Beste mugarri bat arnasa luzeko bidean

GoiberriKazetaritza arloko profesionalak efemeride, urteurren eta zenbaki borobil zaleak direla (garela) esatea ez da kontu berria. Ez da norberaren burua loratzeko ariketa izaten. Gogoratu eta nabarmendu beharreko mugarritzat hartzen dira halakoak, are gehiago idatzizko prentsan. Azken hamarkadan krisi bikoitzak astindu du paperezko kazetaritza: aro digitalak irakurleengan ekarri duen kontsumo ohitura aldaketa dago batetik, eta aldian-aldian sortzen diren krisi ekonomikoak bestetik. Eta aurten, beste bat, osasunari lotua honakoa, mundu guztia hankaz gora jarri duena.

Pandemia gurera iritsi bezperetan kaleratu zen GoiBerri berrituaren lehen zenbakia, 365.a, martxoaren 6an, kontzeptu berri bat eskainiz. Ane Etxezarreta futbolariari egindako elkarrizketa batek eman zion hasiera ziklo berriari. Harrezkero beste 35 etorri dira, esku artean duzuen 400.era iritsiz. Patxi Zubizarreta sentitzen duen natur defizitaz aritu da, orain mende bateko Goierri ezagutzeko proposamena ere badakar Sakonean atalak, Saharako gatazkaz  garratz hitz egin du Garazi Hach-Embarek Irizarrek, eta udalerri mugakideez idatzi du Mikel Alvarezek. Tartean, baita beste hainbat irakurgai ere.

Aurrez ereindako uzta jaso eta eskualde osora zabalduta, eta bederatzi urte betetzear, ‘Goiberri’ 400. zenbakira iritsi da

Harpideak eta iragarleak bidelagun

Eta etorriko dira gehiago, etorriko direnez.Hori da erredakzio honen konpromisoa eta erronka. 2021eko urtarrilaren 31n bederatzi urte beteko dira GoiBerri sortu zenetik –azalean, Jon Maia urretxuar bertsolaria–. Orain hamar urtekoa ere berrikuntza urtea izan zen etxe honetan, Goierritarra eta Otamotz aldizkarien baturatik sortu baitzen Goierri osoa biltzen duen lehen aldizkaria.

Hogeita hamar urte baino gehiago dira tokiko euskal prentsa Goierriko etxeetara haize berria ekartzen hasi zenetik. Bide horretan zuek ezinbesteko izan zaituztegu. Zuek bai, harpideok eta iragarleok. Zuek zaituztegu oinarri eta bidelagun. Jarrai dezagun arnasa luzeko bide hau elkarrekin egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>