Pedalkadak kirolaren gailurrerantz

Egoitz-IztuetaEgoitz Iztueta Sukia • Irakaslea

Txiki-txikia nintzenekoak dira gure inguruko errepide ertzetan ditudan aurreneko oroitzapenak. Egiari zor, txirrindulariak ikustean zetzan ikuskizun hark, guretzat, xede bakarra zeukan: txirrindulariek lurrera botatzen zituzten botilatxoak jasotzea. Ez ginen jabetzen zein mailako txirrindulariak igarotzen ziren gure paretik. Gerora ohartu gara, Ordiziako Klasikoan parte hartzen zutenak tontorrean aritzen zirenak zirela: Jalabert, Olano, Vanderbroucke, Chava Jimenez, Pereiro, Valverde, Purito…besteak beste.

2005ean Ordiziako Klasikoa UCI World Tour-eko lasterketa egutegitik at gelditu zen, eta hortaz hainbat ondorio izan zituen: urtetik urtera antolatzaileentzat asko zaildu da elitekoak ekartzea, eta horren harira, zaletuen interesa gutxitzeaz gain, hedabideek ere oihartzun gutxiago eman diote. Halaber, babesle berriak lortzeko zailtasuna handitu da eta hasieratik urtero laguntza eskaini duten horien babesa ere kololan jartzen da. Gainera, azken urteetan nabarmen jaitsi da Gudarien etorbidean biltzen den ikusle kopurua.

Aitzitik, 2019ko ekitaldian Zumardian eta Barrena jauregian jarritako bi pantailek jende mordoa erakarri zuten. Erabaki aproposa, bejondeiela! Lerrook baliatu nahi nituzke oztopo guzti hauen gainetik Chapel Gorri elkarteak egiten duen lana aitortzeko, zoriontzeko eta eskertzeko. Urtean zehar hiru ekitaldi antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta lan karga handia du, ahaztu gabe, musutruk egiten den jarduna dela eta denbora asko eskaintzen diotela.

Aitortu behar dut gai honek erantzunak ematea baino, galderak sortzen dizkidala. Helburua 100 ekitaldietara iristea izan behar al da? Haratago begiratzea ez al da hobe? Nire uste apalean, urtetik urtera lasterketa hobetzen saiatu beharko ginateke. Batzuentzat utopia izan badaiteke ere, erori nahi ez bada, esfortzua mantentzen jarraitzea baino, hobetzean egon beharko luke.

Azken hamarkada hauetan ikusi dugu nola aldatu den txirrindularitza, eta horren ondorioz antzeman ditzakegu aldaketak behar-beharrezkoak direla. Probatu, nola joan den zenbatetsi, egindako ekarpenak onak izan diren baloratu, hauek mantendu edo ez erabaki…

Ideia zaparrada bat izan daiteke, esate baterako, egun aldaketa, ibilbide berria, umeentzako jolasak, emakumezkoen lasterketa, txirrindularitza azoka… gauza asko egin, aldatu, eta hobetu daitezkeen konbentzimenduz. Argi daukat egun ezagutzen dugun lasterketa honek Euskal Herriari osotasunean asko ematen diola, erakusleiho ederra dela. Beraz, zaindu eta hobetu dezagun –norberak ahal duen eta dagokion erantzukizunetik– Ordiziako Klasikoa. Konformismoan erori ordez, begira dezagun atzera, oinarritzat har dezagun aspaldiko Klasiko hura, topa ditzagun baliabide eta tresna berriak eta eman dezagun pedalkada bat etorkizunerantz, bikaintasunerantz, kirolaren gailurrerantz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>