«Lantokia baino, Gu guztion etxea izan da Mujika»

Maria-Angeles-Garmendia-2

Mutiloako Liernia auzoan dagoen Mujika jatetxeko arduraduna da Maria Angeles Garmendia (Itsasondo, 1956). Duela 38 urte hasi zen han lanean; zerbitzari bezala aurrena, sukaldean geroago eta jatetxearen arduradun nagusi modura azken 17 urteotan. Abenduaren 23an hartuko du erretiroa eta urte hauetako esperientziez eta erretiroa hartu ondorenerako planei buruz hitz egin du.

Umetan pentsatzen edo amesten al zenuen etorkizunarekin?
Sekula ez nuen pentsatu bizitzak bide honetatik eramango ninduenik. Hala tokatu zen, eta harro nago egindakoagatik. Zerbitzari bezala hasi nintzen gaztetan Mujika jatetxean, Sole Zapianek negozioaren ardura zuenean. 1982an-edo izango zen hori. Harentzat lanean aritu ondoren, utzi egin behar zuela eta, 1984.urtean erreleboa hartu genion Jose Luis Mendizabal senarra zenak eta biok. Eta gaur egun arte. Harrezkero badira 38 urte.

«Sukaldean hastea aldaketa handia izan zen, baina pixkana-pixkana geroz eta gusturago sentitu nintzen horretan»
«Etxekoek, senideek, denek lagundu didate asko, baina ahizpa Axun egunero-egunero izan dut ondoan»

Zerbitzari izatetik, jatetxearen ardura izatera. Aldaketa handia izango zen hori.
Gustukoa nuen lana, eta ezagutzen nuen negozioa. Urte mordoska bat jarraitu nuen zerbitzari bezala. Antxoni Zalduak gurekin lan egiten zuen orduan. Hark egiten zuen sukaldeko lana. Urte asko egin genituen horrela, Zeraingo Ostatura lanera joan zen arte. Orduan hasi nintzen ni sukaldean. Hori ere aldaketa handia izan zen, baina pixkana-pixkana, geroz eta gusturago sentitu nintzen horretan ere.

Zure egitekoan bakarrik ez, Mujika jatetxean izan diren aldaketen lekuko ere izan zara.
Bai, hala da! Hiru obra garrantzitsu egin ditugu. Baina horietatik azkena izan zen handiena. 2002. urtean izan zen hori, eta gaur egun duen itxura eman genion jatetxeari. Ordura arte, ez ginen ez txiki, ez handi. Apustu sendoago bat egiteko espazio falta sumatzen genuen, eta handitzeko erabakia hartu genuen, ezkontzak ere ospatu ahal izateko, besteak beste. Obra egin aurretik, 3-4 pertsona ginen lan taldean, ondoren, 10-11. Ilusio handiarekin heldu genion.

Eta zu haiek koordinatzen…
Jose Luisek egiten zuen jendearekiko tratua eta erosketak. Ni berriz, sukaldekoaz arduratzen nintzen. Obra egin eta urtebetera hil zen senarra. Beraz, ordutik aurrera nik hartu nuen ardura osoa, denera zabaldu behar izan nuen.

Momentu horretan zer pasatu zen zure burutik?
Bi seme ditut, eta Jose Luis hil zenean, zazpi eta 14 urte zituzten. Familia aurrera ateratzea besterik ez nuen buruan. Hori bakarrik ez, ilusio osoz egin genuen azkeneko obra handia, eta aurrera egitea besterik ez zegoen. Bide horretan gainera, laguntza handia izan dut, etxekoak, senideak, ondoan izan ditut beti. Batik bat ahizpa Axun. Denek lagundu didate asko, baina Axun egunero-egunero izan dut ondoan.

Zure semeak ere hemen hazi dira?
Bai, hala da! Jatetxearen gainean dugu etxea, beraz, hemen ibili dira txikitatik. Begira! Lanean izugarri disfrutatu dut. Oporrak iristen zirenean gustura hartzen nituen noski, baina berriro lanera bueltatzeko ere pozik egoten nintzen. Dena den, semeekin pena bat eduki dut; ez dudala disfrutatu haiek hazten. Jatetxeko lana oso lotua izan da. Ahizpak eta koinata etortzen ziren, eta semeekin egoten ziren, edo haien etxeetara eramaten zituzten asteburuetan. Orain espero dut denbora gehiago izatea bilobekin disfrutatzeko.

Maria-Angeles-Garmendia-3Familia oso batua zaretela ematen du, eta horrek ere indartu zaituela eta asko lagundu dizula dirudi…
Bai, oso! Negozioa nik eraman badut ere, gainean egon dira beti, nire itzala izan dira momentu oro. Mujika jatetxea gu guztion etxea izan da.

Nolakoa da lan egun bat zuretzat?
Izaten dira egun gogorragoak, baina orokorrean, oso eramangarriak dira. Goizetan 07:30ak inguruan hasten naiz lanean. Astean zeharreko martxa eta eta asteburukoa nahiko desberdina izaten da. Astean zehar eguneko menua, eta asteburuan, karta. Asteburuetan gehiago luzatzen dira lan egunak.

Semeak aipatu dituzu. Lanik egin dute jatetxean?
Bai, laguntzen dute bai!  Dena den, duela pare bat urte, erretiroa hartzeko garaia iristen ari zitzaidala pentsatzen hasi nintzenean, garbi esan nien nire etapa bukatzen ari zela, eta jatetxetik kanpo nahi nituela.

Hori, zergatik?
Ederki ezagutzen dudalako lanbide hau, eta oso lotua delako. Gainera, ongi ezagutzen dudalako nire burua. Badakit haiek hemen jarraitzen badute, nik ere hemen jarraituko dudala behin erretiroa hartuta ere. Eta garbi dut…ez dut horrelakorik nahi! Esan bezala, asko disfrutatu dut lanean, baina familiarentzat denbora gehiago ez izatea ere faltan sentitu dut. Orain nahi dut  jatetxetik kanpora elkarrekin egoteko denbora gehiago izatea guztiok.

«Bezeroari gauza ona ematea gustatzen zait, eta horrela izanda berriz etorriko dira. Gaizki jokatzeak galtzea dakar»
«Abenduaren 23an dut erretiroa, eta eguna gerturatu ahala, halako sentsazioa arraro bat daukat barru-barruan»

Aurtengoa zelebre badoa ere, datorren urtean Lierniko festak ere sukaldetik kanpora ospatzeko moduan egongo zara.
Egun oso polita izaten da. Gogoratzen dut, aspaldi, Lierniko Amabirjinaren egunean izaten zela tiro-pitxoia. Goizean, 07:00etan hasten ziren izen-emateekin, eta taberna bete-beta egindako egoten zen. Egun berean egiten zuten txirrindularitza proba, eta jende pila ekartzen zuen horrek ere. Zenbat jende biltzen zen…ikaragarria zen! Azkeneko urteetan, egitaraua aldatu egin da, eta lehen beste jende etortzen ez bada ere, izaten da mugimendua. Ea datorren urtean ospatzeko moduan gauden.

Eta bertso afari sonatu horiei buruz zer duzu esateko?
Iaz egin genuen despedida. Aspaldiko kontuak dira horiek ere! Gure lau lagunek afaltzera etortzeko ohitura zuten, tartean zen senarra zena. Eta broma eta broma artean egun batean bertso afaria egin behar zutela eta deitu zieten Lizasori, Egañari, Muruari, Peñagarikanori… Aurrena, hasi ziren modu pribatuan egiten. Ondoren pentsatu zuten ideia ona izan zitekeela jende guztiari aukera ematea, eta hala hasi ginen, Inauterietako Ostiral argal egunean egiten.

Azken hilabeteetan ordea, gauzak asko aldatu dira COVID-19aren eraginez. Zer moduz ari zarete moldatzen?
Bi hilabete eta hamar egunez itxi genuen jatetxea, maiatzaren 25ean ireki genuen berriro ere. Buelta oso gogorra izan zen. Neurri guztiak betez lan egitea… baina tira, hala behar du eta ari gara! Ezkontzetan nabaritu dugu gehien. Bertan behera gelditu dira asko. Eskuak gurutzatuta ezin genuela geratu eta hutsune hori betetzeko, ostiral eta larunbat gauetan plater konbinatuak ematen hasi ginen, kanpoan toki zabala eta ederra dugula aprobetxatuz. Eta pozik nago! Erantzun oso ona izaten ari da.

Goierri osoko jendearentzat erreferente izan zarete. Familiako bazkaria ez bada, izan da ezkontza bat, eta bestela, jaunartzea, edo laneko bazkaria,…Ia goierritar guztiak egon gara nozbait zuenean bazkaltzen edo afaltzen. Zein izan da sekretua?
Lan taldean gaudenon aldetik, ahal den ondoen lan egitea. Goxotasunez tratatu dugu bezeroa, edo horretan saiatu gara behintzat, eta gure nahia beti izan da haiek gustura altxatzea mahatik. Ausartzen naiz esaten bezeroek ere hala jaso dutela.

Konturatzen zara zenbat jenderen ospakizunetan egon zaren?
Pentsatzen hasten naizenean Mujika jatetxetik zenbat jende pasa den, eta horietako zenbatek errepikatu duen, satisfakzio oso handia sortzen dit.

Mujika jatetxera iristeko errepidea gainera ez da oso ona…
Ez dago ez, kamino iskina batean, propio etorri behar da hona. Beraz, gustura etortzen diren seinale.

Maria-Angeles-Garmendia-2Eta beti, zuen estiloari fidel.
Beste batzuen aldean tradizionalagoak izan gara. Hemengo jendeari gustatzen zaio errazio onak ateratzea!
Non bazkaldu aukeratzekotan, nora esango zenuke? Eta ez du balio Mujika esatea…
Kostaldera joaten banaiz, Getarian, Kaia, Kaipe. Hondarribian, Laia. Donostian, Portuetxe, Bernardoetxe. Patxikuenea ere oso gustuko dut. Gure estilokoak direnak gustatzen zaizkit.

Nolakoa zara mahaian esertzen zarenean?
Oso-oso exijentea, eta kritikoa, alderdi guztiak begiratzen ditut mahaian esertzen naizenean. Gustatzen zait guztia ondo joatea, eta gustuko ez dudan zerbait ikusten dudanean, ikasteko balio dit. Badakit nolako generoa erabiltzen dugun gurean, eta nola lan egiten dugun. Hala ere,  posible da bakarren batek esatea ez zaiola gustatu, eta errespetagarria da. Beste gauza bat da emandakoa eskasa izatea. Horrelakorik ezin da gertatu! Niri gustatzen zait bezeroei gauza ona ematea, eta horrela izanda berriro etorri nahiko dute, jendea ez da tontoa. Gaizki jokatzeak galtzea dakar.

Zer eman dizu leku honek?
Oso zaila da adierazten! Pasatu ditut momentu oso txarrak, baina batez ere, oso-oso onak. Orain, erretiroa laster dut dut, abenduaren 23an , eta egun hori gerturatu ahala, barru-barruan daukat, horrelako sentsazio arraro bat. Egun batzuetan da poza, besteetan tristura. Azkeneko 38 urteetan egunero-egunero sartu naiz ate horretatik, eta derrepente, konturatzen naiz, laster hori ez dela gehiago gertatuko. Mujika jatetxea nirea ez bada ere, nire sentitzen dut, sukalde horren parte sentitzen naiz eta hala sentituko naiz beti! Arraroa ere izango da.

Erreleborik bai?
Mujika jatetxea toki aparta da, eta bezero bikainak ditu, baina lanera datorrenak gogor lan egiteko gogoz etorri beharko du.

Planik bai erretirorako?
Noski! Biloba txiki-txiki bat dut, beste bat bidean eta haietaz disfrutatzeko gogo handia.

Tratua izan du osagairik onena

Maria-Angeles-GarmendiaItsasondoko Agerre baserrian jaio eta hazi zen Maria Angeles Garmendia. Zortzi anaia-arreben artean, bosgarrena. Aita, Patxi Garmendia, baserriko lanaz arduratzen zen. Ama, Karmen Esnaola, etxeko-lanez eta haurrak hezitzeaz. Horrela banatzen zituzten lanak.

Garai haietan, ohikoa zen etxeko txikienek ere baserrian laguntzea. Ume-umetatik, eguna argitzerako hasten zen eguneroko lanekin Maria Angeles. Eskolara joan aurretik partitzen zuen etxeko behien esnea, eta eskolatik bueltan, ganaduarekin laguntzen zion aitari.

Aurreraxeago, ardurak handitu zitzaizkion. Aitak eta anaia zaharrenak  idi parea gobernatzen zuten, eta gogoan du ordunko Iberduerok mendian kableak altxa behar zituenean, idiekin laguntzera joaten zitzaizkiela. Bitartean, Maria Angeles eta ahizpa zaharrenaizaten ziren baserriko lanak aurrera ateratzeko ardura zutenak.

Eskola «gehiegi gustatu ez» zitzaiola eta, 16-17 urterekin Zegamako Ostatuan hasi zen lanean. Harrezkero, ostalaritzaren munduan egin du lan, jendaurrean batzuetan, eta sukaldean besteetan. Beste batzuen aginduetara lehenik, eta lan talde handi baten kargu ondoren. Unibertsitatean ikasketarik ez zuen egin, baina bizitzaren esperientziak eta jendearekin tratuan egoteak eman dizkio titulu gehien. Berarentzat nahi ez duena besteentzat ere ez du nahi izan, horrela, Mujika jatetxean sartu den bezero bakoitza bezero baino zerbait gehiago sentiarazi du. Prestatu duen plater bakoitzari maitasuna eta errespetua jarri dizkio. Horiek dira sukaldean sekula falta ez zaizkion osagaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>