«Ostalaritzari botatzen zaio egoeraren errua»

Lierni Auzmendi eta Maddi Iturrioz-2Lierni Auzmendi eta Maddi Iturrioz ikasleek (Beasain, 1998) Beasaingo Murgil eta Aldaxka tabernetan egiten dute lan. Kuadrillako bereko bi neska hauek herriko egoeraren inguruan hausnartu dute.

Espero al zenuten horrelako neurriak iristea?
Maddi Iturrioz: Bai, Nafarroan eta Espainiako beste leku batzuetan horrelako arauak jarri zituztenean eta kutsatze kopuruak hemen gora egin zuenean, jakin genuen denbora kontua zela hona iristea.

Zein iritzi duzue neurri hauen inguruan?
M.I.: Medikuntza munduan lan egiten duten lagunak ditugu, eta haien errealitatea ikusita, neurriak hartzeko garaia zela ikusi dugu. Hala ere, neurri horiek pairatzen dituzten pertsonak beti berdinak dira. Beti ostalaritzari botatzen zaio egoeraren errua, eta positibo guztiak ez dira tabernetan kutsatzen, ehuneko txikia dela esaten dute. Gainera, tabernak ixtearen kaltetuak ez dira soilik zerbitzariak edo jabeak; baita ere, hornitzaileak, garbitzaileak… Hori guztia katean doa.

Zer suposatzen du zuentzat hau gertatu izanak?
Lierni Auzmendi: Pena bat da, tabernak gure kulturaren parte diren heinean, herriak bizitza galtzen duelako. Horrez gain, gure diru-sarrera bakarra oraingoz taberna da. Gu ikasleak garenez, taberna azkenean aldi baterako lana da eta puntu batera arte eragiten digu. Ez gara hortaz bizi, irabazitako dirua gure gauzetarako bideratzen dugulako, kapritxoak… Baina gure lankide askok tabernako soldatarekin alokairua ordaintzen dute, seme-alabak aurrera atera…

Nolako itxura hartzen diozue egoerari?
M.I.: Egoera okerrerantz doa. Uste dugu Gabonak bitarte egongo direla neurri murriztaile hauek, Gabonetan asko kontsumitzen delako eta hori interesekoa delako. Urte hasieran berriz ere berragertzea egongo da, eta ostalaritzak jasango ditu berriz ere kalteak. Ikuspuntu baikor bat izan beharra dugu, denon esku dagoelako pandemia hau geratzea.

Aurtengo Gabonetan zer?
L.A.: Nik uste dut Gabonak baino hilabete eta erdi lehenago ixtea prebenitzeko modu bat izan dela, eta hala edo nola abenduan zehar berriz ere irekiko direla. Gure partez animo asko ostalari guztiei; seguru gaude tunel honen amaieran argia egongo dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>