Hiletak

Mikel-alvarezMikel Alvarez • Gidoilaria

Kontzertu beharra dut. Normalean astean behin gozatzera ohituak ginen zerbait da eta garai arraro hauek aurrera doazen eran, abstinentzia sindrome moduko bat garatzen ari naizela konturatzen hasia naiz. Pixkanaka, ari dira batzuk antolatzen, baina egoerak eskatzen dituen segurtasun neurrien ondorioz, ez da erraza izaten ari sarrera edo gonbidapenak lortzea. Eta lortutakoan ere, sentsazio gazi-gozo batek hartu nau gehienetan. Sentsazioa dut, COVID aroko kontzertu hauek hileta moduko bat direla. Itzuliko ez diren garai batzuei taldean agur esateko bilkurak edo. Garaiak, eta lanpostuak, gauza hauek kontuan izan beharko lituzketen askori ahazten ari baitzaio, kulturak, izpiritu eta gizarteari ematen dionaz gain, poltsikoari ere ematen diola, eta askok eta askok, euren bizimodua etenda ikusi dutela kultura pairatzen ari den frenazo honekin.

Egoera honetan izan dut 2020ko Ordiziarrocken berri eta beste behin, kolektibo honi belarriekin ere txalo egiteko gogoa sartu zait. Behar bereziei inor baino lehen erantzuteko grina eta argitasuna erakutsi izan dute beti, eta oraingo honetan ere, ezin zen bete modu batera izan. Karteltzar izugarria aurkeztu dute urriaren 23 eta 24rako, nola ez, segurtasun neurri guztiak betez.

Bide honi jarraituz, datozen hilabeteetan halako beste hainbat ekitaldi agertzea espero dut, baina ez ditzagun solitarioan tranpak egin. Musikaren bihotza eta eguneroko motorra kontzertuak eskaintzen dituzten taberna eta lokal txikiak dira eta hauek, ezinezkoa dute gaur egun eskatzen diren baldintzetan lanean jarraitzea. Hasi dira itxierak, eta jarraituko dute gertatzen industria edo bankuak salbatzeko hainbeste lan egiten duten horiek lanean hasten ez badira. Musikariak, teknikariak, zerbitzariak… Hori ere muskulo ekonomikoa da, hamaika etxetara jana eramaten duen sektore bat. Horri, gure arimari ematen diotena gehitzen badiogu, ulertezina da instituzioengandik jasotzen ari diren tratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>