Ezarri lantegia, arigunea

Ezarri lantegia
Beirazko mosaikoa ekoizten dute 1979. urtetik Ezarri lantegian. Hasiera batean Ikaztegietan kokatuta zeuden arren, 2000. urtean Lazkaora aldatu ziren. Lantegia Goierrin kokatuta dago orain, baina beraien produktuak mundu guztian zehar esportatzen dituzte.

Bertako esportazio arduraduna den Iñigo Elzok kontatu duenaren arabera, «Ezarrin aspalditik dago Euskara Batzordea, hizkuntzari bultzada bat emateko eta normalizatzeko». 2011n Ingudea elkartea sortu zen Goierri mailako enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko asmoz, eta Ezarri lantegia elkarte horren parte da. Aurten Ariguneari esker enpresa moduan ere Euskaraldian parte hartzeko aukera dagoenez, «ekimenaren data inguratzen zihoan heinean, enpresaren izenpean zerbait egitea erabaki genuen, eta horretarako Euskara Batzorde honen bultzadaren laguntzaz, jendeari parte hartu dezan eskatu diogu», azaldu du esportazio arduradunak.

Haren esanetan, «langile ugari batu dira ekimenera», eta Ezarri barruan lau arigune sortu dituzte: Biltegia, Administrazio Saila, Makinistak eta Enpanelatuak. Sailka banatzeko erabakia hartu dute, bestela izena ematerako orduan «Arigune izateko eskatzen diren gehiengo horiek lortzea ezinezkoa izango zelako».

2018ko Euskaraldian ere, indibidualki izan zen arren, parte hartu zuten Lazkaoko enpresako langileek eta «esperientzia aberasgarria» izan zela aipatu du: «Izugarri nabaritu genuen aldaketa txapak jantzi zituzten lankideen artean, bai belarriprest eta bai bhobizi izan zirenek rola oso ongi jokatu zuten, ekimena merezi bezala defendatuz». Hizkuntza aldaketa erabatekoa izan ez zen arren, «lehen euskaraz hitz egiteko lotsa izaten zuen jende hori prestuago ikusten dugu orain beraiekin euskaraz mintzatzeko». Aurreko edizioan Belarriprest rola hartu zuten horiek, «aurten ere errepikatzen ari dira», eta gainera Euskara Batzordetik egindako deialdiari esker «orain bi urte baino jende gehiago» apuntatu dela ere kontatu du Elzok.

2018koa hobetzeko itxaropenez

Azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko den Euskaraldiari honi begira, itxaropentsu daude ekimen honetan parte hartuko duten Ezarriko langileak eta «aurtengoa ere arrakastatsua» izango dela ziurtatu du: «Aurreko esperientzia oso ona izan zen, eta aurtengoa hobea izango da ziurrenik. Barruan izendatu ditugun lau Arigune horietan euskaraz hitz egiten bada, eta nik uste dut hitz egingo dela, esperientzia oso aberasgarria izango da eta dinamikaren bat aldatzeko balioko du».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>