Goierriko 1960ko aldaketa garaia bete-betean ezagutu zuen Euxebio Igartzabal Alustizak (Gabiria, 1944). Ezagutu, egin, eragin eta kantatu. Bertsolaritzan, zaharren eta gazteen katea-maila izan zen, hausteko gutxi falta zen unean. Antolaketan, gazteei aukera ematea izan du harrezkero funtzio; Osinalde saria duela 50 urte sortuta, adibidez. Herri Gaztedian, euskalgintzan, ikastoletan… ahotsa eta puntua jarri ditu.
1971ko martxoaren 6an jokatu zen lehenengo Osinalde sariketa. Zer gogoratzen duzu egun hartatik?
Elurra egiten zuela, eta eguraldia hotza. Erbie soziedadean egin zen aurreneko sariketa. Patxi Iraolak irabazi zuen, eta bigarren Florentino Goiburu, oso gertu. Zerbait berria egin nahia bagenuen, eta bertso munduan hasi ginen. Ordurako Gabirian bagenbiltzan arlo horretan pixka bat mugitzen ginenak: Migel Agirre, Joxe Mari Landa eta ni. Landa, Alegiakoa, apaizen seminarioan zegoen, eta Juan Mari Lekuonarekin bertso mundua dezente zeukan. Donostiara joan eta Lekuonarekin hizketa egin genuen; berotu egin gintuen hark.
Non aurkitu zenuten ispilua?
Zumarragan, Galeperra elkartean halako saio bat bazen, baina zazpi urtean egin eta gero, junta aldatu zen batean, kendu egin zuten. Luzio Gabiria ibili zen gehiena antolatzen, Galeperran. Han nola galarazi zioten, hemen antolatzea erabaki genuenean harengana joan ginen. Poz handia eman zion.
Gazteak ateratzea izan da Osinalderen helburua lehenengotik. Haustura arriskua ikusten al zenuten?
Bai, bai. Gu baino gazteagorik ia inor ez zegoen eta. Batzuek esaten zuten Jose Luis Gorrotxategi –ni baino urtebete gazteagoa da– azkeneko bertsolaria izango zela. Nola? Gehiago ere, ibiliz gero, aterako dira bada… Zeren kontua nahiko erraza da: zenbat eta gehiago ibiltzen den eta egiten duen, errazago da bertsotan egitea. Osinalden lehenengoan izan ziren Iraola, Goiburu, Joxe Mari Etxaluze Zeraingoa, Felipe Barandiaran Lazkaomendikoa, Xabier Zeberio, eta Legorretako Juan Mari Mujika. Gai jartzen Migel Agirre, eta epaile Imanol Lazkano eta Luzio Gabiria.
Iraolak eta Goiburuk urte batzuk izango zituzten, bada, ordurako…
Artean 40 urterik ez zeukaten. Nik 26 urte neuzkan, haiek gehiago. Baina aditzeko moduko saioa ere nahi genuen. Bi horiek kristoren poza eman zidaten niri, baiezkoa eman zidatenean. Bertso mugimendu bat sortu zen orduan, Ordizian. Bertsolari gazteen txapelketa egiten hasi ziren, Jakintza Aste inguruan. Han ere ibili nintzen. Joan Patxirengana [Iraola], eta ikaragarri ondo hartu zuen mugimendu hori sortzea. Gero, Florentinok [Goiburu] ere bai. Haiek laguntzeko izan genituen.
Herrian zer harrera izan zuen ideiak?
Lekua txikia genuen, eta horregatik egin zen Erbien. Gure aldetik, Osinalde soziedadea haztea horregatik ere izan zen. Baina jendea segituan hasi zen laguntzen, eta gure artean, behintzat, giro ona eduki genuen. Horrek lagundu egiten zuen.
Gainera, Osinalde saria egin, eta herriko festetan bertsolari jaialdia antolatzen ere hasi ginen, urte hartan bertan [1971]. San Roke egunean izan zen lehenengoa, geroztikoak Andre Mari bezperan. Apaizarekin komeriak erabili genituen, saloia lortu nahian. Euria aritu zuen egun guztian. Arratsaldean, zortzietan ziren bertsoak. Zazpietan-edo atertu zuen, eta kristoren eguraldia. Lopategi, Azpillaga, Lasarte eta Lazkao Txiki ziren bertsotan. Zaldibiako batek grabatuta jaso zituen bertsoak; orain, auskalo non diren! Lehenengo urteko saioa oso ona irten zuela, eta bigarrenean ere bertsolariak beraiek ekarri genituen. Baina ez zigun guk nahi bezainbestekoa irten. Geroztik, ez dut uste sekula etorri direnik Gabiriako jaietara aurreko urtean izandakoak, beti kanbiatuz. Bigarren urtean, gauza asko ikasi genituen. Futbol zelaian izan zen saioa, kanpoan. Sarrera 718-720 laguni kobratu genien. Gaur ea non juntatzen diren zazpirehun.
Uste zenuten orduan halako dimentsioa hartuko zuenik Osinaldek?
Ez. Gainera, dimentsio hori hartzeko pretentsio handirik ere ez genuen. Beste toki batzuetan ere mugitu zitezela nahi genuen, beste soziedaderen batzuk ea hasten ziren gauza berdina edo antzekoa egiten. Tartean-tartean, atera ziren: Andoainen, Idiazabalen ere urte batean edo bitan egin zen, lehenago, Ampoko jangeletan Axari Saria…
Zer moduz ikusten duzu gaur egun Osinalde?
Oso diferentea da. Geroago hasi zen aurrez hiru kanporaketa eta Osinalde final bezala egitearena. Aldaketa horiek horrela hartu beharrekoak direla uste dut: moda datorrenean edo gazteak datozenean, haiek zer egin nahi duten. Zeren goitik jarri eta ‘hau horrela da eta guk horrela egiten dugu’ esanda jai dago. Guk horrela eginagatik, gaur ez bada horrela ikusten…
Zer aldatu da gehien?
Garai batean, artzain bat ekartzen bagenuen, adibidez Begiristain edo beste bat, puntuak bere girokoak ematen genizkion, ez zozketaz. ‘Ardi antzuak zenbat esne ematen du?’; hori ezin zitzaion kaletar bati jarri, eta alderantziz. Bakoitzari bere giroko puntuak edo gaiak jartzea zaintzen genuen. Baten batek esaten zuen hori ez zegoela ondo, baina horrela egiten genuen. Guk, ahal zela, saio ona ateratzea nahi genuen. Gero jendeak ‘zer saio polita’ esaten zuen; bai, baina gaiak ere hala. Gaur ez da bereizten, baserriko bertsolariak ere kalean edo eskolan dabiltzalako.
Zuretzat zer da Osinalde sariketa?
Batez ere, bertsolari gazteei laguntzeko. Horrela ulertu dela uste dut. Bertsoen inguruan, hasi beharra dago nolabait. Orain bertso eskolak badaude, baina hau sortu zenean ez, eta giro hori sortzen laguntzeko zen Osinalde. Orain, berriz, giro hori badago, eta aurrera segitzeko balio die. Laguntzeko izan behar du sariketa honek. Irratiek-eta lehen ere jarraitzen zuten, eta jendeak ere bai; txapelketa batean saio bat itxuran egiten duena jende batek gogoan hartzen du, eta hurrengo bere herrian edo inguruan tokatzen denean deituko dio. Gu ere horrela ibiltzen ginen aurrenetik: ‘Han ba omen zagok bat bastante poliki moldatzen dena’, eta haren bila joan. Ez zegoen bertsolari aukerarik, eta urtero sei elkartzea kosta egiten zen. Beste ohitura bat ere bai baitaukagu: irabazlea ezin da berriz irten.
«Zerbait egin nahia bagenuen, eta bertso munduan sartu ginen. Gu baino gazteagorik ez zebilen orduan»
«Bertsolari gazteei laguntzeko izan behar du Osinalde sariketak. Lehen, giroa sortzen; orain, aurrera egiten»
«Bertsolari zaharrekin kantatzea izugarria zen guretzat. Sari bat niri eman zidatenean, lotsatu ere egin nintzen»
«Bost saio egindako astebukaerak dezente ditut. Baina hori gehiegi da. Ikastolen alde, urtean 30 igual egiten ziren»
Nola zaletu zinen zu bertsoetara?
Amak ekarri zidan 6-8 bat urte neuzkala Pernando Amezketarraren liburua Ordiziatik –orduan Billapranka esaten zen-, feriatik. Hura gehiena buruan hartu nuen; «Pitxita, putzik botatzen al du ipurdia itxita?», bertsoak eta. Bestetik, hemen asko zegoen ditxolari esaten zaion ohitura: neurtu gabe, baina errimarekin erantzutearena. Hori bastante zen, eta gustatu egin zitzaidan. Plazan, San Luis egun batean [ekainak 21], Luistarren festan basoerdiren batzuk edango genituen, eta balkoira lau lagun igota egin genuen saio bat, zelebrezkoa: Pako Ormazabal Landarregi, Migel Angel Galdos, Pedro Mari Ormazabal Kurrillo Txikie, eta ni. Juan Domingo Lasa gaia jartzen. Izugarrizko saioa egin genuen, bertan okurrituta. Kuadrillan ere, igandeetan edonora joaten baginen, beti bertsotan. Tabernetan ez zen musikarekin hainbeste hots egoten, eta hala zen gaztetako ibilera.
Ofizialki, berriz, Gipuzkoako Txapelketako kanporaketan, Beasainen, kantatu zenuen aurrenekoz, 1964an.
Bai. Etxean gezurra esanda joan nintzen, Nafarroara galeperrik zegoen ikustera joan behar nuela esanda. Mezetara herrira etorri –orduan mezarik gabe ez zegoen inora joaterik–, soziedade zaharrean izeba zegoen eta han gosaldu, eta Beasainera. 11 ginen kantatzeko, eta zozketan lehenengo tokatu zitzaidan. Hasi naiz agurra kantatzen, eta Gabiriako jendea entzuten: Segapotoa, Landetako Gorria gure osaba eta. «Hara, zer egiten dik honek?». Arratsaldeko saiora pasa egin nintzen.
Gero plazarik plaza asko ibili zinen.
Bai, bolada bat izan genuen. Jendeak zer aditu nahi zuen, hura esan edo holako zerbait egiten genuen sobrare, nola edo hala eta… Negu aldera izaten ziren saio gehienak, gainera. Ostiralean lantokitik seietan irten, eta astelehenean lanera joaterako, bost plaza egindakoak bastante izango ditut: ostiral gauean, zapatuan eguerdian eta gauean, eta jaian beste bi. Hori gehiegi da, hala ere.
Lehengo bertsolari zaharrekin-eta ibiliko zinen.
Bai. Basarrirekin behin bakarrik kantatu dut; hementxe, Gabirian Amaiur batailoikoei omenaldia egin zitzaienean, Leizaola lehendakaria etorri zenean. Gai librean aritu ginen, baina Amaiurren gora-beheran. Uztapiderekin lehenago, hasi samarrean, Ormaiztegin, eta beste nonbait ere bai, baina ez asko. Lasarterekin, bastante. Behin, Belauntzara gazte festa batera eraman gintuzten Lasarte eta ni, ez dakit nola kristo aukeratuta. Hiru azpeitiarrak [Joxe Lizaso, Agirre eta Lazkano], Gorrotxategi, Txikiarekin [Lazkao Txiki] ere bai; hura eramanez gero, txisteak kontatzen hasten zen, eta asko salbatzen zuen gauza.
Mitxelena zen, niretzat, bertsotan egiteko errazena. Gaizto bezala jartzen zen, esan egin nahi izaten baitzuen, zu azpian hartzeko bezala. Baina hori egiten ari denari, bertsotan behintzat, oso erraza da buelta ematea. Azpitik dagoenak jendea bereganatzen du, gainera.
Zaharrek nola hartu zintuzteten?
Ondo. Guretzat haiekin kantatzea izugarria zen. Apurua ere ematen zidan. Behin, Añorgan, bertso saio bat egin genuen Xalbador, Mattin, Lasarte eta hauekin. Jendeak botazioz aukeratu zuen saria, gehiena gustatutakoari. ‘Vietnamgo bakea’ zen gaia. Niri ez zidaten ba eman! Nik pasatu nuen lotsa. Xalbador, Lasarte han, eta niri eman! Jendeak ere zer nahi zuen, hura ematen asmatzen genuen nonbait.
Bertsolaritzan aire berria sartu zenutela esaten eta aitortzen dizute askok: gai sozialak, langile mundukoak…
Bai, alde horretatik saiatu ginen puska bat jendearen anbientean ibiltzen, ez baserri giroan bakarrik. Zeren lehenago gehiena baserri giroan mantendu zen bertsoa, eta horkoaz kantatzen zen: tratantea, baserritarra behia erosten… Hortik aparte, langile mundua eta abertzaletasuna sartzen saiatu ginen. Hori galarazita zegoen, eta beldurra ere bai. Baina, disimuluan, askotan jendeak ulertzeko lain esatea nahikoa izaten zen; eta hobe, badaezpada. Entenditzeko moduan esanda, hor geratzen zara.
Bertsolaritzatik aparte, Goierriko herri mugimenduan ibili zinen. Zer zen?
Bai, Herri Gaztedin. Hura gehiena elizaren inguruan sortu zen, gero gehienek handik alde egin zuten baina. Gazteen mugimendu bat izan zen. Gabiriako Pasiotarren komentuko Aita Prontxiok eramaten zuen hemen, aurrena Baserri Gaztedia, eta gero Herri Gaztedia bihurtu zen. Elizaren ingurukoa hasi, baina gero langile mugimendua gehiago zen.
Aldaketa askoren eta sakonen garaia izan zen hura, ezta?
Bai, haustura izan zen. Batzuek katolizismo barrutik beste giro bat mugitu zutenean, haien kontra ere jarri ziren, eta bastante nahastu zen dena. Barruan geratzen zirenek besteena ere ez zuten onartzen, eta irten edo handik mugitu nahian zebiltzanek, geratzen zirenekin ere ez. Euskal gaztedia, langileria eta abertzaletasuna, denaren nahasketa zen. Eta zerbait egin nahia; zer irtengo zen askotan asko garbitu gabe, gainera. Geroago, alderdi politikoak-eta hasi zirenean, bakoitza bere aldera tiraka hasi zen, eta han orduan jada bukatu zen. Kultura arloan mugitzen ginen.
Euskalgintza eta ikastolen sorrera mugimenduak ziren, beste batzuk.
Lazkaoko Euskal Eskola ere Herri Gaztediren garaian sortuko zen. Han Dionisio Amundaraian, Iñaki Larrañaga, Pedro Irastortza, Andoni Sarriegi eta horiek ziren. Astero juntatzen ginen, Lazkaoko Pax etxean. Ormaiztegiko Ikastola sortu zenean ere hari laguntzen aritu ginen. Herrian ere saiatu ginen. Ikastolak eta bertsoak oso lotuta zeuden orduan, gainera: urtean 30 jaialdi igual izaten ziren ikastolen alde. Musutruk, gehienak. Ondo antolatutako jaialdietan –denetarikoak baitziren–, afaria ere poltsikotik ordainduta ere, gustura itzultzen ginen etxera. Ondo gertatzen edo iruditzen zen gauzei laguntzen ibili ginen.
Nola ikusten dituzu bizimodua, mundua eta zure burua, 77 urtera bidean?
Guk zer esango dugu? Pandemia kontu hau noiz pasatuko zaigun gaude, hara edo nora joan eta gozatzeko. Zahar-sari hau kobratzen segiko ahal dugu eta! Aditzen diren kontuekin… Lehengoan bi politikariri entzun nien telebistan: aurkezleak esan zien jendea beldurtuta dagoela, eta beldurra libre omen dela erantzun zuten, biek! Beldurra libre? Beldurra kentzeko lan egin behar dutenak, hori esaten. Isilik ez egoteagatik, hitz egitea baino isiltzea askoz hobea da, naturalagoa eta mesede gehiago egiten duena gainera.
Galeperretara zihoana, txitak ateratzen
Galeperretara zihoala etxean esanda atera zen bertso-plazara Euxebio Igartzabal, 20 urterekin. Gauzak nola diren: hegazti horren izeneko Zumarragako elkartean aurkitu zuen 1971n Osinalde sariketa sortzeko inspirazioa. Bertsolaritzako txitak hazteko toki paregabea izan da geroztiko 50 urteetan. Ehiztarien altxor preziatuena, oilagorrak, askotan lortzeraino.
Ditxolarien arteak liluratuta barneratu zen bertsolaritzaren ditxan. Eta Pernando Amezketarrarekin amesketan. Hark adina kontu, pasadizo, gertakari umoretsu, bertso eta txiste gorde ditu oroimenean. Etenik gabeko iturria da, herriko nahiz bertsolari-ibilaroan ezagututako hamaikatxoren ateraldiak, esamoldeak, arrazoiak emateko, fresko. Auspoa-rik ez orain, tamalez, merezi eta behar duen paperezko plaza emateko. Ea, ea…
Bertsolaritza zein bertsogintza zaharraren, eta 60ko hamarkadan erne zen berriaren lokailua da Igartzabal. Gizarte-kezkak plazara, eta plazaren entzun-nahiak ahora eraman zituena. Langile mugimenduaren eta abertzaletasun berriaren ahotsa. Ondo zer iruditu, hartan lagundu. Hori, biziraupen garaietan.
‘Buzodun bertsolari’ sailekoa, tornulari-mekaniko lanbidez eta iturgin bigarren ofizioz. Urbia izan du eta du toki kutuna. Guardia zibilek urriaren lehenengo igandeko bilkura suharrak zapuzten zituztenetik, gutxienez. Bi urte badira joan gabe, San Inazio egunean. Bi festa elkarren itzal-emaile egin beharrean, bat bakarra eta bateratua zergatik ez den ulertu gabe dago.
Bertsoarekin gozatzen jarraitzen du. Jaiotetxe inguruko Izurri deritzon iturriko ura edanez prestatu zituzten Osinaldeko lehenengo gaiak, baserrian. Izurrite txatxuak eragotzi die, azken urtebete luzean, Goierriko bertsolari katedradunek asteroko afari-bilera egitea. Baina iturria agortzerik ez du lortu.