Deskarga eta Meaka artean

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Deskarga eta Meaka arteko pistan ikusi genuen ikuskizuna guk oinezkook, joan den urtarrilaren 10ean, igandearekin. Aspaldian ez bezala egin du elurra Urretxu eta Zumarraga inguruko mendi magaletan, eta, horrenbestez, ez zen komenigarriena, ez, auto batekin pista horretan gora abiatzea. Baina batzuk joan ziren, eta, aldapa handieneko tartean, ez aurrera, ez atzera, elurretik eta izotzetik ezin libratuta, harrapatu genituen hiruzpalau ibilgailu sasi lur-orotarako.

Haien ondotik pasatzean ez ginen laguntzera gelditu, noski, horretarako imintzioa ere ez genuen egin; eta nik neuk, behintzat, begiradarakin madarikatu nituen. Batetik, burugabekeria bat iruditu zitzaidalako egin zutena; baina, batez ere, 200 metro beherago auto horietako batek behartu gintuelako, susto handi samarra emanda, bat-batean eta baldarki bazterreratzera, eta ez gidariak, ez haren albokoak begiratu ere ez zigutelako egin. Gero, Meakara arteko bidean hiruzpalau aldiz behartu gintuzten auto horiek atzera bazterreratzera eta elurretan belaunetaraino hondoratzera. Dena esatera, Suzuki Vitara batetik birritan eskatu ziguten barkamena.

Kontua ez da ni baino dezente gazteagoak direnen jarrera kriminalizatzea, dibertigarria zaiena auzitan jartzea, baina utz iezadazue, gutxienez, politikoki xuxen jartzen, eta jokabide horren aurrean harridura agertzen. Gauza bera gertatzen zait tenperatuta hiruzpalau gradukoa denean eta jendea, izan mendian edo kalean, praka motzetan ikusten dudanean… Aho bete enpaste, aizue. Duela 15-20 urte neguan aisialdian praka motzetan ibiltzen zirenak askoz ere gutxiago zirela frogatuko duen ikerketa finantzatzeko prest nago.

Mende hasiera-hasierako urteetan ezin genituen besteen xelebrekeriak sakelakoarekin grabatu eta ziztuan sareratu. Orain bai, eta ohikoegia bihurtu da, tamalez. Baina gauza bat esan behar dut auto gidarien eta nire alde: ez nituen balentria grabatzen ikusi, eta nik ez nuen haiek grabatzeko asmorik eduki. Bada itxaropenik, goierritarrok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>