«Ez %100ean, baina gehiena euskaraz egiten dut orain»

marij-ose

Mari Jose Urretabizkaia  • Belarriprest • Legorreta

Mari Jose Urretabizkaia Legorretako udal-administraria da eta Euskaraldian belarriprest izateko izena eman du, 2018an egin zuen bezala: «Hasiera batean ez nekien oso ondo zer zen Euskaraldia, baina herriko batek gonbidatuta animatu nintzen». Euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatuko da dakitenekin, eta dakiten horiei euskaraz egiteko eskatuko die.

Hainbat ekintza egin zituzten Legorretan 2018an, eta berak ere hartu zuen parte: «Pertsonalki niri euskaraz gehiago hitz egiteko lagundu dit Euskaraldiak, ohitura beti izan delako erdaraz hitz egitea». Duela 30 urte inguru ekin zion euskara ikasteari, etxean ez baitzuen euskaraz egiten; urtebetez Maizpiden egon zen eta ondoren lau urte eman zituen Ordiziako AEKn. Euskaraldiaren bitartez, hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituela azaldu du: «Laneko zein etxeko harremanak erdaraz ziren, eta orain %100ean ez, baina gehiena euskaraz egiten dut senideekin eta lankideekin».

Hasiera batean euskaraz hitz egiteko gehiago pentsatu behar bazuen ere, ohitura hartuta era naturalagoan ateratzen zaio orain: «Euskaraldia bezalako ekimenak lagungarriak dira ni bezalako pertsonentzat, nahiz eta euskaraz jakin erdaraz hitz egitera ohituta daudenentzat».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>