Harago

Mikel-alvarezMikel Alvarez • Gidoigilea

Urtebete da Goiberri-ko Aliritzian txoko honetan lehendabiziko aldiz idatzi nuenetik. Pandemia madarikatu hau gure bizitzetara iritsi berria zen eta supermerkatuetan ikusi nuen apokalipsi aurreko jarrerez idatzi nuen debuteko zutabe hartan. Nork esango zidan orduan urtebete beranduago birus zikin hori bera izango zela, oraindik, gure bizitzak gidatu eta mugatuko zituena. Zientzia-fikzio filmik hobereneko gidoigilerik bikainenak ere ez…

Gerora, balkoietako poliziez ere hitz egin nizuen, eta egur ederrak jaso (horixe du egurra banatzeak, bueltan etortzen dela). Aurrerago, berriz gaiari heltzeko indarra bildu nuenean, alboko-herrien mundu zoragarriaz ere aritu nintzen zuekin. Urtebete pasa da lehen zutabe hartatik eta gauzak aldatu dira, eskerrak… Supermerkatuetan normalago jokatzen du jendeak eta beti topatu ditzakezu bertan komuneko paper, garagardo edo bizkotxoetarako legamiak. Alboko herrietatik ere irten gaitezke, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako mugak dira gure ortzi-muga berria (ea Nafarroa eta Iparraldekoak noizko…). Balkoietako poliziak ere… Ez, hauek beti bezala jarraitzen dute, edo okerrago. Lehen egun haietan Gestapoaren blusa jantzi zuen bat baino gehiago ikusi dut musukorik gabe kaletik lasai asko, eta bat baino gehiago bildu da legala baino lagun gehiagorekin orduz kanpo. Badirudi orain baietz, ahal dela, edo ahal den edo ez, beraiek erabakitzen dutela.

Kontuak kontu, garai ilun berdinean murgilduta jarraitzen dugu eta egunero dugu zertaz hitz egin eta eztabaidatu. Txertoak, zepa berriak, lagun-talde murrizketak, ostalaritzaren egoera, politikoen tronu demak… Egunerokotasunean sortu dugun zurrunbilo honetatik atera nahiko nuke, horrela jarraituz gero, zutabea azpi-gai hauetako baten inguruan idatziko bainuen beti. Zaila da, harago ikustea, eta horixe egin nahiko nuke. Harago, etorkizunera, garai hau amets gaizto moduan gogoratuko dugun garaira. Familia eta lagunekin zenbat izango garen zenbatu gabe elkartu ahalko garen egunera, edozein plan aurrera ateratzean, nori abisatu eta nori ez pentsatu beharko ez dugun egunera. Iritsiko ote da egunen batean? Nik, bederen, behar dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>