ACV multimedia, Arigunea

acv

Aurten beste ariketa mota bat egingo dute ACV multimedia enpresako langileek gaurtik abenduaren 4ra bitartean. Hiru dira, eta 2018Ko Euskaraldian ahobizi izan ziren indibidualki. Aurten, gainera, Arigune gisa eman dute izena eta, hortaz, lan eremuan euskara bultzatzen saiatuko dira: «Lan eremuak arigune bihurtzea ideia polita iruditu zitzaigun eta euskara bultzatzearren egin dugu», azaldu du Edurne Rubio arduradunak.

Euskaldunak dira hirurak. Sarri euskaraz aritzen diren arren, beste askotan ere gazteleraz egiten dutela azaldu du Rubiok. Gaiaren araberakoa izaten da hizkuntza hautua haien artean: «Gauza pertsonalagoak euskaraz hitz egiten ditugu eta kontzeptu teknikoak erdaraz izaten dira». Izan ere, gazteleraz ikasi dituzte kontzeptu tekniko horiek, eta egunerokotasunean erabilera erdaraz egiten dute lan eremuko arlo horretan ohitura dela eta.

Hizkuntza ohitura aldatzea da Euskaraldiaren helburu nagusietako bat. ACV multimedian euskaraz zein erdaraz egiten dute: «Bezero euskaldun bat baldin badaukazu eta hasieratik euskaraz egin baduzu, euskaraz aterako zaizu berarekin, baina gero badago erdara hutsean egiten duen jendea, eta hasieratik sortzen duzu erlazioa erdaraz», azaldu du. Hau da, harreman hasierako hizkuntza hautua erabakigarria izan ohi da: «Hori aldatzea oso zaila izaten da».

Barne begirada

Hizkuntza ohitura aldaketa horiek lan mardula behar dute lan eremuan ere, ez dira egun batetik bestera gertatzen, euskaraz ez dakiten bezeroak dituztenean batez ere: «Hor gaude eta egongo gara euskararen erabilera bultzatzeko, eta saiatuko garela argi dago, baina ohiturak aldatzeko gainean egon behar duzu». Pixkanaka ontzen eta puzten doan proiektua da Euskaraldiak bultzatu eta ACVk babesten duena: «Ekintza hauek ohiturak aldatzeko beste era bat dira, eta azkenean dena gehitzen doa».

Gutxienez hiru langileen arteko hizkuntza ohiturak aldatzen badituzte eta ahalik eta gehien euskaraz egiten badute, aurtengo Euskaraldia oparoa izango da ACV multimediarentzat Edurne Rubiok azaldutakoaren arabera: «Iruditzen zait gure artean euskararen erabilera gora baldin badoa filosofia eta helburuak bete ditugula».

Haien arteko ohiturak aldatzea ez da horren zaila izango euskaraz egiten dutelako, baina lan eremuko kontzeptu teknikoei buruz aritzean erdaraz hitz egiten ez hastea izango da erronka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>