52 positibo 100.000 biztanleko

MIkel SarriegiMikel Sarriegi • Dantzaria

Denon egunerokoan iltzatu zaigu pandemiaren indizea kalkulatzeko formula ditxosozkoa, eta hemen gabiltza aspaldi honetan 500 positiboen langa horren beldur, 50 positiboen helburu horren irrikan… Beste indize bati erreparatzea proposatuko dizuet gaur, hori baino atseginagoa, positiboak benetako positiboak direlako.

Kostata, baina hasi gara azken urte hauetan ondare immaterialaren balioaz jabetzen. Urtarrilean jakin dugu Jaurlaritzaren Ondare Sailak Dantza Tradizionalen Katalogoan EAEn bizirik gordetzen diren ia 500 dantza jaso dituela. Izan ere, denok daukagu garbi eliza, jauregi, trikuharri eta antzinako bestelako harri guztiak katalogatu eta zaindu behar ditugula, baina ez dakit zenbat jabetzen garen monumentu horien ondoan badaukagula materia gabeak direlako lehen baino dezente gehiago higatzeko arriskuan dauden herri-ohitura, jai-ospakizun, musika eta dantza-erritu eta abarreko multzo aberats bat. Dantzen inbentario hori esku artean, ariketatxo bat egitea bururatu zait: Zein da herrialdeka 100.000 biztanleko daukagun dantzen indizea? Euskal Erkidegoak 20 dantzako indizea dauka ehun mila biztanleko; Nafarroa Garaiak bere dantzen Atlasaren arabera, 24ko indizea dauka; lurraldeka, Gipuzkoak 30 positibo ditu egun; eta Goierrin, berriz, 52ko indizean gaude!

Esan dezakegu, honetan behintzat, bagarela potentzia bat Goierrin. Eta zein aberastasun daukagun jakinik, ohar gaitezen materia gabeko ondareak, bizirik eusteko arnasa behar duela, horrek ere bere txertoak behar dituela, baita zaintza intentsiboa ere, behar bada, eta gure esku dagoela ematea.

Bihoakio gogoeta hau utzi berri gaituen Paxatxo gure lagun eta maisuari. Beste hainbati bezala, berari esker baitaukagu indizearen langa hori horren goren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>