«Amestutako unea izan da, baina beste kamiseta batekin»

Xabier-MartinOrdizia Rugbyko harrobitik ateratako jokalaria den arren, Madrilgo Alcobendas taldean dabil gaur egun Xabier Martin Mujika (Beasain, 2001). Pasa den astean Altamirara itzultzeko aukera izan zuen, Alcobendaseko kamiseta jantzita oraingoan.

Duela gutxi itzuli zinen Ingalaterratik bertan ikasten eta jokatzen aritu ostean. Nolatan erabaki zenuen hara joatea?
Oso laguna dudan jokalari batek bere egoera azaldu eta Ingalaterran jokatzeko modua zein zen erakutsi zidan. Bertako pare bat talderekin probak egin, eta ikasketa planak ere bilatu nituen. Etxekoekin hitz egin ondoren bertara joateko erabakia hartu nuen.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Sekulako bizipena izan da, bizitzan behin egiten diren lagunak egin ditut. Egunero nire taldekideez inguratuta bizi izan naiz, ikasketetan zein entrenamenduetan. Oso harro nago hartu nuen erabakiaz, esango nuke pertsona bezala osatu nauela.

Ordizia Rugbyko harrobitik ateratako jokalaria zaren arren, Madrilgo Alcobendas taldean jokatzen duzu orain. Nolakoa izan da aldaketa hau?
Nire lehenengo urtea da gizonezko errugbian eta taldeko giroaren beldur nintzen hasieran, baina harrera ezinhobea egin didate eta esan dezaket sekulako giza-taldea dela. 2020ko udan iritsi nintzen Madrilera, eta ordudanik Zazpiko selekzioarekin eta Alcobendasekin entrenatzen aritu naiz. Esperientzia hau oso lagungarria izaten ari da niretzat jokalari moduan maila hobetzeko.

Pasa den igandean Altamirara itzuli zinen, baina oraingoan Alcobendas taldeko jokalari gisa. Zer moduzko esperientzia izan zen etxera itzultzea?
Sekulako bizipena izan zen, egun hori betirako eramango dut bihotzean. Txikitatik amestutako une bat izan zen niretzat, baina beste kamiseta bat jantzita. Alde batean familia izan nuen animatzen eta kuadrilla bestean, eta betiko taldekideak zelaian.

Etxean jokatzeaz gain, zure lehengusuen aurka ere jokatu zenuen.
Etxean errugbia bihotzean daramagu eta Lander eta Aitor sekulako jokalariak dira. Aitorren aurka jokatzeko aukera izan nuen, eta beste behin erakutsi zidan maila oso altuan dabilela. Sekulako ilusioa egin zidan zelaian parez pare egoteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>