Iñaki Etxezarretak (Urretxu, 1955) bizitza osoa eman du ikastolen mugimenduan. 19 urterekin hasi zen irakasle lanetan, herrian bertan. Ondoren, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Ikastolen Konfederazioko zuzendaria izan zen. Egun Leintz bailarako Arizmendi ikastolako zuzendaria da. Aurki erretiroa hartuko du.
Lehen pausoak Urretxu eta Zumarragako ikastolan eman zenituen eta ondoren Gipuzkoako Ikastolen Elkartera pasa zinen.
Zuzendari izendatua izan aurretik harreman oso estua nuen Ikastolen Elkartearekin, bereziki Gipuzkoako Ikastolen Elkartearekin. Urretxuko ikastolan irakasle gazte, sortzaile eta berritzaile asko zeuden eta Ikastolen Elkartean eragin handia izan zuten. Gure ikastolako jendeak proiektu askotan parte hartu zuen.
Ikastolen estatusaren negoziazioetan parte hartu zenuen.
Ikastolek beti arazo bat izan dute: ez dira ez publiko eta ez pribatu izan. Beraien leku juridikoa bilatu behar izan dute hezkuntza sistemaren barruan. Oraindik ez dute aurkitu. Horrek dimentsio politiko eta juridikoa du, eta finantziazioak lotura handia du. Ikastolek herritarren laguntza izan dute, baina diru-laguntzak ere hasieratik bilatu dituzte. 1985ean EAJ hautsi egin zen eta ikastolei ordura arte EAJren aldetik izan zuten babesa ahuldu egin zitzaien. Ikastolek herri honen eskola berria zirela erreibindikatzen zuten, baina gobernuak transferitzen zitzaizkion ikastetxe estatalak ere herri honen eskolak bihurtzea nahi zituen.Urretxuko ikastolak gure estatusa negoziatzen hastea proposatu zuen. Ordura arte ez genuen negoziatu. EAJren bitartez egiten ziren operazioak. Une hartan Ikastolen Elkarteak negoziazioa aurrera eramatea erabaki zuen eta negoziazioaren buru izendatu ninduen. 1986 eta 1987 urteetan negoziazioa aurrera eraman genuen eta akordio politiko bat lortu genuen PSErekin. Rekalde jaunarekin. Eskandalu bat izan zen, garai hartan abertzaleek eta espainolistek ez baitzuten elkarrekin hitz egiten. Baina gure ikastolan Alderdi Komunistako, PSE-EEko, UGTko, CCOOko… gurasoak genituen eta ezberdinen arteko harremana edukitzera ohituta geunden. Rekalderekin finantziatzeko lege bat ere lortu genuen, baina operazioa ez zen guk pentsatzen genuen bezala atera, Alderdi Sozialista beldurtu egin baitzen.
Zer gertatu zen?
Egoera politikoa ez zen erraza: indarkeria, Ajuria Eneako paktua… Ikastoloi kosta egin zitzaigun egoera berri horretan haria hartzea. Iraun egin genuen, oso egoera egokian. 1989, 1990, 1991 eta 1992 oso urte onak izan ziren finantzieroki eta juridikoki. Matrikulazioan sekulako indarra hartu genuen, legitimazio soziala lortu genuen eta pedagogikoki oso urte onak izan ziren. Garai hartan Elkar argitaletxearekin ikas materialak argitaratzen hasi ginen. Ikastolen Elkartea irakasleak formatzeaz eta materiala sortzeaz arduratu zen eta kanpoko argitaletxeei konpetentzia egin zien. Hezkuntza euskalduna zuten ikastetxe ia guztietara heldu ginen. Ez bakarrik ikastoletara. Irabaziak ikerketan eta garapenean inbertitu genituen eta horrek gaur arte iraun du.
Fernando Buesa Hezkuntza sailburu izendatu zutenean, ikastolek egoera gogorra bizi izan zuten.
Lehen bileran ikastolak desagertarazi nahi zituela eta horretarako enkargu politikoa zuela esan zigun. Bere helburua eskola publikoa bakarrik egotea eta eskola horrek eredu espainiarra jarraitzea zela esan zigun. Ikastetxe kontzertatuko sare bat egongo zela, baina ikastolak ez zirela hor egongo. Gure irtenbidea ikastetxe publiko bihurtzea zen, guk nahi ez genuen ereduan. Euskal Eskola Publikoaren legea aterata, 1993an, Buesak Espainian zegoen hezkuntza sistema ezartzea lortu zuen. Guretzat oso gogorrak izan ziren urte haiek. Ikastolen estatus juridikoa eta herri honen eskola propioa planteatzen ari ginen eta alderdi abertzaleen artean sentiberatasun ezberdinak zeudela ikusi genuen. Ez zegoen proiektu nazional bat.
Ia hiru hamarkada pasa dira ordutik.
Gizartea asko aldatu da, belaunaldi berriak inkorporatu dira politikara beste ikuspuntu batzuekin, ETA desegin egin da… Horren guztiaren arabera, Ikastolen Elkarteak beste norabide batzuk landu ditu. Orduan gertatu zitzaigunaren ondorioz, ikasi genuen urte askotan ez genuela planteatu beharko gure irtenbide juridikoa zein izan zitekeen ez zegoelako eztabaida horretarako girorik. Ez alderdi espainolisten aldetik, ez alderdi abertzaleen aldetik eta ezta hezkuntza sektorean ere. Gure ibilbidea ikastolak indartuz egin egin behar genuela ikusi genuen. Ez genituela herriaren aldeko beste funtzio batzuk hartu behar. Hezkuntza euskaldunaren know how hori izan zitekeela modu onena herri honetako hezkuntza sektorea euskalduntzeko eta progresista bihurtzeko. 1996an Ikastolen Batzar Nazionala egin genuen eta lehendabiziko aldiz pedagogi plan nazionala onartu genuen. Euskal curriculum propioa eraikitzea erabaki genuen. 10 urte behar izan ziren proiektu hori garatzeko eta oso arrakastatsua izan zen. Horren ondorioz, euskal curriculuma kristau eskoletan eta eskola publikoko sektore esanguratsu batean ere onartu zen. Hortik aurrera, ondare konpartitu bat dugu.Horri esker, ikastetxe ezberdinen artean beste harreman mota bat ireki zen.
Zein da egungo egoera?
Politikoki, gauzak geldirik daude. Etorkizuna beste klabe batzuetan planteatu behar da. Azken zortzi urteak Arizmendi ikastolan egin ditut, Ikastolen Elkartetik atera ondoren. 2009an Elkartean krisi bat bizi izan genuen eta batzuk gure lekua dagoeneko ez zegoela han pentsatu genuen. Arizmendi ikastolak bere proiektua gidatzea proposatu zidan eta baiezkoa eman nuen. Urte haietan oso planteamendu abangoardista egin zuen eta gidari bat behar zuen. Gainera, nuen adinagatik, nire hurrengoa prestatu behar nuen.
Zein izan da zure lana Arizmendin?
Gure lana XXI. mendean jaiotako haurrek 20 urterekin aurkituko duten gizartearen inguruan hausnartzea izan da. Zer eskatuko zaio gazte horri? Hausnarketa hori iraganaren autokritika batekin batera egin dugu. Arizmendi langile, guraso eta kolaboratzaileen kooperatiba bat da. Arrasateko mugimendu kooperatiboan txertatua dago. Kooperatibismoak gauza handiak lortu ditu, ongizatea zabaldu du, baina Arizmendiarrietak ez zuen hori helburu bezala planteatzen, baliabide bezala baizik. Arizmendiarrietak pertsona kooperatiboa landu nahi zuen. Eta argi dago pertsona kooperatibo hori oraindik egiteke dagoela. Horren inguruan hausnartu dugu eta hezkuntza klabea dela ikusi dugu. Euskalduntzean klabea izan den bezala, gizarte kooperatiboagoa eta pertsona sendoagoak lortzeko ere klabea da. Hala, konfiantzaren pedagogia sortu zen. Pedagogia horretan ikaskuntza prozesuaren erdigunea ez da irakaslea, ikaslea baizik. Eta pertsona da garatu behar duguna. Kooperazioan, elkarrekin, ikasten dugu. Pertsona baten bere buruarekiko eta besteenganako konfiantza garatzeko gai bagara, pertsona hori inoiz pentsatuko ez lituzkeen gauzak egitera helduko da. Ume bat motxila beteta etortzen da eta guk motxilan duen hori erabiltzen irakatsi behar diogu. Ebaluazioan pertsonaren garapena aztertu behar da. Pertsona etorkizuneko gizarterako prestatu behar dugu, baina inork ez daki nolakoa izango den gizartea. Ziurgabetasun egoeran jokatzen dakien pertsona bat prestatu behar dugu. Humanismo berri bat landu behar dugu, edozein egoeratan motxilan duen hori erabiltzen jakin dezan.
«Hezkuntza, gizarte kooperatiboagoa eta pertsona sendoagoak lortzeko ere klabea da»
«Pertsona baten konfiantza garatzeko gai bagara, inoiz pentsatuko ez lituzkeen gauzak egitera helduko da»
«Hezkuntza euskaldunaren fase bat bukatzen ari da eta beste bat irekitzen ari gara»
Ze toki du Euskal Herriak horretan guztian?
Gure herriaren biziraupena bermatu beharra dugu. Egungo ikasleak herri zahar honen iraupena bermatuko direnak dira. Gure lehengai baliotsuena gure pertsonen inteligentzia da. Egoera bakoitzaren aurrean erantzun ona emango duten pertsonak. Arizmendin hezkuntza eraldatzen ari gara eta prozesua hurrengo zuzendaritzaldian amaitzea espero dugu. Gure ikuspegi pedagogikoa beste batzuekin konpartitzen ari gara. Hezkuntza euskaldunaren fase bat bukatzen ari da eta beste bat irekitzen ari gara. Aurki zezenak hesiz bestaldetik ikusiko ditut.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Hezkuntzarekin harremana mantenduko dudala pentsatzen dut. Baina, posible den heinean, mendira joaten eta bidaiatzen saiatuko naiz. Eta herriko egitasmoetan parte hartzeko asmoa dut. Zerbait idazteko gogoa ere badut. Lehenbizi, eskuartean dudan lana amaitu beharra dut. Arizmendirekin dudan konpromisoa abuztuaren 31n bukatzen da, baina Arizmendik badaki nire eginbeharra luzatu beharra badut, luzatu egingo dudala. Ikastolako pertsona izan naiz ia nire bizitza osoan eta hezkuntza euskaldunak egin behar duen bidean eragiteko aukera badut, laguntzeko prest nago.
Nola ikusten duzu Euskal Herriaren etorkizuna?
Izaeraz ez naiz batere ezkorra. Gure herria askoz ere egoera okerragoan egon da eta etorkizuna eraikitzeko moduan gaude. Horretarako, beste era bateko portaerak landu behar ditugu. Euskaldunok bake garaian ez gara elkarrekin ibili zaleak izan, egurra eman digutenean bakarrik ibili gara elkarrekin. Abagune honetan, elkarrekin proiektu berri bat eraiki dezakegu. 2036an, lehenengoz datuak ditugunetik, euskaraz jakingo duen jendea gehiengoa izango da. Eta 30 urtetik beherakoen artean, euskaraz dakitenak %80 izango dira. Hori sekulako lorpena da. Herritarren lorpen bat da. Hezkuntza euskalduna ondare bat da. Botila erdi hutsik ikusten dutenek euskara ez dela erabiltzen esango dute. Egia da, baina gaztetan ezagutu nituen herri erdaldun askotan euskaraz hitz egiten da. Eta geroz eta hobeto hitz egiten da. Leku askotan hizkuntza oso jasoa dago: ETBn, irratietan, prentsa idatzian… Euskaldungoak erreferentzi kultu bat du. Duela 50 urte ez zuen. Inoiz ez bezala, doktoretza tesiak euskaraz egiten dira, ikas material bikaina dugu, literatura dugu… Zer daukagun oraindik egiteko? Alderdi politikoek estrategi komunak edukitzea gustatuko litzaidake. Elkarrekin aritzea.
Ikastolako zuzendaria
Etxezarretak bokazioz lan egin du ikastolen munduan. «Nerabea nintzela ikastolako jendearekin kontaktua izan nuen. Ordurako sen abertzale eta euskaltzalea piztuta nuen. Hori dela eta, ez nuen zalantzarik izan: ikastola bateko irakasle izan nahi nuen».
Lan oso ezberdinak egin ditu ikastolen munduan, baina 1980ko hamarkadan Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleak izan zirenek beraien zuzendaria bezala gogoratuko dute beti. 1975ean hasi zen bertan lanean. «Nik 19 urte nituen eta ikastolako zaharrenak 30 bat urte izango zituen. Oso irakasle gazteak ginen. Gu ume batzuk ginen eta gu baino hamar urte zaharragoak zirenak guretzat erreferente bat ziren. Gurasoei dagokienez ere, lehen promozioak orduan ari ziren ateratzen ikastolatik eta haien gurasoak ere gazteak ziren. Ikastola gazte euskaltzale eta abertzaleen eskola bat zen».
1980ko urtarrilean Jesus Mari Iturriotz zuzendariaren oinordeko izendatu zuten. «Zortzi hilabetez zuzendariorde izan nintzen eta irailetik aurrera zuzendari. 24 urte nituen. Ez zen ardura makala. Ordurako Urretxu eta Zumarragako ikastola oso handia zen. Orduko jaiotze tasaren ondorioz, urtero zazpi talde irekitzen genituen. Eta ez ziren 20 laguneko taldeak. 200 laguneko matrikulazioa genuen. Zuzendari nintzenean, ikastolak herriko ikastetxe guztiak euskalduntzearen alde lan egin zuen. Bere metodologia eskaini zien eta irakasleak trebatu zituen».