«Euskarak iraungo badu Wikipedia funtsezkoa da»

Xabier_ArmendaritzXabier Armendaritz Glez. de Lauzirika (Beasain, 1968) Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakaria da. Wikipediaren komunitatean hamabost urte daramatza. Azken aldian hasi berriei laguntzen dabil. «Esperientzia polita da, gustatzen zait», dio. Entziklopedia osatua izateko denon laguntza beharrezkoa dela aipatu du.

Wikipediak 20 urte bete ditu urtarrilean eta euskarazko Wikipediak beste horrenbeste egingo ditu abenduan. Nolako sasoia ikusten diezu?
Euskarazko Wikipediari begiratuta sasoi onean ikusten dut. Mundu osoan 32. Wikipedia gara. Zenbaki soil bat da, agian ez du asko esan nahi, baina erakusten du milioika hiztun dituzten hizkuntza batzuen aurretik gaudela: malaysiera, greziera, daniera… atzetik dauzkagu.

Euskararentzat zer nolako garrantzia du Wikipedia indartsua izatea?
Funtsezkoa da. Ikusten da datuetan gaztetxoen artean dokumentatzeko iturri nagusia dela. Euskaraz ez badago erderetara joko dute. Bazte ere, gaztelaniara, eta Ipar Euskal Herrian, frantsesera. Gutxi batzuk ingelesera ere joko dute. Euskarak iraungo badu aro digital honetan Wikipedia osatu bat eta indartsu bat izatea funtsezkoa da.

370.000 artikulutik gora ditu.
Euskarazko Wikipediarena ikaragarria da. 31 hizkuntza dauzkagu aurretik, baina guztiak milioika hiztun dituztenak. Wikipedian aritzen diren askok eredu gisa aipatzen dute.

Zer dela eta horrenbesteko ekarpena?
Euskaldunok militanteak gara, gure hizkuntzaren eta kulturaren alde lan asko egiten dugulako. Bestetik, euskarazko Wikipedian giro ona lortu dugu. Azkenean, talde lana da Wikipedia, nahiz eta bakoitzak bere etxetik egiten duen lan.

Wikilari aktiboak 415 dira. Orekatuta dago?
Wikilari aktiboak azken hilabetean artikuluren bat idatzi dutenak dira. Wikipedian izena emandakoak gehiago dira, baina erregulartasunez idazten dutenak 300 eta 500 bitartean dira. Beti kopuru antzekoetan ibiltzen da. Kopuru majoa da, baina beti dator ondo jende gehiago izatea, ez garelako iristen alor guztiak lantzera. Azkenean, entziklopedia batek gai guztiak landu behar ditu. Zenbat eta wikilari gehiago izan, gai gehiago landu ahalko ditugu eta entziklopedia osatuagoa eduki, baliagarriagoa.

Wikilariaren profila nolakoa izaten da?
Nik ikusi dudanagatik behintzat, euskararekin atxikimendua duen jendea da. Eta, jakina, jende ikasia. Ez dut esan nahi unibertsitateko ikasketak izan behar direnik, baina ondo idazten dakien jendea da. Baina testugintzan ibili beharrean irudiekin lanean dabilen jendea ere badago. Era askotara egin daiteke ekarpena, bakoitzak ahal duenarekin.

Gizonezkoak ala emakumezkoak zarete gehiago? Adin tarterik badago?
Datu zehatzik ez dago, erabat anonimoa delako. Baina Wikipedia guztietan gertatzen den hutsune bat da emakume gutxi izaten direla. Saiatzen gara erremedioa jartzen, baina zaila da emakumeak Wikipediantzara erakartzen.

Wikipedian edonork idatz dezake. Ez da arriskutsua? Euskal sarean badaude izorratzaileak?
Gutxiengoa dira eta berehala antzematen zaie. Komunitatean sartzen diren berriei begiratzen diegu, bai onerako eta bai txarrerako, ea laguntzarik behar duten ikusteko. Asmo onez edo txarrez ari den ikusteko ere balio du. Halere, izan dira kasuak, ezinezkoa baita guztia kontrolpean izatea, baina berehala atzematen ditugu eta blokeatu egiten dugu.

Euskarazko Wikipedia iturri fidagarria da, hortaz?
Kalitatea gorabeheratsua da. Artikulu batzuk oso kalitate onekoak dira, izugarrizkoak, baina beste batzuk ez dira horren onak. Eta ez asmo txarrez egindakoak direlako. Baizik, edonork idatzi dezakeenez, gerta daiteke askorik ez dakien batek hastea gaia eta beste inork ez ematea jarraipena. Beti dago zer hobetua. Kritikoa izan behar da.

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakaria ere bazara. Zeintzuk dira elkartearen jarduerak?
Bi arlo beireiziko nituzke: elkarteak berak egiten dituenak, boluntarioen bidez eta erakundeekin hitzarmenak sinatuta egiten dituenak, hauek diruz lagunduta. Bat nabarmentzeko, polita izan zelako, Herripedia esango nuke: herri bakoitzeko gaiak lantzen dituen proiektua da, herriko jendearekin. Historia, kultur ondarea… Eusko Jaurlaritzarekin ere badugu hitzarmen bat kalitatea hobetzeko. Bigarren hezkuntzako funtsezkoak diren gaiak lantzen dituzten artikuluak nabarmen hobetu dira, bai kalitatez eta bai kantitatez. Eduki aldetik eta hizkuntzaren aldetik asko aberastu dira.

Boluntario lana dela aipatu duzu. Wikipedia erabiltzeagatik kopuru bat ordaindu beharko balitz eta boluntarioen lana profesionalizatuko balitz entziklopediaren maila hobetuko litzateke? Mesedegarria litzateke Wikipedia pribatizatzea?
Erakunde publikoekin lortu dugun lankidetza interesgarria da. Ondo funtzionatzen duen formula hori da. Horri esker, kalitatea hobetzea lortzen ari gara. Baita ere, lortzen ari gara kualifikazio handiko profesionalak pixka bat engantxatzea Wikipediagintzara.

Zu noiz hasi zinen Wikipedian idazten?
Wikipedian 2006az geroztik nago, baina 2010ean hasi nintzen serio.

Lehen artikuluarekin gogoratzen zara?
Oliba olioa izango zen, nik uste. Oliba olioaren artikulua ez zegoen eta asko gustatzen zaidanez sortu egin nuen, besterik gabe. Tiraka, ikusi nuen beste batzuk ere falta zirela edo osatzeko zeudela.

Nolako artikuluak idaztea gustatzen zaizu?
Egia esanda, ez naiz artikulu-sorkuntzan aritzen bereziki. Esku-huskako pilotan ikusten dudanean bateren batena falta bada sortzen dut, pilota zalea naizelako ni. Baina parte-hartzeko modu asko daude: bat da sorkuntza baina beste bat da lehendik sortuta dauden artikuluak osatzea, erabiltzaile berriei laguntzea… Azken aldian horretan nabil. Esperientzia polita da, gustatzen zait.

Euskarazko Wikipediaren komunitatera batu ala ez dudatan dabilen bati zer esango zenioke?
Wikipedia oso zabala da, giza jakintzaren arlo guztiak bildu nahi baititu. Badakigu sekula ez garela horraino iritsiko, baina oso handia da. Begiratu dezala nork bere gustuko arloa eta ikusi dezala zer hutsune ikusten dituen. Guztien esku dago Wikipedia hobetzea, eta guztion artean lortuko dugu tresna oso baliotsu bat egitea.
Zenbat eta gehiago izan, azkenean Wikipedia hobea izango dugu. Funtsezkoa da euskararen normalizaziorako. Wikipedia da entziklopediarik erabiliena eta informazio iturri nagusia. Euskaldunontzako mesedegarria da informazio iturri hori ona izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>