«Ultra batean podiuma egiteko buruak egiten du lan handia»

Jaione-Sasieta-1

Pandemiak baldintzatu duen urte honetan ez da geldirik egon Itsasoko Jaione Sasieta, bere gustuko proba gehienak egin ez badira ere, tartean Ehunmilak. Mendi lasterketa luzeetan lehiatzen da, eta izan du aukera horrelako bat egiteko, eta irabazteko! Irail hasieran Pirinioetara joan zen eta 100 kilometroko Canfranc-Canfranc ultra traila egin eta irabazi zuen, bigarrengoz gainera, 2016an ere lehen postua egin baitzuen. Urtea amaitzear den honetan, hurrengoari begira jarrita dago, eta badu dagoeneko proba bat buruan: Nafarroa Xtrem.

Haurtzarotik egin al duzu korrika mendian?
Txikitan beti ibili naiz mendian, aitarekin eta anaiekin, eta korrika hasi baino lehen mendiko bizikletarekin ibili nintzen konpetitzen. Mountain bikerekin urte batzuk egin eta gero hasi nintzen mendiko lasterketetan.

Mendia gertu zenuen, gainera.
Gu Urretxun, kalean, bizi ginen nik 21 urte bete arte, baina ama Itsasoko Urkulegi baserrikoa zen, eta astebururo etortzen ginen, osabengana. Beti baserrian egoten ginen, eta gustura etortzen nintzen. Nik uste dut gure izaerarekin gehiago datorrela bat baserria. Eta Urkulegi, mendian dagoela esan daiteke, aldapaz inguratuta.

Orain ere bertan bizi al zara?
Etxea egin genuen baserri ondoan, eta han bizi naiz senarra eta bi semeekin.

Ikasketaz pedagogoa zara, baina ez diozu lanbide horri heldu.
Ez. Urretxu-Zumarragako ikastolan ikasi eta gero, Donostiara joan nintzen pedagogia ikastera, baina ez dut horretan lan egiten, baizik eta Goierriko merkatal zentro handi batean.

Nola hasi zinen mendiko bizikletarekin?
Afizio bezala ibiltzen nintzen hasieran, gaur senarra dudan Oskarrekin, gustatzen zitzaidalako, eta berandu hasi nintzen konpetitzen, 28 urterekin edo.  Oskarrek animatu ninduen lasterketetan hastera, ondo ibiliko nintzela eta. Eta lehen lasterketa egin, eta harrapatu egin ninduen, gustatu egin zitzaidan eta hiru-lau urte egin nituen. Bizkaiko Garain egin nuen debuta, eta oroitzapen politak ditut, giroa asko gustatu zitzaidan. Gero, igandero-igandero izaten ziren karrerak, eta jende asko ezagutu nuen. Baina lasterketak ez ziren oso handiak, mountain bikek ez zuen oihartzun handiegirik, eta nire ustez asko galdu du azken urteetan.

Gogorra al da mendiko bizikleta?
Bai, baina azkenean niri mendia gustatzen zait, eta errepidean ere entrenatzen banuen ere, mendian ibiltzea gustatu zait gehiago beti, bai bizikletarako bai korrika egiteko.

Bizikleta utzi eta korrika egiten hasi zinen, baina hori ere mendian.
Umeak jaio zirenean utzi nuen bizikleta, txikiak zirenean ezin nintzelako igandero probetara joan. Gero mendiko lasterketekin hasi nintzen, kasualitatez. Zegama-Aizkorri maratoia hasita zegoen orduan izena hartzen, 2006an- edo, eta Gorka anaia aurretik eginda zegoenez, nik neuk ere behin behintzat egin behar nuela pentsatu nuen.

Pentsatu eta egin, 42 kilometro besterik ez.
Bai, baina aurretik Sarako Korrika Traila egin nuen, 22 kilometrokoa, Gorkarekin batera, eta Berakoa ere bai. Hura ere gustatu egin zitzaidan. Mendiko lasterketetan lehenengo urteetan anaia eta biok ibili ginen, gero ni bakarrik eta hala,  gaur arte.

Desberdina al zen mendiko bizikletarako edo mendian korrika egiteko entrenatzea?
Sistema diferenteak ziren, lasterketak bezala. Bizikleta probak ordu betekoak ziren, oso motzak eta intentsoak, topera joan beharrekoak, eta teknika asko landu behar zen. Entrenatzeko, bizikleta hartu eta etxe inguruan ibiltzen nintzen batez ere, mendia besterik ez dago eta, Kizkitza aldera asko joaten nintzen. Mendiko karreretan hasi nintzenean ere karrera motzagoak egiten nituen, baina gero eboluzio bat egin nuen, eta  luzeagoekin hasi nintzen.

 

Jaione-Sasieta-2Zenbatekoak dira zuretzako lasterketa luzeak?
Zegamakoa bezalako maratoia, 42 kilometrokoa, luzea da, baina askoz ere luzeagoak badira, ultrak edo ultra trailak, 100 kilometrotik gorakoak, eta ni horietan hasi nintzen parte hartzen.

Zein izan zen zure lehen ultra?
Hiru Handiak, 100 kilometro ingurukoa, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri artean egiten dena eta 24 ordutan egin behar dena. Hura kostata bukatu nuen, eta horrelako gehiago ez nituela egingo esan banuen ere, begiratu!

Handik aurrera zer etorri zen?
Orduan anaiarekin batera ibiltzen nintzen oraindik, eta ni hasi nintzen zirikatzen proba batera edo bestera joateko, eta Anetokoa egin genuen, Pirinioetan.

Biak batera joan zineten Mont Blanc-ekoa egitera ere.
Bai, 160 kilometrokoa da eta hura egiteko gogoa sartu zitzaigun. Baina han parte hartzeko beste trail batzuetan puntuak lortu behar ziren, eta horrela engantxatu nintzen ni lasterketa mota hauetara. Horietako bat Anetokoa izan zen. Hura berezia izan zen, seinalatu gabea zen, eta GPSa eta mapa erabilita egin behar zen. Abentura kutsua zuen. 2008an izan zen hura, eta Mont Blanc-era 2010era joan ginen. Gure kasara ere egin genuen beste trail bat, antzekoa, mendiko aterpez aterpe, han zigiluak jarrita. Politak izan ziren esperientzia haiek.

Etxean ere badago bat, Ehunmilak.
Goierrin 160 kilometroko proba bat egin behar zutela jakin nuenean, gustura egingo nuela pentsatu nuen.

Eta lehenengo aldian, podiuma.
Bigarrena izan nintzen. Oso kurioso ez nintzen ibili, baina bukatu nuen. Herritik igaro zen, eta herritar asko hurbildu zen Kizkitzara, animoak ematera, baita sari banaketara ere. Gustura geratu nintzen lehen aldi hartan. Gero, bi kenduta, edizio guztietan parte hartu dut.

Irabazi ere bai, behin.
Bai, 2015eko edizioan. Beste lau alditan, berriz, podiuma egin nuen, bigarren postua lehen edizio hartan eta  2010ean eta 2013an ere bai, eta hirugarrena 2011n, 2012an eta 2019an. Atera naizen gehienetan egin dut podiuma.

Aurten ez da Ehunmilak egin, baina beste lasterketa gutxi batzuk bai.
Bai, bat Huescako Canfranc-Canfranc, irail hasieran. Parte hartu eta irabazi egin nuen, bigarren aldiz gainera, lehen aldiz 2016an irabazi nuen eta. 100 kilometrokoa da, karrera polita, oso gogorra eta teknikoa, nire gustukoa.

Nolakoak dira zure gustuko lasterketak?
Korrika asko egiteko ez direnak, harri arteak dituztenak, igoera handikoak eta jaitsiera zailak dituztenak. Korrikalari baino gehiago, mendizale bezala ikusten ditut lasterketak.

Andorrakoa da horietako bat?
Hori ere egindakoa naiz, bai, 2018an. 170 kilometrokoa da, eta laugarren izan nintzen. Beste trail batzuk ere egin ditut, Asturiasen, Europako Mendietan 74 kilometroko Travesera eta 52 kilometroko El Cainejo, Iparraldean 130 kilometroko Euskal Raid Endurance eta Bizkaian 74 kilometroko Apuko Xtrem.

«Korrika asko egiteko ez diren probak gustatzen zaizkit, igoera handikoak eta jaitsiera zailak dituztenak»
«Burugogor samarra naiz, eta hori ondo datorkit ultretan, baina proba bat utzi behar dudanean utzi ere egiten dut»

Zenbat garaikur dituzu etxean?
Batzuk bai, han daude, ondo gordeta.

Hori dena egiteko entrenamendua berezia izan behar da derrigorrez.
Beno, bai. Nik ez daukat entrenatzailerik, eta nire kasa egiten dut dena, ez dut ezer berezirik egiten. Ahal dudanean saio luzeak egiten ditut, eta besteetan motzak, eta neguan, adibidez, Aizkorri aldera joatea gustatzen zait, elurretan ibiltzera. Gehienetan bakarrik ibiltzen naiz. Lehen anaiarekin batera ibiltzen nintzen, baina hark lanagatik utzi zion korrika egiteari, eta orain bakarrik nabil, entrenatzen eta lasterketetan.

Eta lanak aukera ematen al dizu entrenamenduak egiteko?
Goizez egiten dut lan, eta alde horretatik ondo daukat entrenatzeko. Aurten urte berezia da, eta ez da horrela izan, baina aurreko urteetan behin baino gehiagotan joan izan naiz lanetik irten eta zuzenean Aizkorri edo Aralar aldera. Ahal denean korrika ibiltzen naiz, bestela, mendian ibiltzea da kontua.

Eta familia? Nola uztartzen da etxea, lana eta lasterketa mundua?
Bi seme ditut, 13 eta 16 urtekoak, eta orain askeago nabil txikiak zirenean baino. Nola egiten den? Ez dakit, denbora hartzen duzu, entrenatzeko adibidez, eguerdiak aprobetxatzen ditut gehien bat, semeak klasean daudenean.

Elikadura zaintzen al duzu?
Ez bereziki, baina bai, ahalik eta garbien jaten saiatzen naiz, noski.

Psikologorik edo ‘coach-ik’ baduzu inguruan?
Ez, dena nire kasara egiten dut. Egia esan, ez naiz oso profesionala.

Psikologia kontuak aipatuta, lasterketa luze horiek egiteko alde horretatik ondo prestatuta egon behar da.
Bai. Ultrak bukatzeko eta podiumera igotzeko lan handia buruak egiten du. Ordu asko dira, eta burua ondo prestatuta badaramazu, erretiratzeko gogoa iristen bazaizu ere aurrera egiten duzu azkenean. Eta horrelakoak gertatu zaizkit niri. Behin, Ehunmilak batean, Txindokitik behera nindoala gehiago ezin nuela eta etxerako bidea hartzeko prest nengoen, baina buelta eman nion, eta ondo bukatu nuen. Burugogor samarra naiz eta hori ondo etortzen zait, baina lasterketa bat utzi behar dudanean utzi ere egiten dut, osasuna da lehenengo. Ez du merezi hori galtzea!

Etxeko lasterketa horri helduta, zer egiten da zailago 24 ordutik gora korrika egin behar direnean?
Niretako zailena edo gogorrena gaua izaten da. Hasieran, Urretxu eta Zumarraga igarota gaua dator eta gustura hartzen duzu, baina orduek aurrera egiten duten heinean, eguna noiz argitu zain joaten zara. Gainera, tarte batzuetan bakarrik joaten zara, eta buruari buelta asko ematen dizkiozu, eta jota baldin bazoaz, azkeneko karrera izango dela eta gehiago ez ditudala egingo eta horrelako pentsamenduak azaltzen dira. Eskerrak bidean baten batekin elkartzen zarenean, berriketan hasi eta horrek  lagundu egiten duen.

Aurten pandemiak dena hankaz gora jarri du, baita lasterketen mundua ere.
Bai, aurten Ehunmilak egin nahi nuen, Catalunyara ere joan nahi nuen beste bat egitera, baina azkenenan Canfranc-Canfranc bakarrik egin dut, irail hasieran. Hori ere arraroa izan zen, banaka ateratzen ginelako irteeratik eta denbora neurtzen zutelako sailkapenerako; anoa postuetan ere maskara jantzita egon behar izan genuen… Berezia izan zen, baina egin zen behintzat eta ez da gutxi. Ea horrelako azkena den!

Eta aurrera begira, zer duzu buruan?
Ea pandemiak lasterketak egiten uzten duen. Tamalez, Ehunmilak ez da egingo, eta egitekotan, lasterketa berri bat egingo nuke, beste leku bat ezagutzeko, Nafarroa Xtrem, adibidez.

Baina denbora ematen al dizu korrika igarotzen duzun leku hori ezagutzeko ala?
Bai! Baita argazkiak ateratzeko ere! Europako mendietan hala ibili nintzen. Ultra luzeetan beti aurkitzen duzu horretarako tarteren bat. Entrenamenduetarako ere leku berrietara joatea gustatzen zait, ezagutzen ez ditudan mendietara.

Zer ematen dizute horrelako lasterketek?
Ez dakit, gustura egiten ditut, batzuetan gaizki pasa arren. Jende asko ezagutzen duzu, oso giro ona dago… Polita da. Gure artean lehiakortasuna egon badago, baina lagunartekotasuna gailentzen da ia beti.

Itsasori herri izaera  aitortzen dion itsasoarra

Jaione-SasietaFamiliarekin zaletu zen mendian ibiltzera txikitan Jaione Sasieta Barrenetxea (1972), eta Itsasoko Urkulegi baserriko inguru aldapatsuek lagundu zuten horretan. Gerora, mendiko bizikletan ibiltzeari hartu zion gustua, baita zukua atera ere, lasterketetan parte hartzen hasi eta garaikurren bat edo beste irabazita. Oraindik gustuko du bizikleta eta hartzen du noizean behin, baina mendian ibiltzeko, azken urteetan nahiago ditu korrika egiteko lasterketak, ez edozein modutakoak, trailak eta ultra trailak egiten baititu. Inguruan egiten direnak eta urrutiagokoek ez dute sekreturik emakume itsasoar honentzat.

Eta itsasoarra denez, Itsaso bera ez du saltzeko. Txikitan asteburuak igarotzen zituen han, familiaren baserrian, harik eta 21 urte zituenean bertara bizitzera joan ziren arte. Asteburuetan irteteko garaiak ziren haiek Sasietarentzat, baina gurasoak zirela edo Urretxun zuten etxean lotan geratzen zirela, aldaketa ez zela hainbesterako izan dio. Gero, Urkulegiren ondoan etxea egin, eta bertan bizi da senarrarekin eta bi semeekin.

Itsaso herri bizia dela dio Sasietak, bizitza handia duela eta kultur eta kirol jarduera asko burutzen direla bertan urtean zehar, herritarrak elkartzeko auzolanez gain. Aurten, ditxososko koronabirusa dela eta, ezin izan dituzte festak ospatu, Kizkitzako erromeria ere ezin izan dute egin, urteroko mendi irteerak ere bertan behera geratu dira… Penaz hartu du hori guztia, baina pena handiagoa du Itsasorekin lotuta Espainian hartutako erabakiagatik, Ezkiotik banandu eta berriz ere herri independientea izateko aukera ukatu diolako. Udalerri ezin izan, eta auzo udalaren forma hartuko dute. Horrekin konformatu beharko direla dio irsasoarrak, baina horrek herri sentimendua ez diola kenduko argi eta garbi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>