«AMAK taldea sorpresa handia izan da niretzat»

Alaitz_Telletxea_trikitila
Ibilbide luzea du Alaitz Telletxea trikitilariak (Oiartzun, 1976). Alaitz eta Maider bikoan 14 urterekin hasi zen plazaz plaza, eta bolada batez oholtzatik kanpo egon eta gero, AMAK taldean dabil orain, Kristina Solano, Amaia Oreja eta Maixa Lizarribarrekin. Gaur Lazkao bizitokian joko dute, eta bihar zortzi bukatuko dute bira Telletxearen sorterrian. San Beniton Lehen Hezkuntzako Musika irakasle aritzen da.

Alaitz eta Maider osatu zenuen gaztetan Maider Zabalegirekin. Garaiz hasi zenuen plazetako ibilia.
Hamalau urte genituela hasi ginen Maider eta biok elkarrekin. Orduan zortzigarren mailan ginen, oraingo DBH izango litzatekeena. Euskal Herriko kantu txapelketan parte hartu genuen beste zazpi neskek eta ordutik aurrera hasi ginen biak jotzen. Hasieran nire familiako afari eta bazkarietan hasi ginen jotzen. Pixkanaka jendea deitzen hasi zitzaigun eta aurrera jarraitu genuen.

Beti trikitia eskuan. Txikitatik gustatu izan al zaizu trikitixa?
Bai, txikitatik. Nire bi ahizpek soinu handia jotzen bazuten ere niri ez zitzaidan hori gustatzen. Lehengusuak ikusten nituen familia bazkarietan soinu txikiarekin eta nik hori nahi nuen. Beraz, 9 urte nituenean gurasoek trikitixa ekarri zidaten. Nire bizitzako egunik politenetakoa izan zen egun hori!

2004an utzi zenuten proiektu hori.
Bakoitzak bere bideari egin genion 2004. urtean. Ni urte horietan bi taldetan aritu nintzen. Lantz taldearekin eta Patxi eta konpania taldearekin. Bi talde horietan asko ikasi nuen. Eszenatokiaren aurrean egotetik eta protagonismoa izatetik bigarren maila batean egotea egokitu zitzaidan eta oso gustura aritu nintzen. Lantz taldearekin asko gozatu nuen. Gure artean oso giro ona genuen eta oso ondo pasatzen genuen. Gainera Mikel Errazkinek egindako moldaketak interpretatzea ederra izan zen. Tamalez Mikel hil egin zitzaigun eta bera gabe taldeak zentzua galdu zuen. Beraz, disko bat argitaratu eta emanaldi batzuk eskaintzeko aukera izan genuen. Patxi eta konpaniarekin dantza erakustaldiak egiten zituen. Patxiri musikarekin laguntzen genion eta dantza munduko errepertorio zabala ikasi nuen, baita Europan dantzaren inguruan dagoen festibaletan dagoen giroa ere. Mundu zoragarri hori bizitzeko aukera ere izan nuen.

«Lantzekin eta Patxi eta konpaniarekin ibili ostean besoan lesio handia izan nuen eta trikitixa utzi behar izan nuen»
«Ez dut eszenatokiaren faltarik izan. Hainbeste urtetan ibiliagatik eta izandako lesioa zela eta, erabat utzi nuen dena»

Eszenatokia utzi zenuen gero. Faltan sumatu al duzu?
Bi talde horiekin ibili ondoren besoan lesio handia izan nuen eta trikitixa utzi behar izan nuen. Oso gogorra izan zen garai hura. Momentu batean ezin izango nuela berriz ere soinurik jo sinetsi nuen, eta nire bizitzak zentzua galdu zuen. Zorionez lortu nuen hori gainditzea eta orain berriz ere jo dezaket! Duela hamar urte ama izan nintzen eta bitartean irakasle izateko ikasketak egin nituen. Urte hauetan ez dut eszenatokiaren faltarik izan. Batetik hainbeste urtetan eszenatokian ibiliagatik eta bestetik izandako lesioa zela eta, erabat utzi nuen dena. Tarteka jaialdiren batean parte hartzeko aukera egokitu zitzaidan, eta gustura aritzen nintzen, baina ezer serioagoan hasteko gogorik gabe. Lesioa sendatzen ari zitzaidan eta haurra ere koxkortzen ari zela, proposamenen bati baiezkoa ematen hasi nintzen.

AMAK taldean zabiltza orain Kristina Solano, Amaia Oreja eta Maixa Lizarribarrekin. Nola sortu zen proiektua?
AMAK proiektuaren sorrera Oñatiri zor diogu. Duela urte batzuk bertan urtero antolatzen den trikitixa jaialdian parte hartu genuen Kristina Solanok eta Amaia Orejak alde batetik, eta Maixa Lizarribarrek eta nik bestetik. Iaz, Oñatiko jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin laurok elkarrekin joateko gonbidapena egin ziguten eta onartu egin genuen. Ondoren hainbat lekutatik deitu ziguten, eta azkenean AMAK taldea sortu genuen. Ordutik herriz herri gabiltza eta oso esperientzia ona izaten ari da. Niretzat sorpresa handia izan da, opari bat. Elkar ezagutzen genuen lehendik, musika munduan ibili izan baikara laurok.

Ordizian izan zineten irailean, gaur Lazkaon ariko zarete, eta bira amaiera urriaren 24an duzue Oiartzunen.
Uztailetik urrira bitartean emanaldi sorta dezentea izan dugu eta orain birari bukaera emateko asmotan gara. Oiartzunen bazen emakume trikitilari bat, Ramoni Pikabea izenekoa, eta berari omenaldi txiki bat egin nahi zaio.

Oiartzunen jaioa, baina Lazkaon bizi zara aspaldi. Zer moduz Goierrin?
Oiartzuarra naiz bai, uste dut hala izango naizela beti… Jendeak esaten dit lazkaotarra, baina ni oiartzuarra sentitzen naiz! Lazkaon eta Goierrin gustura nago. Hemezortzi urte egingo ditut bertan bizitzen eta nire ingurua egin dut hemen. Lagunak ditut, semea bertan gustura dago eta bertan lan egiten dut. Badira zortzi urte Lazkaoko ikastolan lanean hasi nintzela. Hasieran Haur Hezkuntzako tutore moduan hasi nintzen, eta gero Musika irakasle moduan hasteko aukera suertatu zitzaidan.  Orain Lehen Hezkuntzako Musikako irakaslea naiz eta oso gustura nago. Gustatzen zait eta zorteduna sentitzen naiz.

Nolakoa da lan produktiboa, bira eta etxeko lana uztartzea?
AMAK taldean laurok amak gara, laurok lana dugu eta bakoitzak bere bizi propioa. Haurrak nahiko koxkortuak ditugu laurok ere, eta horrek asko laguntzen du, baina entseguetarako elkartzeko zailtasunak izaten ditugu, batez ere ordutegi desberdinak ditugulako. Halere, nola hala moldatzea lortzen dugu eta horretarako denbora ateratzen dugu.

Pandemia egoera honetan kultur arloko lanak jomugan jarri dira.
Koronabirusa kultur arloko langileentzat astinaldi handia izan da. Galera handiak ekarri ditu eta proiektu asko bertan behera utzi ditu. Artista asko larri dabiltza. Zuzenekoak egitetik bizi den askorentzat oso egoera gogorra da. Ogibidea zuzenekotatik duten askok ez dute udan lanik izan, eta egoera dagoen bezala ikusita ez dakigu nola jarraituko duen. Garbi dagoena da egoera honetan kultur ekitaldiak egitea posible dela eta egin behar direla. Egoerak eskatzen dituen neurriak betez gauzak egin daitezke eta beharrezkoa da horretarako erakundeek laguntzak eskaintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>