«Tailandiarrek haien kasa egin zuten itxialdia»

Iker-AlustizaIker Alustiza (Beasain, 1995) Tailandiara joan zan ingeniaritza elektronikoko azken urtea egitera. Ikasketak amaitu ostean, Bangkoken lana aurkitu zuen Electrotecnica Arteche Hermanos S.L. enpresan. Egun Tailandian jarraitzen du.

Zein da arlo profesionalean Tailandian duzun egitekoa?
Asia Pazifikoko herrialdeei instrumentaziozko tentsio altuko transformadoreak saltzea da nire lana. Arlo teknikoan ibiltzen naiz zehazki.

Nolakoa izan da koronabirusaren bilakaera bertan?
Koronabirusa otsailean heldu zen Tailandira. Hemen ez ziren test ugari egin,  eta hori dela-eta, ez dira datu asko jaso. Kutsatze kopurua hedatzen hasi zenean, gizarteak oso paper garrantzitsua izan zuen. Gobernuak ez zituen neurri zorrotzak jarri, baina tailandiar gehienek itxialdia haien kasa egin zuten. Gainera, denek jantzi genuen musukoa leku guztietara sartzeko, eta nola ez, eskuak garbitzeko hidrogela erabiltzen genuen.

Eta gaur egun?
Ez dago ia kasurik. Kutsatuta dauden gehienak ASQ-n (Alternative State of Quarentaine) daude. Establezimendu guztiak irekita daude. Herritarrak maskararekin dabiltza kalean, hala ere, pixkanaka garrantzi gutxiago ematen diote musukoari. Tailandiako gairik garrantzitsuena oraintxe bertan ez da COVID-19a, baizik eta egoera politikoa (manifestazio ugari daude erregimen militarraren aurka).
Euskal Herriko gizartea nahiko zaharra denez, nik gomendatuko nuke neurri gehienak adineko aitona eta amonei bideratzea. Besteak beste, adineko pertsonen egoitzetan kontrol handiagoak ezartzea.

Gabonetan bueltatzeko asmorik bai?
Bai, asmoa nuen, bai. Urtebete baino gehiago daramat nire lagunak eta familia ikusi gabe. Baina Tailandiara bueltatzeko hegazkin oso gutxi daude eta herrialdean sartzerakoan, lehen aipatutako ASQ-n egon beharra dago derrigorrez 14 egunez. 2 aste horiek 4-5 izarreko hotel batean pasa behar dituzu, eta koste hori pertsona bakoitzaren poltsikotik ordaindu beharra dago (1.000 euro inguru pertsonako). Horregatik, agian, ez daude hainbeste kasu Tailandian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>