak jarri…
  • Dinamizazio ekintzak. Erosketa esperientziak indartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>