German Urteaga Garmendia • Psikologoa eta Trans aktibista
Nik ez dakit zein izan daitekeen arrazoia, baina orohar izugarri kostatzen zaigu ondo ez gaudela esatea, eta baita onartzea ere, (Zer da ondo egotea? Horrek ere luzerako eman dezake, baina gaur ez naiz horretan sartuko).
Badira boladak tsunamia, lurrikara eta posible diren katastrofe guztiak gugana etortzen direnak, badira boladak ondo ez gaudenak, inoiz desio ez genukeen lekura jausi garenak, baina badirudi sortu dugun gizarte honetan denak bikain joan behar duela, eta batzuetan dena ez doa ondo, eta batzuetan gu ere ez gaude ondo, eta badakizue zer? Ez da ezer gertatzen. Zilegi da segundo oro ondo ez egotea, eta horrek ez du esan nahi ezkorrak garenik. Badira egunak gogorrak direnak, eta ezertarako gogorik ez daukagunak, eta zilegi da. Une horietan gogoratu bihar ere eguzkia aterako dela, eta bihar ez bada, etzi edo etzidamu.
Bolada txar bat bada, jakin tsunamia ez dela betirako, hori ere pasatzen dela. Utzi zure buruari sentitzen duena senti dezan, baina hori bai, ahalegindu zulotik ateratzen, jausten garen oro altxa gaitezke, jausten garen orotan altxa gaitezke. Askotan, baina, izugarri kostatzen zaigu laguntza eskatzea, agian hor dago arazoa. «Ez nago ondo, laguntza behar dut».
A ze esaldia e! Zenbatetan onartzen dugu ez gaudela ondo? Eta zenbatetan onartzen dugu laguntza behar dugula? Eta behin honaino iritsita, zenbatetan eskatzen dugu laguntza? Beti irten daiteke zulotik, baina batzuetan laguntza behar da, eta hau, ondo dago. Ea burmuinean sartzen zaigun laguntza eskatzea ausarta izatea dela, niretzat behintzat.
«Zer moduz?» galdetzen diguten bakoitzean zenbatetan esan dugu gezurra? Zenbatek galdetzen dugu benetan inporta zaigulako? Eta zenbatek galdetzen dugu ohituragatik? Eta galdetzen digutenean zergatik erantzuten dugu «ondo» hala ez bagaude?
Pertsona baikorra izateak ez du esan nahi egun guztiak festa direnik, edo egun txarrik, zein bolada txarrik ez dagoenik. Batzuetan denbora behar dugu, denbora zulo sakon eta ilunetik ateratzeko eta berriro ere irri egiteko. Baina, «ez nago ondo» esaten ere ikasi behar da, eta laguntza eskatzen ere bai. Ondo dago beti ondo ez egotea, eta ondo dago zulotik ateratzeko laguntza eskatzea. Agian hobeto joango litzaiguke denok hori egingo bagenu.