«Zoriontsu egin gaitu agertokira igotzeak»

Maria-Redondo-1

Argazkia: Javi Perez

Maria Redondo Mujika (Legazpi, 2000) euskal aktore eta abeslaria da. Go!azen telesailean Zuriñe Zuri interpretatzeagatik da ezaguna batez ere.

Nolakoa izan da Go!azenen zazpigarren denboraldiaren harrera?
Momentuz kritika oso onak jaso ditugu. Inguruko jendearengandik, gurasoenak objektiboak ez izan arren, sare sozialetatik jasotako jendea, Miramonen ikusten dugun jendea… Alde horretatik aktoreak oso pozik gaude, eta nik uste dut udan grabaketak amaitu genituenean sentsazio berdina izan genuela. Aurtengoa ezberdina izan da emaitzarekiko. Esan bezala, oraingoz oso pozik, bakarrik bi kapitulu eman dira, eta ea nola jarraitzen duen honek guztiak.

Zailak izan al ziren grabaketak pandemia dela-eta?
Esparru guztietan bezala. Aldaketa handia izan zen. PCR proba asko egin genituen, eta hori ez zen batere dibertigarria izan. Gainera, musukoa gainean eramaten genuen entsegu guztietan; aurpegi erdia ikusten diozun pertsona batekin entseatzea sekuentzia bat… Bai, konplikatuagoak dudarik gabe.

Eguberrietan programa berezirik egongo da?
Bai, urtero bezala, Gabon Zaharreko saio berezia egongo da ETB1en. Euskal musikari askorekin, sorpresatxoekin, abestiak asko zainduak izan dira, sentimendu askorekin kantatuak… Urte berezia izan denez, oso zoriontsu egin gaitu berriz ere agertoki gainera igotzeak, zuzeneko urduritasun hori sentitzeak.

Telesailean agertzeaz gain, musikal batean ere ari zara…
Joxean Sagastizabalek duela urte asko idatzitako eleberri batean adaptazio bat da Kutsidazu Bidea Ixabel, antzerki musikatua da. Alkizako baserri batera iristen den euskaldun berri baten historia kontatzen du. Han aurkitzen ditu, antzerkian, amona Ainhoa Aierbe, aita Inaxio Tolosa eta Ixabel (ni). Juan Martin izango da Xanti Korkostegi, nirekin Go!azenen lanean aritu dena. Etxean geratzen da dena: Ainhoa Aierbe gure aktore zuzendaria da telesailean, koreografo berdina dugu… Oso gustura egin dugu lan denok batera eta emaitzan nabaritzen da. Gonbidatuta zaudete denok ikustera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>