Mairiren antzera, sortzen eta eraikitzen

Maria-Regil-Aiora AltunaMaria Regil (Ataun, 2000) eta Aiora Erauskin (Ataun, 1996) unibertsitateko ikasleak diren arren, bitxiekin saltseatzen hasi ostean beraien proiektu pertsonala sortzeko erabakia hartu dute: Mairi Makrame. Euskal mitologiako pertsonaia baten izena da Mairi. Mairik harri erraldoiak mugitzen zituen alde batetik bestera, horrela gauzak eraiki ahal izateko. Bi ataundarrak identifikatuta sentitu ziren emakume horrekin: «Gu ere Mairiren antzera proiektua eraikitzen ari garenez eta gure zenbait bitxitan harriak erabiltzen ditugunez, egokia iruditu zitzaigun gure proiekturako».

Iaz hasi zuten proiektua bi gazte hauek, Gasteizen ikasle pisu berean bizi zirenean: «Haize bolada batek eman zigun eta belarritakoak egiten hasi ginen. Alanbrearekin esperimentatzen hasi ginen lehendabizi, baina beranduago hari ezkoztatua ezagutu genuen eta makrame teknikatik bideratu genuen proiektua». Hasiera batean soilik beraientzako eta ingurukoentzako bitxiak egiten zituzten arren, konfinamenduan jo eta su aritu ziren sortzen eta bitxi asko egin zituztela ikusi zutenean, saltzen jartzeko erabakia hartu zuten.

Ekainean Instagram kontu bat zabaldu zuten ezagutzera eman eta beraien produktuak saltzeko, eta harrezkeroztik etengabe jaso dituzte eskariak: «Oso eskertuta gaude jendeak izan duen erantzunarekin. Uste genuen gertuko jendearengana iritsiko ginela soilik, baina azkenean Euskal Herri mailara ere zabaldu ditugu salmentak». Beraiek dagoeneko katalogo bat baduten arren, beste edozein motatako eskari pertsonalizatuak ere onartzen dituzte: «Instagramen ditugun modeloez gain, jendeak etxean harri berezi edo kuttunen bat izanez gero, hauek guri eman eta bitxi bihur ditzakegu».

Eskariak egiteko alde batetik @mairi_makrame Instagram kontua dute eta bestetik mairimakrame@gmail.com helbide elektronikoa, baina zuzenean ere egin daitezke eskariak: «Ezagutzen bagaituzue, gertuko norbaitek gure Whatsapp zenbakia baldin badu edo kalean ikusten bagara, hurbildu konpromisorik gabe eta edozer gauza galdetu lasai».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>