Dferian

Asier-ZinkunegiAsier Zinkunegi • Antzezlea

Aste honetan Donostiako Dferian (antzerki ferian) ibili naiz. COVID-19ak sortutako egoera dela eta, antzerki konpainia bezala akreditatuta banengoen ere, hiru sarrera bakarrik izan ditut. Lastima! Estatuan eta munduko beste leku batzuetan, une honetan egiten ari garen antzerkiaz gozatzeko aukera baita.

Ikusi nahi nituen gauza batzuk ikusi gabe geratu naiz, eta ikusi nahiago ez nuen zerbait ere tokatu zait ikustea. Halere, sortzaile guztiei eskerrak eman beharrean suertatzen naiz. Birus madarikatuak ekarri duen egoera sozio-ekonomikoak, ia ezinezkoa egiten baitu gure jardun profesionala. Ez dakizue ongi zenbat diru jarri behar dugun ekoizleek antzerki ikuskizun bat sortzeko, eta are gehiago, zeinen zaila den inbertsio hauen amortizazioa.

Taula gainean, orain dela hamar urte ikusi gabe nengoen lagun bat ikusteko aukera ere izan dut. Baricco-ren Zeta eleberriaren egokitzapen bat aurkeztu dute. Bost antzezle taula gainean, ekoizpen zaindua bere atal guztietan… Sekulako apustua garai krudel honetan. Eta harro sentitu naiz nire lagunak duen ausardia eta talentuagatik. Harro nire ogibideko lankide guztiez, garai ilun hauetan, ikusleei argi pixka bat eskaintzeko egiten ditugun esfortzu titanikoengatik.

Esfortzu titanikoak idatzi dut bai, ongi irakurri duzue. Nahiz eta zuek ez jakin, gutako batek ikuskizun bat sortzen duen bakoitzean, bere familiaren etorkizun ekonomikoa jartzen baitu jokoan. Eta egia esango dizuet, gure ibilbidean denok egin dugu kale noizbait. Eta gure sektorean huts egiten duzunean, urteak kostatzen zaizu egoera horri buelta ematea.

Aurten Dferian ikusi ditudan emanaldietatik nire lagun Josurena gustatu zait gehien. Zorte on lagun eta ibilbide luzea Zeta ikuskizunari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>