Azpiko arropa, eroso sentiarazteko

Yolanda_MatxainYolanda Matxain • Arantxa lentzeria (Ordizia)

Oso pertsonala da azpiko arropa, eta ohiturak aldatzea kosta egiten da. Baina berrikuntza ugari daudenez, neurri, modelo edo material desberdinetako jantziak probatzeak merezi du, askotan aldaketak onerako izaten direlako. Hori bai, pasareletako moda joerak eta errealitatea ez doaz beti batera; probatzea eta profesionalen aholkuak jarraitzea beti da ona.

Gehienean kanpoko arropak baldintzatzen du azpiko arropa. Tiro altuko prakak eramaten badira, kuleroak ere altuagoak izango dira; eta alderantziz. Orain praka edo leggins estuak janztea ohikoa bihurtu denean, josturarik gabeko edo markatzen ez duten kulero ugari aurkitu daitezke.

Mutiletan aukera ez da hainbestekoa, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da mutilen azpiko arropa ere. Gantzontziloei dagokienean, hankadunak edo slipak saltzen dira gehien, gustuen edo ohituren arabera. Eskaintza gero eta zabalagoa da, bai materialen zein koloreen aldetik.

Bularretakoetan era desberdinetakoak daude, momentu edo behar bakoitzerako: josturarik gabeak, uztaiarekin, betegarridunak, push up-arekin, uztairik gabeak baina formarekin, lisoak, puntilladunak… Bularretakoei dagokionean, zenbakiaz gain, hizkia ere kontuan hartzea komeni da: zenbakiak bularraren azpiko aldearen neurria adierazten du, eta A, B, C edo D letrek bularralde osoarena. A-k kopa txikiagoa esan nahi du, eta D-k handiagoa. Adinarekin gorputza aldatzen joaten denez, bularretako egokiena aukeratu ahal izateko, neurri, kopa eta etxe desberdinekoak probatu behar dira, erosoena aukeratzeko.

Koloreak eta materialak

Koloreari dagokionean, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan, ohiko beltzekin eta txuriekin batera, kolore ugaritakoak daude aukeran. Materialetan, betiko kotoiarekin batera, oihal mota berriak eta jasangarriak sartzen ari dira azpiko arropan: banbua, eukaliptoarekin egindako zezela edo pagoaren zuretik aterako zuntzarekin egindako mikromodala…. Material birziklatuak ere bai. Galtzerdietan ere material berri horien konbinaketak egiten dituzte, goxotasun handia lortuz.

Azpiko kamisetetan ere aldaketa nabaritu da azkeneko urteetan. Tula, lumeta edo puntilladunek gero eta arrakasta handiago dute, momentu askotan, erakusteko jantzia bihurtu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>