Datorren hilaren hamabostean 106 urte beteko ditu Isabel Etxeberria Gorritik (Donostia, 1915). Llança herrian (Girona, Herrialde Katalanak) bizi da aspalditik, baina Goierrirekin lotura badauka, gerra ondorengo urteetan harremana eginda. Hain zuzen, Llançan bizi izatearen arrazoia hemen suertatu zitzaion. Irakasle izan zen lan bizitzan, eta hiru aldiz depuratu zuten frankistek.
Errepublika aldarrikatu zenean 16 urte zeuzkan Etxeberriak. Gogotik ospatu zuen, bizileku zuen Donostian. Herria aberasteko helburuz, irakasle ikasketak egin zituen, Madrilen. Pedagogia berritzaileak eta irakaskuntza erreformen onurak jaso zituen, 1936ko gerra lehertu aurretik. Lehen destinoa, praktiketako irakasle bezala, Quintanilla de la Ribera herrixkan (Erriberabeiti, Araba) izan zuen, 1935eko urrian.
Gerra hasi zenean, ordea, hango postua kendu zion erregimen frankistak, eta Getariara bidali zuten, 1937ko irailean. Bi urte igaro zituen Gipuzkoako kostaldean, harik eta 1939an berriz ere maistra postua kendu zioten arte. Francorekin gerra egindako soldadu ohi bat ipini zuten haren tokian.
Gabirian lau urtean
Bigarren aldiz depuratua, Gabiriako nesken eskola nazionalera bidali zuten, 1939ko irailaren 17an. Euskaltzalea zen Etxeberria, eta ezinbestean euskaraz egiten zuen Gabiriako ikasleekin. Hurrengo zigorrerako aitzakia hortxe aurkitu zioten frankistek.
Inspektorea etorritako batean, ikasle bati Ave Maria otoitza errezitatzeko eskatu zion. Miren neskatoak bikain bete zuen esandakoa, baina euskara garbian eta jatorrean. Amorrazioa hartu zuen inspektoreak, eta Isabel Etxeberriaren espedientean orbana utzi zuen.
Hala, gobernu frankistak irakasleen postuak birmoldatzeko hurrengo lehiaketa egin zuenean, Pirinioen bestaldera, ahalik eta urrutienera, destinatu zuten: Llança herrira (Girona). 1943ko abenduaren utzi zuen Gabiria, eta 1944 hasieran hasi zen Kataluniako lurretan. Katalanista da, harrezkero.
1980ko ekainaren 30ean jubilatu zen Isabel Etxeberria. Gabirian haren ikasle izandakoek, adinekoak gaur, gogoan dute oraindik, argazki zahar bat lagun. Llançan ezkondu zen eta osatu zuen familia, eta han bizi da.
Irailaren 12an Llançan omendu zuten erakundeek eta Aranzadi elkarteak duintasunaren maistra Etxeberria.