«Musika korala beti gustatu zait, ahotsekin jolastea-eta»

Marian_Lasa__Santikutz_Abe

Legazpiko Santikutz abesbatza ez dago bere une gozoenean, iazko martxotik ez duelako emanaldirik egiteko aukerarik izan, eta entseatzeko ere apenas. Marian Lasa Gordoa zuzendariak ziurgabetasunez bizi du egoera hau, eta pena du taldeko gidari gisa egindako 25 urteak ezin izan dituelako ospatu.

Mende laurdena daramazu Santikutz abesbatzaren zuzendari lanetan.
Bai, 2020an egin nituen 25 urte, eta ospatzekoa nintzen abesbatzako kide guztiekin, baina pandemiak ez dit utzi.

Nola eragin dizue pandemiak?
Urte arraroa izan da. Martxoan, Aste Santuko kontzertua prestatzen ari ginela iritsi zen geldialdia. Ordutik ez gara elkartu koru osoa, eta egin dugun bakarra talde txikitan egin dugu, edukiera dela eta. Hala ere, zerbait abesteko aukera izan dugu, hiletetan batez ere, baina oso lan gutxi egin dugu. Urtebete geldi egonda, hasiera zaila izango da.

Entsegu gutxi batzuk egin dituzue.
Irailean hasi ginen, ahots talde txikiak eginez. Udalari abesbatza osoak batera pilotalekuan entseatzeko baimena eskatu genion, baina hasi behar ginen ostegunean, azaroan, murrizketa gehiago iritsi, eta denak etxera! Ordutik ezer gutxi egin dugu. Ni irrikitan nago hasteko, eta abeslariak ere zain daude.

Nola iritsi zinen abesbatzara?
Etxean beti izan da musikarekiko zaletasuna, ama Santitaren eraginez. Txistua zela, eskusoinua zela… eta solfeoa derrigorrezkoa zen! Ni, solfeoa amaitzean, pianoa ikasten hasi nintzen, eta  14 urterekin herriko abesbatzara hurbildu nintzen, han zebilen Rafa nire anaiak bultzatuta. Rafa gero Donostiako Orfeoira joan zen, Marilur ere bai. Bost gara, eta denak musikariak gara.

Gaztetxoa zinela hasi zinen koruan.
Bai, musika korala txikitatik gustatu zait, ahotsekin jolastea-eta. Nire ahotsa mezzosopranoarena da, baina kontralto gisa abestu dut beti. Eta koruan abesten hasi eta gutxira, zuzendaritza ikasten ere hasi nintzen. Gure aurretik, Xabier Barriolak eta Rafa anaiak ikastaroak egin zituzten, eta gero, Barriola izan zen koruko zuzendaria, eta ondoren Rafa. Rafak lau abeslari bidali gintuen zuzendaritza ikastera: Anabel Aldalur, Maider Alustiza, Marilur ahizpa eta ni.

Eta ikasitakoa praktikan jarri zenuen berehala, haurren abesbatza sortuz.
Hala da, Eluska. Orduan bazegoen beste koru bat, Santikutz Txiki, eta hura Anabelek, Maiderrek eta Marilurrek eraman zuten, baina 9-10 urtetik gorakoentzat zen. Eluska haur txikiagoentzako sortu nuen, 6 urtetik hasita hartzen nituen. 1990eko hamarkadan egon ginen martxan, hamar bat urtez. Arrakasta handia izan zuen, 77 haur izatera ere iritsi ginen! Entsaioak parrokiko aretoetan egiten genituen, larunbatetan, eta urtean bi emanaldi egiten genituen parrokian, Santa Zezilia egunean eta Gabonetan. Azkoitiko gabon kanten jaialdira ere joaten ginen. Oso urte onak izan ziren, eta oso ondo pasa genuen. Azken urteetan bi abesbatza txikiak Eluskan elkartu genituen, baina azkenean nik ezin nuelako eta beste inork ez zuelako ardura hartu, desegin egin zen.

«Helduen abesbatzetako zuzendari gehienak gizonezkoak dira, haurren koruetan emakume gehiago ikusten dira»

«Santikutz abesbatzak 63 urte ditu, eta herriaren parte bat da, musika banda eta Alaitasuna errondailla bezala»

Orain ez dago haur abesbatzarik.
Doinua Musika Eskola arduratzen da horretaz, eta horri esker haurrek abesteko aukera dute.

Jubilatuen abesbatzan ere ibili zinen.
Buztintegi koruko zuzendaria izan nintzen, bai. Gero Ainhoa Enatarriaga bili zen. Hori ere desagertuta dago.

Nola hasi zinen Santikutz zuzentzen?
Aurretik Rafari laguntzen nion entseguekin, eta ahots talde batzuk nik hartzen nituen. Rafa Orfeoira joan zenean, niri pasa zizkidan zuzendari lanak. 1995. urtea zen, 27 urte nituen, eta Arrasaten egin nuen debuta publikoaren aurrean. Oso urduri nengoen!

Inguruko emakume bakarra al zara?
Nik dakidala bai. Helduen abesbatzetako zuzendari gehienak gizonezkoak dira, baina haurren koruetan emakume gehiago ikusten dira, ordea.

Zer da zuretako Santikutz abesbatza?
Dena! Abesbatza oso gustuko dut, nahiz eta zuzendari izatea batzuetan zaila den. Oso ezberdinak gara guztiak, eta denen arteko harmonia mantentzea kosta egiten da.

Nolako korua da Santikutz?
Gaur 48 lagunek osatzen dugu, emakume gehiago gizonak baino, koru batek horrelakoa izan behar duelako. Ahots mota guztiak ditugu, eta lantzen dugun errepertorioa askotarikoa da. Azken aldian beste herri batzuetako folklorea jorratzen ari gara, eta oso ondo datorkigu.

Nola funtzionatzen du taldeak?
Ahotsetan banatuta ikasten ditugu partiturak. Astelehenetan gizonekin egiten dut lan, eta astearteetan emakumeekin, talde bakoitza bi kordatan banatuta. Ostegunetan eta kontzertuen aurreko egunetan denak elkartzen gara.

Zein da zuzendariaren lana?
Lehenengo, zure abesbatza ezagutu behar duzu, eta gero, abesbatza mota horretarako partitura egokiak bilatu. Motibazio lana ere egin behar duzu, denen gustukoak izatea zaila delako. Azken aldian koreografia txikiak ere sartzen ditugu, eta horiek egiteko ere animatu egin behar izaten da jendea. Abesbatzaren alderdi teknikoaz arduratzen naizela esan daiteke. Alderdi administratiboa eramateko, berriz, batzordeak ditugu: elkar trukeetarako, arropetarako, partituretarako, jaietarako eta udaleko harremanetarako… Eta hori guztia koordinatzeko, zuzendaritza talde bat dago.

Santikutz abesbatza oso errotuta dago Legazpin. Zuk hala sentitzen al duzu?
Bai, 63 urte ditu, eta herriaren parte bat da, Legazpi Musika Banda eta Alaitasuna errondailla bezala. Abesbatzak presentzia handia du herrian urtean zehar egiten diren ekitaldien bidez, eta guk sentitzen dugu legazpiarren babes hori. Baina bandarekin alderatzen gaituztenean nolabait zigortu egiten gaituztela ere esan behar dut: kopuruz gutxiago garela, adinez zaharragoak garela…

Adin muga al dago koruan sartzeko?
Ez! Abestea gustatzea da baldintza bakarra. Nik, hala ere, harrobi falta ikusten dut. Musika eskolatik oso ondo prestatuta ateratzen dira musikariak, eta hango banda txikitik banda handira pasatzen dira. Abesbatzara heltzeko zubi hori falta da, eta hori landu beharko genukeela iruditzen zait.

Zuk jarraitzeko asmoa al duzu?
Ea pandemiak zer uzten digun! Bai, aurrera jarraituko dut. Nire pasioa da!

Baduzu beste pasio bat ere.
Bai, zaldiak! Duela 30 urte Presumido iritsi zen familiara, eta ordutik nire pasio izan dira, lanbide bihurtzeraino. Ormazarreta zalditegia sortu genuen duela 10 urte nire bikote Mariano Fernandezek eta biok, eta ikastaroak, irteerak eta ukuilu zerbitzua ematen ditugu. Danborradetan eta ikuskizunetan ere parte hartzen dugu, baina azken urtea ez da oso ona izan horretarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>